begona del teso
Eppur si muove

Esango dizut, Kalipso, zer gogoratu dudan

2026ko uztailaren 24a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barkatuko didazu zuka aritzen banatzaizu. Hain goi mailako andereak (jainkoek sortua, hilezkortasuna oparitzen duena) berorika tratatzea merezi/exijitzen duela jakitun naiz. Estranjerua naiz, baina mintzo honetan (gogoratzen al zara milurtekoak pasatu eta gero zure aberkidea izango zen Moustakik kantatzen zuen hori, «Avec ma gueule de métèque, de Juif errant, de pâtre grec?» —nire atzerritar, judu, artzain aurpegiarekin?—...) ezin dut nire parekoekin hika hitz egin, ezta berorika ere, zure antzerako emakume berdingabeekin.

Christopher Nolanen The Odyssey film muga bakoan, loto loreak antsietate osoz eta plazer mingarri handiz jaten dituen Itakako erregeari zertaz gogoratzen den galdetzen diozu, amoroski, behin eta berriro. Kontu jakina da, jainkoak existitzen ziren garaiko arbasoek irakatsita: loto loreek ahanzturaren amildegi samin-gozoan murgiltzen zaituzte. Ezertaz ez zara akordatzen paradisu artifizial horretan. Alta, zure erraietako zulo batean, zure buruaren huts ilun batean, izan zinen horren printzarik geratzen da, lanbro zeharkatu ezinezkoan galdua…

Zuk, berorrek, ninfa paregabeak, zure uhartearen ertzean eman zenion ostatu, bai, Troia birrindu eta naufrago iritsi zen gerlari azeri horri. Zazpi urtez izan omen zineten amorante. Abandonatuko zintuen gero, nola ez? Denen gainean botere osoa zuen Zeusek aginduta, edo Peneloperen senarra zela gogoratzen hasi zenean… Nork daki?

Esango dizut zuri, berorren gorentasuna, zer gogorazi didazuen niri pelikulan agertzen zareten guztiek. Bai, berorrek bai, buru argiko Zirtze horrek, zeinak ederki baitzekien gizonezkoen izaera ezkutuan (agerikoan ere, maiz) piztia zikin eta basa zegoela; bai Sinon soldadu gazte-gazteak, bai Eumao zerbitzari itsu leialak, bai Hadesen bildu eta inork lurperatu ez zituen gerlariek, bai Argos zakurrak ere.

Loto loreak jateari utzita joan nintzen aretora, Kalipso eder eta maitatu nirea, eta denaz akordatu naiz; txikitatik irakurritako, amestutako, ikusitako guztiaz. Bakearen sinbolo bat dela sinesturik, bertaratutakoek Troian sartuko duten zaldiaren lehengo irudiari erreparatu orduko, Planet of the Apes filmaren azken paisaia etorri zitzaidan burura. Ulisesen eskifaia Karibdis eta Eszila, munstroen aterpe diren harkaitzen artean pasatzen direnean, Iruñeko sarbidea zelatatzen duten Biaizpekin egin nuen nik amets. Zenbatetan ez ditut ba Homeroren bertsoak xuxurlatu Axitako malkorrak zeharkatzean, elezahar guztiak buruan zein bihotzean nahaspilatuta nituela?

Bakearen sinbolo bat dela sinesturik, bertaratutakoek Troian sartuko duten zaldiaren lehengo irudiari erreparatu orduko, 'Planet of the Apes' filmaren azken paisaia etorri zitzaidan burura

Hain hauskorra, hain mendre haragizkoa ematen duen Telemako semearen aurrean, Penelope handiak bere burua Itakako tronurako aldarrikatzen duenean, askoren gainean dagoen Emily Wilson klasikoen irakasle eta itzultzailearekin gogoratu nintzen harrotasun osoz. 2017an ekarri zuen berak Odisea ingelesera: egun ezagutzen diren hizkuntzetako batera ekarri duen lehenbiziko emakumea izan zen. Nire ustez, berarekin zorretan daude pelikulako eme guztiak. Berak ekarri baitzituen lehen planora Homeroren kantuetan ziren andrazkoak oro, historiak eta mitologiak zor dieten aitortza lortuz. Dagoeneko ez dira Odiseo bezalako heroi maltzur baten biktimak. Dagoeneko, diskurtso propioa dute. Bai Wilsonen itzulpenean, bai Nolanen artelanean. Bide batez, Wilson aipatzean, errekonozimendu osoa Odisea euskaratu duten bi maisuri, aspaldiko Aita Onaindiari eta gaurko Matias Mujikari. Balea Zuria argitaletxearen babesean, horrela itzuli zuen Mujikak lehengo ahapaldia: «Mila amarruko gizona, Musa, konta iezadazu, munduan ibili zena luzaro lekuz leku, Troiako hiri santua zuenean urratu […] asko neke ere sufritu pontoaren gainean, lehian zebilela bere bizitza salbatzeko eta lagunak etxera onik eramateko. Ezin, nahi izanagatik, salbatu izan zituen: Beren erruz galdu ziren, ero tristeak, zeren Hiperion Eguzkiren behiak jan baitzituzten».

Supremazista saldoek gaizki hartu dute Helena beltza izatea. Ni, berriz, Kanturik Ederrena-ren lehenengo bertsetetan kulunkatu naiz pozik: «Beltzarana naiz, baina ederra, oi Jerusalemgo neskatxoak, beduinoen oihal-etxolak bezain beltzarana, Salomonen jauregiko errezelak bezain eder».

Bai, Kalipso, emazte ezin miresgarriagoa, filma ikusten ez dut ezer ahaztu; akordatu naiz Walking dead guztiekin. Maria Zambranoren La tumba de Antigona-z ere bai. Akordatu naiz, Homerorekin gertatzen den bezalaxe, agian existitu ere ez zen Shakespearek idatzitako Macbeth eta beste hainbeste tragediarekin. 

Loto loreak jan gabe arrimatu nintzen pelikulara, eta etorkizunaz ere gogoratu nintzen; klasikoen iraganean baitago idatzia: garai ilunak datoz, heroiak jada ez dira poetek abestutako izaki ahalmentsu horiek, mamuek setiatutako horiek baizik… Agian, ez zaigu ezer geratzen, ez geratuko. Kantuak baizik ez, pelikulak baino ez.

(ID_17847254449225) The Odyssey
The Odyssey filmaren fotograma bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA