Josu Goikoetxea.
ANALISIA

Esango dudana gezurra bada...

2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Marko orokorrari—giroa eta antolaketa— nahikoa lore eskaini zaio aurrekoetan. Aurten ere mereziko lukete, baina ez gaitezen errepika. Esan dezagun: zorionak eragile guztiei, lan bikaina.

Ai, baina bi urte bizkor igarotzen dira… Eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketak eutsi ahal dio tentsio handi honi, ibilian-ibilian mokorrak desgastatu gabe? Esan dezadan: zortzi bertsolariko saioa luze egiten da, arratsaldeko saio bakarrean errenditu nahi bada behintzat.

Gaiekin berdin: Bizkaiko txapelketa da hau eta ez Euskal Herrikoa. Irudipena dut askotan gaiak bertsolariak baino handiagoak izan zirela. Denak gai onak, luzakinen bat edo beste sobera agian, baina onak, asko bikainak. Hala ere umore apur bat gehiago eskertzekoa litzateke.

Zortzi bertsolarien errepasoa orain. Pasa daitezela protagonistak. Beñat Ugartetxea: herri bertsolari bikain honek jakin behar luke bere ezaugarriak nahikoa direla plaza honetarako, ez da exajeratu behar berez ona dena.

Miren Amurizak ez zuen bere eguna izan. Nik neuk gorago neukan, baina seguru epaileek asmatu egin zutela. Plaza batzuk egin ditut Amurizaren ondoan eta atzo erakutsitakoa baino askoz gehiago erakutsi izan du, saioko ardatz izateraino. Aitak txapela jartzearen ilusio zapuztua anekdotan gera bedi.

Nerea Ibarzabal, zoragarri: hasiberriaren hutsekin, berea izan zen saioko bertsoa: «Gora Bollibia!—. Bakarka, ikaragarri.

Ibon Ajuria asko gustatzen zaidan bertsolaria da. Udako saio bat egin nuen harekin: orduko maila erakutsi izan balu atzo, buruz burukoan izango zen, seguru. Lasai zetorrela adierazi du, baina lotuta ikusi nuen. Eta hala ere, ederto.

Onintza Enbeitarentzat bosgarren postua. Garai korapilatsua igaro du, politikan sartzea okurritu zitzaionetik. Bertsolaria berreskuratzen ari garenez, zorionekoak gu.

Jone Uria zen atzoko faboritoetako bat. Saio bikaina eskaini zuen, baina korridoreetan entzundako zerbait botako dut (eta honek balio du atzoko hiru faboritoentzat, Jonerentzat, Mirenentzat eta Etxahunentzat: txapelketa itzela egin ostean, txapela janzteko gose falta? Aginka egiteko asmorik ez? Agian korridoreetako iruzkin txepela baino ez da).

Xabat Galletebeitia: buruz burukora sartuta, atzoko irabazleetako bat. Bigarren finala du eta bere egin zituen Miribillako zale guztiak. Bestelako burujanik gabe bertsoak kantatzera etorri zen Xabat eta igarri zen. Zorionak eta plazak bertsolari honentzat.

Eta Etxahun Lekue azkenik. Agian historiak eskatzen zuen emakume bertsolari batek irabaztea. Askori atzo bihotzak eskatzen zigun Etxahunek irabaztea. Bere ibilbideagatik, urte akotan plazan erakutsi duen jarreragatik eta bertsolari bezala duen mailagatik —portzierto, duela aste pare bat Markinan erakutsi zuen maila koska bat gorago zegoen atzokotik—. Zorionak.

Xabier Amurizak jantzi zion txapela. Nekez bururatu ahal zait ohore handiagorik. Bertsorik ez, hitzak baizik, Etxahuni: «Ez ibili beti txapela buruan, baina ibili beti txapeldun moduan».

Eta bi urte barru berriz elkartuko garela. Bitartean, Euskal Herrikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.