Hona hemen oroitzapen bat. Gabonetako jaialdi bat. Noizkoa? Institutu garaikoa. Non? Institutuko areto nagusian. Belusezko gortina eta besaulkiak, nerabeen izerdi usaina. Nola? Frantses gelako ikasleak, Pink Martiniren abesti mitikoa hala moduz abesten: je ne veux pas travailler, hau da, nik ez dut lanik egin nahi. Uste dut oroitzapen hori (auzo)lotsaren kutxa itxian gordeko nuela betirako baldin eta ez banu joan den astean irratian entzun berriz, non eta institutura bidean. Eta esaldi horrek adiera desberdina hartu zuen, ez bakarrik orain, abesti hori ikasi eta kasik hogei urtera, non orduan ez baina orain bai, lan egiten dudan, ez. Batez ere gerora jarraitu ziona aditu ostean. Blaise Pascal filosofoaren esanak testuinguratzeko baliatu zuten abestia. Hark zioen gizaki ororen atsekabeak gauza bat eta bakarra omen zuela kausa: gela batean, bakarrik, deus egin gabe, atseden hartzen ez jakitea.
Eta pentsatuko duzu (orduan nik pentsatu nuen gisan): bai zera! Lanera bidean doan zenbat jendek ez ote duen bere kolkorako abestuko je ne veux pas travailler, nik ez dut lanik egin nahi! Nik erraz igaro nituen konfinamendu orduak etxean, lanera joan gabe, liburu on bat eskuan! Edo beste hau ere pentsa dezakezu: horixe bera da-eta oraintxe bertan nahi dudana! Eguneroko zurrunbilotik eskapu egin, Houdinik trukorik onenetan nola. Nola izango da, ba, ezinezkoa? Lan egiteari utzi, umeen eskakizunei muzin egin, gurasoei bisitarik ez egin eta ezer egin gabe egon denbora batez, lurrak irentsi izan bazintu bezala: hori da-eta nire desirarik antsiatuena! Baina Pascal ez da horretaz ari: zeren eta irakurtzea zerbait egitea da, edo lurrak zu irenstea ere (telebistak edo mugikorrak irensten gaituen gisa berean). Deus egin gabe, geure burua eta eskuak zerbaitetara dedikatu gabe edukitzeko ezintasunak sortzen omen du, Pascalen ustez, gizaki ororen atsekabea.
Baina gero ohartu nintzen arrazoia zuela; gela itxi batean orduak igarotzea zaila izan daitekeela ez badugu denbora zertan endredatu. Haren ustez, gela huts batean ezer egin gabe egoten ez jakiteagatik bidaltzen ditugu aberriaren semeak gudara, horregatik borrokatzen hurkoarekin, lurralde ezezagunak konkistatzen. Horregatik, gela hutsak pizten dituen mamuei muzin egiteko asmatu zuen gizakiak dibertimendua.Â

Divertere hitzak, zeina latinetik datorren, horixe bera ematen du aditzera: kontrako norabidea hartu, bidetik irten, urrundu, bira eman, itzuri, alboratu, haizatu… Nahi adina sinonimo ekintza bakar horren erpin oro deskribatzeko: nork bere atsekabeari kontra egiteko bidea da, nork bere kezka sakonenetatik aldentzeko modua, nork bere baitako amildegiak urrunetik bistaratzeko manera. Eta gehiago ere aitortzen digu Pascalek: ilusioa hain da handia ezen dibertsioa gauza serioa dela sinetsarazten baitigu.
Â
Dibertsioak, baina, ez dira horditze zatarrean geratzen. Sofistikazio maila apalenetik hasita goreneraino doaz, Shakespeareren Macbeth irakurtzeraino: ikerketa zientifikotik azkazalak pintatzeraino: dena da dibertsio. Adibidez, ikusi ditut udaran gazte batzuk «dibertitzen» igerileku publikoetan kaka eginez, edota ikusi ditut ez hain gazteak Estafetan barna, kanpotik etorrita, Txinoan erositako apaingarri kutreak soinean oihuka eta barrezka: ¡que en primavera se casa!, baita Champions Burgers-ak jaten ere. Baina esan dugu, sofistikazio maila altuagoko dibertsioak ere baditugu. Eta eskerrak.Â
Hau horrela, badirudi Pascal ari zaigula esaten dibertimenduak benetan ez garen horretan itxuraldatzen gaituela. Alabaina, bizi gaitezke gela huts batean geure buruarekin dantzan? Eta beste galdera hau ere badatorkit burura: ez ote dizkigu gela huts batek sortzen, hutsik egotearen ondorioz, mamu horiek guztiak? Ez gara geure baitakoak. Ala agian bai? Badago akaso beste modurik? Pascalen ondorioa argia da: ezin gara bizi dibertimendurik gabe. Dibertimendua asmatu dugu, baina ezin gara dibertimendu gabe bizi. Hori da gure izatearen ezaugarri behinena. Eta eskerrak. Eskerrak dibertimendu asko dagoen gure kaleetan, ez bakarrik huraxe kakazteko edota gure hiri eta herriak PortAventurako atrezzo moduko bat bihurtzeko. Eskerrak badiren gazteak eta ez hain gazteak Gazteluko plazan euskarazko dibertimendua zabaltzen; eskerrak Kale Nagusian eraikinak erosten dituzten pentsamenduari lekua egiteko, eta irratiari, eta liburuei; eskerrak badiren kontalariak Nafarroa geroz eta ipuingarriago egiten; eskerrak herri txiki eta ez hain txikietan irakurle klub gehiago sortzen ari direla. Finean, eskerrak baden jendea seriotasunez hartzen duena dibertitzearen kontu hau.Â