begona del teso
Eppur si muove

Emiliari noraezeko ongietorria

2024ko abuztuaren 30a
05:10
Entzun

Hegoaldekoa banintz pelegrin, erromes joango nintzateke Iparrera. Nafarroa Penintsulakoa banintz, Beherera joko nuke umilki baina suak harturik. Miarritzekoa, Urruñakoa, Donibanekoa, Baionakoa banintz, goizean goiz jaikiko nintzateke eta Le Select, Le Royal, Itsas Mendi eta L´Atalante aretoen aurrean jarriko nuke nire kanpadenda, noiz irekiko zain gozo-nerbiosoan. Hendaiakoa banintz ez nuke jakingo irailaren 11 arteko egunak nola eman. Desesperoan, igual, Les Varietes aretoa  zaharberritu dutenez asteazken horretan hartuko dudan alegrantzia bikoitza izango baita.

Ezinean ezin banintz, ez banu modurik Urruñera, Donibanera, Miarritzera, Baionara arrimatzeko, Toporik ez balego Hendaiara iristeko irailaren 11n, min biziz aguantatu beharko nuke etxean isolaturik bederatzigarren hilaren 20 arte, egun hartan Donostiako Zinemaldiak estreinatuko du eta.

Aipaturiko Itsas Mendi, Le Select, Le Royal, L´Atalante saloietan jada dagoen eta Les Varietes-en irailaren bigarren asteazkenean emango duten Jacques Audiarden Emilia Perez filmaz ari natzaizue, berdinik ez duen plazer eta Canneseko egun haiekiko nostalgiaz. Han estreinatu baitzen, han saritu zutelako, han harrotu zituelako haizeak, han bazterrak nahasi, han betiko horiek gogaitu (eskerrak).

Emilia Perez. Musikala. Narko-musikala. Narko-musikal-mexikarra. Narko-musikal-mexikar-trans. Narko-musikal-mexikar-trans-beharra dutenekin bat egiten duena. Narko-musikal-mexikar-trans-solidario-feminizidio guztien aurrean altxaturik, izenik gabeko hildako ororen alde, txispaz armaturik …. Emilia, Emilia, Emilia Pérez!!! Manitas, Manitas, Manitas!!!, Rita, Rita, Rita!!! Epifania, Epifania, Epifania!!!, Jessi, Jessi, Jessi!!! Gora. Aupa, Biba.

Izugarriak ditu anzezleak (Karla Sofia Gascon, Zoe Saldaña, Selena Gomez, Adriana Paz). Egundokoak derrepentean (baina tentuz, zentzuz eta egoki hautu  momentuetan) hasten diren une musikalak. Kristorena soinu banda, Cannesen zein Toronton saritua, Camille Dalmaisek eta Clement Ducolek sortua. Adi egon honako kanta hauei: El trío, Perdóname,Mi camino, Vaginoplastia. Adi izan ere soinu bandakoak ez badira ere, pelikulan entzuten diren segidako hauei, Marco Antonio Teodoro Agilarren Fierro Viejo, Elizabeth Carreren Las Mañanitas, Javier Pastorren Mala fe

Ulertzen? Konprenitzen? Entenditzen? Erromes, pelegrin, joango nintzateke Emilia Perezi ongietorria egitera. Seguru legez kanpoko ongietorria litzatekeela. Izan ere, Emilia, gizonezkoa zenean Manitas izengoitiaz  ezaguturiko droga eta armen trafikaria zen, narko peto petoa, askok miresturik, beste hamaikak hilik nahi zuten eta beste mila dardaraz hasi ziren izen hori beren aurrean  aipatzerakoan.

Bonu luze bat erosiko nuke  Emilia Perez emanaldiero ikusi ahal izateko. Dituen 35 abesti buruz ikasi arte. Entzuten diren esaldi markaz kanpoko guztiak errepikatzeko gauza izan arte. Fotogramaz fotograma ezagutzeraino.

Izugarriak ditu antzezleak (Karla Sofia Gascon, Zoe Saldaña, Selena Gomez, Adriana Paz). Egundokoak derrepentean (baina tentuz, zentzuz eta egoki hautu  momentuetan) hasten diren une musikalak. Kristorena soinu banda, Cannesen zein Toronton saritua, Camille Dalmaisek eta Clement Ducolek sortua.

Bonurik ez balego, oinez edo autobusez egingo nuke joan-etorria Urruña eta Miarritz artean, noiz jartzen duten ondo erreparatua. Bazkalostean ikusiko nuke Donibanen eta gautu aurretik Baionan, adibidez. Aretoen aurrean eta areto barruan izango nintzateke aterpe harturik. Gero, irailaren 11rako jasoko nituzke trasteak eta Hendaiara jo. Han beste emanaldi pare baterako sarrerak hartu eta Donostiarantz abiatu. Patxadaz egun eta gau dexente ditudalako. Santiago bidetik ibiliko naiz, segur asko. Machucao kantatuz.

Nola emango nuke emanaldirik gabeko denbora? Irakurtzen. Zer irakurtzen? Donostiako Zinemaldian joan den mendeko Italian egin ziren film ilun-politiko-poliziako hainbati eskainitako atzerabegirako poliziesco-an dauden birako inspirazio, ardatz, oinarri izan ziren bi nobela patuak markaturik: 1943ko Viscontiren Ossessione irteerarik gabekoaren zimenduetan James M.Caine The postman always rings twice famatua da. 1972ko Franco Rosiren Cadaveri eccelenti pozoitsuaren zutabe gaiztotua Leonardo SciasciarenIl contesto. Una parodia dugu. Biak dira eskuragai liburu plataformetan.

Bai, horrela emango ditut egunak eta gauak hemendik aurrera, Emilia Perez Euskal Herria osoan eta diasporan estreinatu arte. Eta gero ere bai.

(ID_17246732150745) Emilia Perez
 
Zoe Saldaña eta Karla Sofia Gascon aktoreak, 'Emilia Perez' filmean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei.Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.