Aurreko zutabean terminologiaren erabilera kaxkarraz aritu nintzen: kontatu nuen nola, maizegi, zerbait esateko erabili beharrean, esateko ezer gutxi duzula ezkutatzeko erabiltzen den. Komunikazioa erraztu ordez, irakurleari ezjakina dela adierazten dio, hiztegi hori maneiatzen ez duelako. Eliza baten aurrean kokatutako informazio panel bat erabili nuen adibide gisa, fatxada hitz tekniko ulergaitzen bitartez deskribatu besterik egiten ez zuelako, eta neuk eraikinaren erabilerari, historiari eta zentzuari buruzko informazioa nahi nuen. Paneleko hitz teknikoen neurrigabeko erabilerak haserretu ninduen, baina baita deskribapenak ere. Hain zuzen, askotan gertatzen zait artelan bati buruzko testuari hurbiltzen natzaiola zerbait ikasteko asmoz, baina deskribapen hutsa (dotorea eta teknikoa, hori bai) topatzen dudala. Zergatik kontatzen didate ikus dezakedan hori? Zein interes du horrek?
Ados nago publiko gehiena ez dagoela ohituta artelanei arretaz begiratzera, eta are gutxiago kontsumo azkarreko egun hauetan, non gure atentzio ahalmena bost segundora murrizten den. Uler dezaket, beraz, testuak artelanaren zenbait xehetasun azpimarratzea, bereziki lehen begiradan oso ikusgarriak ez badira, edota zentzua ulertzeko garrantzi berezia badute. Baina, behin hori eginda, testu baten helburua beharko luke ikusten dena ikusten ez denarekin osatzea. Hots, artelana testuinguruan kokatu behar du, nola eta zergatik egin zen azaldu behar digu, eta bere erabilera zein zen esan, ezaugarri estetikoek funtzio horrekin izan dezaketen lotura azalduta. Garaiko pentsamendua eta artearen ulermena adieraztea da testuaren funtzioa, artelanak unibertso historiko eta sinboliko horren baitan bete zezakeen rola ondo uler dezagun.
Aldiz, halako testuetan ohikoa da ikusten dugun artelanaren atalak, koloreak eta teknikak zehatz-mehatz deskribatzea, zertarako, nola eta zergatik hautatu ziren aipatu gabe. Ados, zutabe bihurri horiek «salomondarrak» deitzen dira, baina zergatik erabiltzen ziren barrokoan? Zer transmititu nahi zuten horien bidez? Zergatik utzi zioten zutabe zurrun eta zuzenak egiteari horiekin ordezkatzeko? Horiek dira interesatzen zaizkidan galderak, izena baino askoz gehiago.
Deskribapen teknikoek zailak dirudite, baina ez dira. Sistematikoak dira: hitz jakin batzuk ikasi, eta begiak dituen edonork egin ditzake. Aldiz, artelan baten zentzua ulertzea eta hura garai historikoan kokatuz eta orduko pentsamendu estetiko eta sinbolikoa adieraziz lau edo bost paragrafoko testu batean azaltzea bai, hori zaila da. Are gehiago hizkuntza ulergarrian badago eta ideia konplexuak errazak egiten baditu. Hori da benetako artearen historia; bestea eskolako erredakzio ariketa bat da.