Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Ekialderantz

2025eko ekainaren 15a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'D'EST'

Zinemaren zirkulu jakin batzuetan —besteak beste, zinema militante edo zinema feministan— hain goratua izanagatik, ez da hain ezaguna Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra. Gertatzen da halakoetan, autorea ikonizatzen dugula haren obraz apenas hitz egin gabe, ez bada ohiko topikoetatik haratago. Akermanen figura eredu aproposa da halako prozesuak behatzeko: bere inguruan egiten diren irakurketa idealizatu askoren ondorioz, eklipsaturik geratzen dira zinema feminista, esperimental zein politikoaren alorrean egon diren bestelako erreferentzia batzuk. Hala nola bestelako herrialde zein jatorrietako zinegile feministak, bestelako ekoizpen sistemetan mugitu ziren film ezezagunak eta estetikoki bera bezain irreberenteak izan ziren beste autore batzuenak. Eta halere, Akerman beti izango da Akerman. Mito bihurtzeko bulkada irenstea eta haren irudietan murgiltzea, haren keinu estetikoari eustea, bertan pausatzea; akaso, hori da tributurik handiena Akermani buruz ari garenean.

Duela aste gutxi egunkari honetan Andoni Imaz kazetari zein kritikariak Akermanen lan askoren editore izandako Claire Athertoni egindako elkarrizketa batean, azken honen hitzak aletzen zituen zinegilearen lanari buruz: «Nik ez dut ikono bilakatu nahi. Berari ere ez zitzaion gustatzen. Bera zen hura konpartitu nahi dut, indartsu eta hauskor, gehiegi babestu gabe, berak ez baitzuen babesten bere burua. Ez ikono, ez estandarte, feminismoaren edo dena delakoaren ikurra balitz bezala. Zeharo politikoa zen, zentzu sakonago batean».

Sakonean politikoa izatea zer den pentsarazten dute hitzok: uler dezakegu Athertonen hitzetan Akermanek begien bistakoa den horretatik aldentzeko saiakera oro egiten zuela. Hortaz, uler daiteke ez zuela bilatzen batzuen edo besteen konplazentzia, are gehiago, akaso nahiago zuela molestiaren bat eragitea, haserrealdiren bat, zergatik ez. Edota are gehiago, hain zela handia egiten zuenarekiko desira, indiferente zitzaiola zinema kritikari, akademia ikertzaile zein politikari askoren iritzia.

«Uler daiteke [Akermanek] ez zuela bilatzen batzuen edo besteen konplazentzia, are gehiago, akaso nahiago zuela molestiaren bat eragitea, haserrealdiren bat, zergatik ez. Edota are gehiago, hain zela handia egiten zuenarekiko desira, indiferente zitzaiola zinema kritikari, akademia ikertzaile zein politikari askoren iritzia»

Sakonean politikoa izatea izan daiteke ere bai, Athertonen adierazpenetatik tiraka, hizkuntza zein diskurtso argi, ulerkor, tematizatu bat duen obra bat egitetik haratago, ulertzea artelanak baduela bere horretan, bere sakontasunean, errebelazio bat, preokupazio estetiko zein politiko bat, keinu ustez axolagabe bat (Gramscik esan zuen keinu soil batek alda zezakeela mundu ikuskera oso bat). Eta horregatik hain dela politikoa sakonean, eta funtsean, botere egitura ororen kontra joan daitekeen gezi bat izan daitekeela obra, desafio bat.

Akermanen lana ez-kategorikoa izanagatik ere bada politikoa, forma eta formatu askoren deklinatzaile izan baitzen: liburuak idatzi zituen (Une famille à Bruxelles, 1998; Ma mère rit, 2013), antzezlanak ere bai (Hall de nuit, 1992) eta edozein formatutan egindako filmak zuzendu zituen —zeluloidean, bideoan, digitalean—. Hauen guztien artean lerrootara ekarriaz —izan zitezkeen beste asko— 1993an estreinatu zen D´Est filma. Nolabaiteko film eskultorikoa, monumentala.

Film honen harira egindako elkarrizketa batean halaxe esan zuen zinegileak: «Gurasoak poloniarrak ditut. (…) Eta, hala ere, arrazoi pertsonalak hor egonda ere, ez dut nire jatorrira itzultzeko film bat egin nahi (…). Han film bat egin nahi dudala esango nuke, harantz erakarrita sentitzen naizelako». Indar horrek gidaturik joan zen Akerman Ekialdeko Alemaniara, Poloniara eta Errusiara, bere ekialderantz. Filmatu zituen Berlineko harresia erori osteko gizarteak, travelling izugarrien bidez —gerora jakingo genuenez kotxe baten barnealdetik— kaleetan eta tren estazioetan izozturik eta zain zeuden ekialdetarrak.

Bere burua gehiegi babestu gabe, aurrez aurre filmatu zuen egun pentsaezina izango zitekeen giza erretratua. Hala, kokalekuari buruzko informazio gehiegirik gabe, jende masaren hitzak azpititulatu gabe —halaxe erabaki zuen modu kontzientean— bidaia lazgarri bat proposatzen du Akermanek. Halako paisaia desolatu bat, hogeita batgarren mendearen ertzean egungo gerra giroaren erreplika zital bat.

Euskal Herrian Akerman eta bere muntatzaile izandako Claire Athertonen lana ikusgai dago egunotan Gasteizko Artium museoan, eta esango nuke badela aukera paregabea haren lana ezagutu eta ikono bilakatu baino gehiago zinea modu sakonean nola ainguratu zuen ikusteko.

(ID_17496293224035) Chantal Akerman zinemagilea D\'EST filma errodatzen
Chantal Akerman zinemagilea, D'est filmatzen. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.