Miren Narbaiza.
BI AHOTSETARA

Eman su

2016ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ipar Carolinan H2B izeneko legea onartu zuten joan den martxoan. «Komunetako legea» ere deitua, lege horrek pertsona transgeneroei zuzenean eragiten die, nor bere jaiotza ziurtagiriak jasotzen duen generoarentzako komunetara joan behar dela agintzen baitu. Horren kontrako protesta ugari izaten ari dira estatu guztian zehar. AEBetako Justizia Departamentua ere aurka agertu zen eta demanda bat ipini zuen Ipar Carolinak legea atzera bota zezan. Azken horrek beste bat jarri dio bueltan beren legeetan muturra sartzeagatik. Kultur munduko hainbat pertsona ezagunek euren desadostasuna agertu du azken hilabeteetan. Musikarien artean, Pearl Jam, Bruce Springsteen, Maroon 5, Cyndi Lauper eta Ringo Starrek, besteak beste, bertan eskaintzekoak ziren kontzertuak bertan behera utzi dituzte.

Laura Jane Grace Against Me! punk taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak, berriz, emanaldiarekin aurrera egitea erabaki zuen. Bertako biztanleekin solidarizatu egin nahi izan zuen dekretu baztertzailearen aurka: «Bertan bizi direnak honen guztiaren biktima dira», adierazi zuen. Horrela, ba, protesta efektiboago bat buruan, Durham izeneko hirian kontzertua eskaintzen ari zela bere jaiotze ziurtagiria atera eta su eman zion ikusleen aurrean Bye, gender! (Agur, generoa!") irribarretsu esaten zuela. Izan ere, 2012an emakume transgenero moduan agertu zen jendaurrean eta Transgender Dysphoria Blues izeneko diskoa kaleratu zuen, berak urteetan bizi izan dituen barne borrokak kontatzen dituen lana. Ekintza sinboliko hori han eta hemen hedatu da zale batek grabatutako bideoari esker. Batzuetan, etorkizun hobe bat iragana deuseztatzetik etor daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.