Haizea Barcenilla
Begiz

Dotore aritzea edo zerbait esatea

2025eko urriaren 7a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eliza baten aurretik igarotzen ari nintzela, haren historia eta ezaugarriak azaltzen zituen panel bat aurrean zuela ikusita, irakurtzera hurbildu nintzen. Lehen paragrafoan data pare bat eman eta elizaren estiloa aipatzen zen; hurrengo testu osoak eraikinaren deskribapen bat egiten zuen, arkitekturako terminologia oso espezializatua erabiliz. Artearen historiako irakaslea naizen arren ez dut hiztegi hori maneiatzen, Errenazimentuko arkitekturari dagokiolako, alegia, lantzen ez dudan esparru bati. Hortaz, dibulgaziorako testu motz hark bi gauza txar lortu zituen: ni aspertzea eta uste nuen baino gutxiago dakidala sentiaraztea. Ez dut pentsatu nahi zer sentituko zuen arteari buruz ezer gutxi dakien irakurle batek.

Tamalez, ez zen gertatzen zitzaidan lehen aldia: arteaz eta ondareaz jarduten duten dibulgazioko testu askok publiko orokor batek ulertzen ez duen hiztegia erabiltzen dute (eta deskribapen soilak egiteko, gainera; hurrengo zutabe baterako utziko dut puntu hau). Arte garaikideko erakusketen testuetan ere azalpenik gabeko kontzeptu teoriko oso espezializatuak ikusi izan ditut askotan, jende dezentek ezagutzen ez dituenak.

Dena den, joera hori ez da soilik adituen eta publiko orokorraren arteko komunikazioan gertatzen: kongresu eta hitzaldietan, batzuetan sentitu izan dut termino gehiegi erabiltzen dituztela nire kideek, ez ideia zehatz batzuk hobeto helarazten dituztelako, inteligente itxura ematen diela uste dutelako baizik. Zenbat irakurri duten erakusten duelako, edo besteek baino hizkuntza esklusiboagoa ibiltzen dutela sentiarazten dielako. Eta batzuk kongresu batean jendeak ulertu ez digula ikusita asko larrituko ginatekeen bitartean, beste horiek poztu ere egiten dira.

Terminologiak komunikazioa erraztu eta azkartzeko balio du konpartitua bada. Adibidez, Gazan gertatzen ari denari «genozidio» deitzen badiogu, denok ulertzen dugu, termino zabaldua delako. 217 A (III) Ebazpenaren 5. artikulua urratzen dela esaten badugu, aldiz, oso gutxik jakingo dute zertaz ari garen. Nazioarteko legegintzari buruzko kongresu batean aproposa izan daiteke aipamen hori, baina ez da onena jakintza jendartean zabaldu eta partekatu nahi badugu.

Beti iruditu zaizkit bereziki azkarrak ideia konplexuak hizkuntza ulergarrian igortzeko gai diren pertsonak. Aldiz, gehiegizko terminologiaren atzean ezkutatzen direnengan besteen gainetik jartzeko beharra ikusten da maiz, besteak ezjakintzat utzita azkar gisa agertzeko grina. Komunikatzaile ona foro bakoitzari dagokion erregistroa identifikatzen dakiena da, esparru horretako kideek konpartitzen duten hiztegi amankomuna zein den ulertzen duena. Hitz dotoreak ibiltzea eta sakontasuna duen zerbait esatea ez baitatoz beti bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.