begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Ekarri zaldiak hutsik!

2026ko uztailaren 10a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur dakarkizudana periodiko ekonomiko serioenetan ere behin eta berriro irakurtzen dugun hausnarketa bat da: zinema areto franko finantza hondamenditik salbatzen dituena ez da saloiak jendez gainezka jartzen dituzten film handi/erraldoi/jigante horien estreina, barruan dauden edaritegi/jantokitxo horietan erosten duguna baizik.

Bai, kolore biziko mostradore horietan, American Graffiti filmetik atera berriak ematen duten neska-mutil euskaldunek atenditzen gaituzten horietan, krispetak, litro erdiko edo litroko kartoizko freskagarrien ontziak, litxarreria gozo horiek guztiak, zeinak ezpainak lirdingatsu eta behatzak itsaskor uzten dizkiguten, txerrikeria delizios horiek pagatzeko uzten ditugun sosek salbatzen dituzte, zinez diotsuet, gure zinema tokiak. Beraz, iluntasuna urratzen duten kras-krasek molestatzen bazaituztete, ez hasi jale basa horren kontra, ez hitzez, ez eskuz, ez poltsikoan daramazuen labanaz. Inolaz ere ez. Bi aldiz pentsa ezazue beti; zuek pagaturiko 9,20 euroek ez dute, kasik, ezertarako balio enpresaren emaitza ekonomikoen zerrendetan. Izan ere, merkatuaren legeak babesten du zu ez zaren beste hori.

Zineman egoteko eskubide osoa duena ez zara zu, bera baizik, hankabiko eta 32 hortzeko karraskari-zurrupakari hori. Nola??? Egin ditzagun kontuak, kontu garbiak: gure periferiako saltokigune bateko aretoaren bazkide izanez gero, 6,50 euro pagatuko duzu zuk minion izakien azkena ikusteagatik. Mostradorera arrimatuz gero, edizio mugatuko metalezko ontzian zerbitzatutako krispeta eskukadagatik eta kartoizko arruntean botatako Estatu Batuetako Atlantan asmaturiko edabe beltzaren txorrotadagatik 13,90 euro pagatuko du, berriz, giza marraskariak.

Alde galanta, ezta? Esandakoa, krispetek eta freskagarriek salbatzen dituzte aretoak.

Are gehiago, litxarreria horiek gure barrenetan daramagun bildumazale aseezina maltzur-maltzur tentatzen dute. Zertaz ari naizen? Aspaldi-aspalditik ari dira ondo pagaturiko diseinatzaileak txerrikeriak gordetzen dituzten ontzien kalitateaz eta estetikaz arduratzen. Filma zenbat eta ikusgarriagoa izan, orduan eta ederragoa, hondatzen zailagoa, zainduagoa, garestiagoa kuboa. Eta zaleok, jakina, amuari hozka egin.

Aspaldi-aspalditik ari dira ondo pagaturiko diseinatzaileak txerrikeriak gordetzen dituzten ontzien kalitateaz eta estetikaz arduratzen. Filma zenbat eta ikusgarriagoa izan, orduan eta ederragoa, hondatzen zailagoa, zainduagoa, garestiagoa kuboa. Eta zaleok, jakina, amuari hozka egin

Egiari zor, ikusgarriak dira pieza batzuk. Devil Wears Prada 2-ren estreinaldiarena, kasurako, 1913an Italian fundatu moda etxearen ikur, logo benetakoa zuen poltsa (benetakoa ere) zen. Krispetaz beteriko poltsa gorria!

Ikerlarien arabera, dena 2019an hasi zen. Orduan merkaturatu zen zine mostradoreetan XXIV. mendeko arkeologoek gure aro honetako hondakinetan aurkituko duten lehenbiziko bilduma ontzia, Star Wars-eko IX. atalean agertzen zen R2-D2 androidearen itxura zuena, alegia. Markaz, mugaz fuerakoa Wicked 2-ko kapela. Eta 2.400 dolarrekoa norbaitek pagatu duen dirutza Super Mario Bros-eko Yoshi dinosauroa imitatzen zuena eskuratu ahal izateko. 

Eromen hori noraino irits daitekeen galdetzen didazue? Ezta ideiarik ere. Jakin badakigu Tom Cruisek berak diseinatu zuela Mission: Impossible-Dead Reckoning-ena. Artefaktu retro-punk bat zen, eta irekitzeko, tapan ezkutatutako giltza behar zenuen... Minions&Monsters-ekoa askoz sinpleagoa, xumeagoa da horiekin guztiekin konparatuz gero. Polita, baina: metalezkoa, kolore alai eta dotorekoa, eta figurak erliebean dituena.

Txundigarria omen Christopher Nolanen The Odyssey-rena. Iparraldeko irakurleoi galdetu beharko, asteazkenean estreinatu baitzen han —Hegoaldean, berriz, gaur—. Antza, bi dira. Batak Troiako zaldia erreproduzitzen du. Bestea kamera bat da, eta, objektibotik begiratuz gero, filmaren eszena batzuk ikusten dira.

Eta krispetak ez baditugu gogoko, baina kuboa bai? Ba Michael Curtizek bere ingeles traketsean bota zuen esaldi famatua. Zaldikorik gabe nahi zituen, bide, zaldiak, eta zera oihukatu zuen: «Bring on the empty horses!». Ekarri zaldiak hutsik.

Hori bai, negozioa negozio, diru bera pagatu beharko duzu. Kin edo gabe.

(ID_17835159290185) ZINEMA - KRISPETAK
The Odyssey filmaren estreinaldiaren harira atera dituzten krispeta ontzi berezietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA