BEGIZ

Emakumeen ezabatzea (III)

Haizea Barcenilla
2023ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
«Zergatik guztiak neskak?», galdetzen dio 8 urteko neskatoak amari Guggenheim museoan dagoen Picasso: materia eta gorputza erakusketan. Artelanez ari da. Amak, apur bat pentsatu ostean, erantzuten dio: «Neskak gustatzen zitzaizkiolako izango da».

Elkarrizketa sinplea dirudi, baina ez da. Ume baten diziplinatu gabeko begiradak agerian utzi du helduok ez ikusten ikasi duguna: izenburuak, gorputz generikoa aipatu beharrean, emakumeenak aipatu beharko lituzkeela zehazki, erakusketaren protagonista baitira. Hain zuzen, 55 eskulturetatik 35ek emakumeak irudikatzen dituzte; seik, gorputz zatiak (besoak, begiak); bostek, gizonak; hiruk, umeak; hiruk, Picassoren eskua; bik, genero zehatzik gabeko burua eta gorputza, eta batek, burezur bat. Neskatoak enperadorea biluzik ikusi du: genero markatua duten gorputz helduen artean, %87,5 emakumeenak dira.

Amaren erantzun ustez inuzenteak ere ikusarazi nahi ez den egia borobil bat dakar: Picassori emakumeak gustatzen zitzaizkiola, eta ez soilik modelo gisa. Haiekin ezartzen zituen harreman toxikoetatik hornitzen zen bere jeinu sortzaile izaera. Gorputz generikoa balitz interesatzen zitzaiona, gizonak ere irudikatuko lituzke. Aldiz, emakumeen gorputzekin ezartzen zuen harremanak pizten zuen Picasso.

Zergatik ez dugu ikusten, orduan? Hainbat tresna erabiltzen dira ezabatze lanetan. Hasteko, instalazioa: zuria, hutsa, artelana bere autonomian erakusten duena, gainazal eta geometria elkarketa soil gisa. Harreman estetikoa da bakarra, ez emozionala. Bigarrenik, testuak. Gorputza aipatu eta emakumea ahazten duen sarrerakotik hasita, artelanak egindako lekuen arabera sailkatzen dituzten karteletara, leku bakoitzean modelo lanak egin zizkion bikotekidearekin bizi zela bigarren mailan utzita edo ahaztuta. Emakumea haurdun lanari buruz, adibidez: «1948an, Picasso Vallaurisen kokatu zen», eta askoz beherago: «Françoise Giloten haurdunaldien garaitsuan (1950) Emakumea haurdun obraren bigarren aldaera sortu zuen». Vallaurisen Gilotekin ezarri zela ez da esaten, eta ez dago argi haurdunaldiak Picassorekin zerikusirik duen.

Hain zuzen, Giloten ezabatzea da agerikoena: Françoise traidoreari urik ez. Neska soka-saltoan lanean da hori bereziki argia. Obraren ekoizpen prozesua ongi kontatzen du Gilotek aurreko zutabean aipatu nuen Picassorekin bizi zituen urteei buruzko liburuan, hain ongi non erakusketan kartel bat jarri duten hitzok ekarriz. Testua komatxo artean dago, aipamen bat dela agerian utziz, baina ez dago idazlearen izenik, ezta liburuaren izenbururik ere. Anonimotasunera kondenatuta.

Eta horrela, jaun-andreok, jarraitzen dute gure museoek eta gure historiografiak, gaur egun ere, emakumeen izenak, testigantzak, bizitzak eta ekarpenak ezabatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.