Miren Narbaiza.
BI AHOTSETARA

Courtney

2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Sidney-ko musikaria da Courtney Barnett. Gitarra ezker eskuaz helduz hitz luzeko piezak kantatzen ditu australiarrek ohikoa duten ganoragabeko kantaerarekin. Rock alternatiboaren barruan kokatu dute kritikariek Sometimes I Sit and Think, and Sometimes I Just Sit (Batzuetan eseri eta pentsatu egiten dut, eta batzuetan eseri egiten naiz) bere debuteko lan luzea, eta dibertigarria oso eta hainbatetan zikina da, erraz harrapatzen zaituena. Kamiseta nasaiak aldean eta lesbianismoa ezkutatu gabe, jarrera handiko emakumea iruditzen zait, eszena testosteronaduna oxigenatzen duen horietakoa.

Barnett iazko udan munduan barrena ibili zen zuzenekoak eskainiz, eta izan genuen gure parajera hurbilduko zen esperantza, baina zorterik ez! Aurten, ordea, Euskal Herrira etortzekoa da. Nora eta Bilboko mendietan antolatzen den super jaialdira. Musikarena baino gehiago korporazioena dena, taldeak merkantzia bihurtuta, joan, ordaindu, erosi eta jasoko duzu produktua, guretzat goxoki ondutako beste hamaika gauzarekin batera osatutako denda erraldoian. Halakotan ezin izaten dut gogoa baretu jakinik zerbaiten parte garela sentiarazteko gertatu dutela lekua, ekitaldian pozik, gustura egon gaitezen. Horri gehiturik jendetzaren artean espazio eroso eta seguruak lortzea askotan nekeza izaten dela, jakin badakit horrelako jaialdiak ez direla nire lekua.

Aurkako aldean bizi da hogeita bat urtez EHZ festibala filosofia arras ezberdinez. Alderdi politiko, sindikatu, elkarte pribatu edo instituzioekin inongo loturarik gabe, elkarlanetik antolatzen den jaialdia da, konpromiso argia erakusten duena ingurumenarekin, tokiko laborariekin zein euskal balioen defentsan, besteak beste, eta urtez urte programazio duina osatzen duena. Festibalak edozein bazterkeriaren aurka lan egiten du identitate guztiak eroso egon gaitezen jaialdiko hiru egunetan zehar, eta nirekin behintzat lortzen dute. Esango diogu Courtneyri Lekornera mugitzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.