Gutxien espero duzun erakusketak generoaren parekidetasun aldetik egokia izateagatik harritzen zaitu. Ezusteko polita izan nuen Bartzelonako Miró Fundazioan ikusgai dagoen Miró eta Estatu Batuak erakusketa bisitatzerakoan. Gaiak ez zuen berez feminismoarekin harremanik, eta horregatik ezustekoa handiagoa izan zen ikustean artista emakumeak naturaltasun handiarekin integratuta zeudela erakusketaren diskurtsoan. Pintorearen lana Ameriketako Estatu Batuetara iritsi zenean Pierre Matisse galeristaren bidez, eragin handia izan zuen lurralde hartako artista gazteengan, gizonak izan edo emakumeak izan. Zorionez, Joan Mirók AEBetako artearekin zuen harremana aztertzerakoan ez daude betiko izenak bakarrik.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Estatu Batuetako espresionismo abstraktua garatzen ari zen bitartean, Miróren lana eredutzat hartu zuten egiteko era berriak bultzatu zituzten artistek. Baina ideia hau azaltzeko erakusketaren arduradunek ez dituzte bakarrik Arshile Gorky, William Baziotes, Adolph Gottlieb, Jackson Polllock, Willem de Kooning, Mark Rothko, Robert Motherwell eta abarren lanak aukeratu, baita azken urtetan ezagunagoak diren emakume artistak eta guretzat ezezagunak direnak ere. Horrek asko poztu nau, sarritan erakusketetan betiko izenak errepikatzen ikusten ditugulako (seguru asko artelanak lortzeko errazagoa delako) eta ez dugulako tarte handirik beste artisten lanak ikusteko. Lee Krasner, Louise Bourgeois, Eleine de Kooning edo Helen Frankenthaler pixkanaka bereganatu ditugun artistak dira, baina zeinek ezagutzen ditu Alice Trumbull, Perle Fine, Louise Nevelson, Sonja Sekula, gizonaren izena hartu behar izan zuen Peter Miller, Anne Ryan, Minna Wright, Janet Sobel, Michael Corinne West, Grace Hartigan edo Joan Mitchel?
Zeinek zekien 1947an Mirók New Yorkera bidaiatu zuenean grabatu lan ugari egin zituela Atelier 17 gunean, Willian Hayter lagunaren tailerrean, eta bertan emakumezko artista asko zegoela, tartean Louise Bourgeois, eta elkarrengandik asko ikasi zutela?
Zerrenda luzeak erakusten du Estatu Batuetako espresionismo abstraktuan emakume artistak egon egon zirela, nahiz eta gure historiografiak gizonen itzalean ezkutatu edo zeharo desagerrarazi dituen. Horregatik eskertzekoa da erakusketa baten atzean ikerketa dagoenean ez izatea bakarrik artelanen pilaketa hutsa diskurtso baten atzean; hau da, asko eskertzen da erakusketaren egitura ikerketaren emaitza izatea. Gaur egun erakusketa asko antolatzen dira eta ondo dago artelanak ikusteko ematen diguten aukera, baina ez da hain erraza erakusketek ekarpenak egitea artearen historiari.