Ismael Manterola
Artea. Begiz

Eremuak (I)

2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Kulturaren Euskal Planaren Ikus Arteen Mahaiaren eskakizunari erantzun ondoren, bidean jarritako esperientzia edo, agian, hobeto esanda, esperimentua da Eremuak.

Aspalditik ari da Euskal Herriko arte mundua erakundeei sarien eta diru-laguntzen ordez kultur politika zuzenagoa eta testuinguruarekin txertatuagoa izateko eskaera egiten. Aurreko legegintzaldian abiatu zen Eremuak izeneko ekimena, eta, oraingoan, modu lotsatian baina eraginkorrean, lan egiten hasi da.

Ideia sinplea bezain zaila da: artearen sarea egonkortuko luketen proiektuei bultzada ematea (printzipioz, ez bakarrik ekonomikoa), muga eperik gabe eta arte munduan izena duten profesionalez osatutako komisio batek baloratuta.

Eremuak-ekin ez dira arte plastiko eta ikus-entzunezkoen proiektuak diruz laguntzeko deialdiak desagertu, ezta Gure Artea saria ere, baina gauzak beste modu batera egiteko aukera martxan jarri nahi izan da; era ia esperimentalean (pentsatu nahi dut) froga egin ea horrelako zerbait Euskal Herriko erakunde guztietara zabal litekeen.

Aurreko asteko ostiralean eta zapatuan artearen inguruan lan egiten dugunok eta kezka duen jendea Artiumen bildu ginen, Eremuak berak deituta. Mintegiaren gaiak Artea eta politika publikoak izena zuen, eta bi asmo nahasi xamarrak zeudela iruditu zitzaidan: Eremuak bera aurkeztea —diruz lagundu dituen proiektuak eta ekimenaren zergatiak eta etorkizuna aztertzea—, eta bestalde, artea eta politika publikoen arteko harreman orokorragoa aztertzea.

Kritikatzeko moduko gauza asko egon arren, aurrerapen handia iruditzen zait politika kultural publikoetarako, diru-laguntzen sistema puskatzeko aukeraz hitz egitea. Eremuak-ek adituz osatutako komisioa baino gehiago izan behar du, baina urrats handia da, etengabe lan egiten ari den komisioari eustea eta egiten duen lana —eta akatsak— jendearen aurrean aurkeztea. Artiumen bildu ginenok Eremuak-eko komisioko kideekin eztabaida gehiago eta lan harreman handiagoa nahi genuen, baina oso interesgarria iruditu zitzaidan, komisio batek sektorearen aurrean —edo zati baten aurrean behintzat— «kontuak emateko» moduko zerbait egitea eta kultur politikaren inguruko hausnarketa sustatzea. Administrazio publikoko parte den komisio bat sektoreko jendearen aurrean ikusten nuen lehendabiziko aldia zen, eta ez da gutxi, gauzak dauden modura egonda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.