Lizun hitzak duen indarrak, metaforarako darion sen eta instintuak, amets busti eta amesgaizto bero eragiteko duen potentziak pareko/lehiakide gutxi dute beste euskal berben artean. Ibon Sarasolaren hiztegian aurkituko dituzuen sarreren etsenpluek mundu likits baterako ateak irekitzen dizkizute, zabal-zabal ireki ere:
«Fraide lizun eta libidinoso bat dirudizu// Andre lizun haiek hiru, lau edo bost aldiz egunean eskatzen zioten mesedea, bigarren lan hura// Larrutik ordainduko dituzu zure egitekoak, etxekalte lizun hori!// Haien atzetik pantera ilun eta lizun baten maneran herrestatzeko// Zure hats lizuna arnastu nahi dut, atseginaren suak erretzen zaituenean».
Ez da nolanahikoa ere moralarekin zerikusirik ez duen bertako definizio zientifikoa: «Usteltzen-edo hasi diren gai organikoen azalean sortzen diren geruza edo orban zurixka eta harroak, onddoek eraginak».
Barruko sua pizteko modukoak dira gur osoa merezi duen hitzarekin sortutako berba elkartu edo eratorriak: lizun-usaina, lizun-etxea. Eta aditz arras esanguratsua: lizundu!!!
Nire debilidade/plazer/hizkuntza-parafilia estrainio horrek jota, izugarri ederra neritzon Canneseko argi indarra mozten saiatu ziren bi talde anarkistek azaldutako aldarrikapenari. Beraien komunikatuaren lehengo lerroetan, mundua gobernatzen duen sistema hiltzaile eta esplotatzailearen kontra jarduten zuten, anarkista taldeek egin behar duten bezala.
Nahi omen zuten birrindu arma-industria. Gura nahi zuten AAren indarra txikitu, eta gerrak zabaltzen eta babesten dituzten gobernuak amildu. Betikoa pentsatuko duzue. Are gehiago, ezinbesteko aldarrikapen-erasoa, ekintzaileak anarkistak zirela kontuan harturik.
Bai, ohikoa, usadiozkoa, zentzuzkoa. Alta, orain dator politena, ernagarriena. Ekintzaileek zera salatu nahi zuten ozen, Canneseko zinemaldia eta zinemaren mundua (industria, merkatua, artea bera…) lizunak, lohiak direlako.
Ez esan polita ez denik, ez esan modaz pasatuta ez dagoenik zinema lizuna dela pentsatzea. Irudi polita. Egokia. Beroan sartzeko ezin egokiagorik. Zinema… lizuna! Jakina. Derrigor. Nola eta zer bestela? Bizitzarekin, herioarekin, amodioarekin, politikarekin, gorrotoarekin lizunki aritzeko ez bada, zertarako hartuko duzu kamera?
Aurtengo Cannesen ikusitako film on ia guztiei zeluloidezko adur berde, urdin, zurbil, arrosa miresgarrizkoa zerien. Har dezagun, kasurako, kontrako hamaika kritika txar jaso eta palmaresen agertu ez zen Julia Ducournauren Alpha fabula ez hain distopikoa, body horroren barruan, tentuz bada ere, koka dezakeguna. Bertan, birus ezezagun batek hartutakoak marmolezko harrizko izaki bihurtzen dira. Ezabatuko dira gero airean eskultura bikain horiek, auskalo nondik jotzen duen haizeak kolpaturik. Lizuna da pelikulan Tahar Rahim aktorearen gorputzaren flakezia. Flakezia sinesgaitza; bizitzak hezurretatik alde egiten diola dirudi.
Kamarada anarkistak zuzen ziren, lizuna da zinema. Obscene hitza erabili zuten beraiek frantsesez. Ez dira gauza bera Obscene horri ezer ez baitario. Eta lizuna-ri bai, halako sentsazio likitsa…
Lizuna da Bi Ganen Resurrection. Hain da ezin besarkatuzkoa ezen epaimahaiak sari berezia asmatu behar izan baitzuen berarentzat. Opioak bildutako ipuin ezin ederrago eta malapartatuago honetan, gizakiok galdu dugu amets egiteko gaitasuna. Gizaki bakar batek gordetzen du dohain hori. Pelikulak bere ibiltze noragabekoa darrai, lizunak oso diren kamera mugimenduekin, eszena konposizioekin. Hain da markaz, mugaz, zentzumen guztiez fuerakoa ze… fotograma horien artean bizi nahi duzula antzematen duzun. Betiereko bizi ere.
Cannes obscene/lizun horretan egin den zinema, egiten ari dena eta egingo dena izan da ikusgai. Zuzen salatu zuten kamarada anarkistek festibala hilerria bilakaturiko itsasoaren kostaldean ospatzen dela baina, akreditaziorik ez zutenez, ez zuten dastatu besteok piztiaren sabelean (Grand Auditórium Lumiere, Theatre Debussyn eta Cineum aretoetan, alegia) besteok probatu izan dugun pozoi gazi-gozoa, zeinek desira, beldur, zorabio, bertigo eta misterio guztiak eragiten dituen.
Plazan zein ezkutuan, argitan zein ilunpetan gozatuak, hona hemen oroipen hainbat: Trierren Sentimental Value, Hafsia Herziren La petite dernière, Wes Andersonen The Phoenician Scheme, Asterren Eddington, Oliver Laxeren Sirat (hemen basamortuaren harea da materia libinosoa…).
A, anarkista lagun maite horiek moztu nahi izan zuten munstroa elikatzen zuen argindarra. Jakin gabe munstroak bere potentzia elektriko/elektroniko/zibernetiko propioa duenik. Hain dira inozoak lizunkerietan aise eta airos ibiltzen ez dakiten horiek… Sistemari kontra egiteko ere, lizuna izan behar. Beti Ines Nunesen A solidao dos lagartos laburra bere testuretan den moduan.
