Miren Narbaiza.
BI AHOTSETARA

Ertzetan

2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Behobiatik iparralderako autobide malapartatua behin lagata—zenbat urte daramatzate lanekin?— paisaia bukolikoa agertu da gure aurrean. Lapurdiko muinoak inoizko berdeen daude laino ganduaren pean eta kale baserri dotorez josten dira bazterrak. Betiko legez, inor ez da bideetan eta, nola ez, baten batek egin du hegoaldekooi horrenbeste gustatzen zaigun grazia: «Honek guztiak dekoratu bat izan behar du. Hezur mamidun izakirik biziko da etxe horietan? Norbait azalduz gero ere, seguru aktorea dela».

Hazparnera iritsi eta Pilota plazaren aldamenean ditugu esperoan elkarrizketatzaileak. Kanalduderen kamioiaren inguruan daude langile guztiak, lasai, irribarretsu hartu gaituzte. Bertan dira kamerariak, soinu eta argien arduradunak, errealizatzaileak, lanerako prest guztiak. Familia giroa sumatu dugu. Lanari duela hilabete gutxi ekin badiote ere, kalitatezko musika saioa ekoizten dute telebistarako, Radio Kulturarekin elkarlanean.

Hertzetan du izena saioak. Beharbada izango da bazterretik ibiltzen direlako bide zidorretakoak diren doinuen ehizan, edo egiteko modu arruntetik kanpo funtzionatzea beste erremediorik ez dutelako. Kontua da bertan berehala igartzen dela komunikabide handietan topatzen zailagoa den askatasuna, eta baita merkatu legeen horren mendekoa ez den txokoa dela ere. Esaterako, galdera-erantzunen tartea eta zuzeneko musika eskaintzeaz gain, binilo meta batetik disko bat aukeratu, entzun, eta bertako kantu baten bertsio inprobisatua egiteko eskatzen diote gonbidatuari. Edozein astakeria dela ere, momentuan ateratzen dena grabatu eta emitituko dute. Bien bitartean, publiko gazteak inguratzen du aretoa, platoko ateak ireki egiten baitira saioa bertatik bertara ikusi nahi duten guztientzat. Iruditzen zait telebistako musika saioetan aspaldian zegoen hutsunea betetzen duela modu oso duinean, sortzaileekiko errespetuzko eta konfiantzazko giro goxoan. Sekulako baliabideak izan gabe ere, ganorazko produktua ondu daiteke horretarako prestasuna badago, eta hemen hilero frogatua gelditzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.