begona del teso
Eppur si muove

Deituak dira asko, hautatuak ere bai

2026ko maiatzaren 8a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Michael Jacksonen biografia zeluloidezkoak jendea, jende saldoa, jendetza, legioak erakarri ditu aretoetara. Estadioetan ere proiektatu izan da. 700 milioi dolar eskuratu ditu horren maite-maitea dugun Universal ekoiztetxeak (eta Thriller-eko zonbi epileptikoaren ondorengoek ere bai) estreinaldiko aste bukaeran. 

Asteazken batean estreinaturik, igandea iritsi zenean 1,2 milioi sarrera salduak ziren Frantzian. Zaleak, menpekoak, miresleak, adoratzaileak, esklaboak ez doaz pelikula batera, mezatara baizik. Ez doaz areto batera, tenplura baizik. Ez doaz zinemara, kontzertu batera baizik. Horrexegatik, une harrigarriak, sekula ez gertatuak, suertatu dira zine saloietan: Michaelez mozorroturik hurbildu da zale franko, eta Jacksonena egiten duen bere iloba moonwalk famatua egiten hasten denean, milaka ikusle horiek mugikorrak piztu izan dituzte; pizten dituzte emanaldiro, zuzeneko emanaldi batean balira legez. Bai, zin degizuet, mugikorrek dir-dir egiten dute saloi zinematografikoen iluntasunean.

Izugarria izan da ekoizleek aurrera eraman duten aldez aurretiko publizitate kanpaina. Planeta, galaxia, unibertsoko influencer guztiak losintxatu dituzte. Filma ikusi ahal izateko lehentasuna eskaini diete. Filmaren memorabilia-ren gadget (trepeta hitza ez al da polita hori adierazteko???) pila oparitu dizkiete. Suabe-suabe, gozo-gozo, egin diete beraiek gustu handiz onarturiko xantaia. Beraz, filma pantailaratu baino askoz lehenago, birala bilakatu zen. Jacksonek utzitako milioiak, utzitako musika eskubideak, utzitako merkataritza herentzia mitiko eta hondogabea kudeatzen duen bere familiak (ahizpa Janetek eta Paris alabak izan ezik) kontrol latzak ezarri zizkien bai ekoizleei, bai gidoigileari, bai Antoine Fuqua zuzendariari ere. Bete beharreko ezinbesteko baldintzak. Michaelen abusuen biktimei ere ederki pagatu zieten, istilurik sor ez zezaten. Horietako batek azaldutako kexa (juridikoa) zela eta, filmaren planteamendua errotik aldatu behar izan zuten.

Ez pentsa, ordea, 'Michael' film traketsak sortu duen eromenaren kontrakoa naizenik. 'Torrente Presidente'-ren kasuan nola, zinemak sasoian dirauela erakusten du; frogatzen du. Zinemak, ametsak (faltsuak, badakit) fabrikatzen jarraitzen du

Pelikulak ez du piper zeluloidezkorik balio. Hagiografia moduan, berriz, izugarri ondo funtzionatzen du. Adoratzaileek jainkoak miresten dituzte, bai; bost jainko horien alde ilunak. Kontu bera gertatu da, eskala oso txikiagoan, duela hamar urte zendu zen Princeren aldeko zeremonietan.

Ez pentsa, ordea, Michael film traketsak sortu duen eromenaren kontrakoa naizenik. Torrente Presidente-ren kasuan nola, zinemak sasoian dirauela erakusten du; frogatzen du. Zinemak, ametsak (faltsuak, badakit) fabrikatzen jarraitzen du. Aretoak tenpluak dira, eta gu, morroi, akolito; tenplua zutik mantentzen dutenak.

Kontu bera The Devil Wears Prada-ren bigarren atalari dagokionez. Oraingoan, jendea guapo-guapo jantzita agertu da aretoetan. Moda marken lehia bizi eta basa sumatu dugu saloien atarietan. Ulergarria oso, ezin zara hala moduz jantzita joan arropa aldareetan jartzen duen pelikula batera. Kasu honetan ere, hausnarketa bera: zinema diletanteok ez gara nahikoak zinema sasoian mantentzeko. Noizean behin pelikula bat ikusten duen jendearen beharra du zinemak. Eta jende hori konkistatzeko, kontentatzeko ere, noraezekoak dira Michael bezalako faltsukeria galantak, eta superluxuzko istorioak. Horiek gabe ez litzateke existituko gutako hainbat elikatzen gaituzten beste aho/buru/begi/arima gozagarririk.

Izan ere, guk ere gure zeremonia propioak ditugu. Bi Ganen Resurrection-en estreinaldian bildu ginenok trantzean geunden, Jacksonen zaleak nola. Pelikula hasi aurretik. Pelikulak duen plano sekuentzia deskribaezin eta ezin deszifratuzkoan murgildu aurretik. Bukaeran agertzen den gabarra gorrian salto egin aurretik, geure burua pantailan lausotu, ezabatu aurretik.

Denok gara igualak. Eta asko zinemaren atarietara deituak. Sinetsi ala ez, denok gara, era batean edo bestean, hautatuak barrura pasatzeko.

(ID_17766901018105) (/EZEZAGUNA) \'Michael\' filmaren fotograma bat
Michael filmaren fotograma bat. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA