Ismael Manterola
Begiz

Eliz Museoan

2025eko ekainaren 17a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreko asteko artikuluan Haizea Barcenillak Erdi Aroko maisulanei buruz idatzi zuen. Kasualitatez, artikulua irakurri baino egun batzuk lehenago inork bisitatzen ez duen museo horietako bat bisitatu nuen. Bertan Erdi Arotik hasita gaur egunera arteko data duten artelan erlijiosoak gordetzen dira. Bizkaiko Elizbarrutiko Museoa Atxuriko Gizakundearen komentua izandako eraikinean dago, moja domingotarrek 1514an eraikiarazitako tokian. Nahiz eta jende gutxik ezagutu, Bilboko eliza ederrenetako bat da arkitekturaren ikuspuntutik. Aldamenean duen komentua aukeratu zuten Eliz Museoa aterpetzeko 1995ean.

Bertan daude Bizkaiko elizbarrutitik eramandako hainbat eta hainbat artelan; maisulan gutxi, baina ondo adierazten du Erdi Aroan eta Errenazimentuaren hasieran Euskal Herriko mendebaldeak izandako apaltasuna. Gainera, zorionez, artelan interesgarrienak edo ederrenak bere lekuan daude oraindik, eta horixe da, nire ustez, museoan ikus daitezkeen artelanen kalitate xumearen arrazoia.

Aspaldiko partez, lasaitasuna sumatu nuen Bilboko arte museo bat bisitatzean. Arrain laranjaz eta nenufarez betetako erdiko iturriak edertasun berezia ematen dio klaustroari; arteaz jende gutxiren konpainian gozatzeko espazio berezi lasai horrekin egingo dugu topo Atxuriko plaza zeharkatu ondoren. Ahaztuta neukan nolakoa izan zitekeen turistarik gabeko museo bat.

Klaustroa zeharkatu ondoren, komentuko logelak izandako erakusketa aretoetara pasa gaitezke artelanak ikustera. Nahiz eta gaur egun artelan moduan ikusten ditugun, objektu sakratu moduan ikusten zituzten garai bateko kristauek, eta, beraz, oso zaila da ulertzea begien aurrean ditugun eskultura eta pintura haiek zuten benetako esanahia. Horregatik, pena handia ematen didate beti testuingurutik ateratako santuek eta amabirjinek. Sarritan elizak apaindurarik gabe uzten dituzte, irudi horiek museoetan gordetzeko, baina horrek ez dio mesede handirik egiten ez elizari, ez migratutako objektuari. Ulertzen dut artelan askok zaintza berezia behar dutela eta segurtasunaren ikuspuntutik ere museo batean hobeto egon daitezkeela, baina han ikusten ditudanean jatorrizko kokapena zein zuten jakitea gustatuko litzaidake.

Hala ere, onartu behar dut Bizkaiko Eliz Museoan ahalegin handia egin dutela zilargintzako objektuei buruzko azalpenak emateko eta euren testuinguruan aurkezteko. Gaur egun ez diogu kasu handirik egiten liturgian erabiltzen ziren urrezko edo zilarrezko kaliz, kopoi, patena edo eguzki formako kustodiei; nik neuk azkar pasatzen ditut beirazko armairuak Eliz Museotan. Gauza bera gertatzen da jantzi erlijiosoekin. Brodatuz betetako luxuzko oihal horiek beste arte batzuei buruz hitz egiten digute, pintura eta eskultura bezain inportanteak ziren arteei buruz, ezinbestekoak zirenak arkitektura lan ikusgarrietan, egun bisitatzen ditugun eliza edo katedral batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.