Guggenheim museoan, Maria Helena Vieira da Silvaren margo eder baten aurrean nengoela, etorri zitzaidan galdera burura: zergatik ez du erakusketa honek berrireki Bilboko Arte Ederren Museoa, Georg Baselitzenak egin beharrean? Arte Ederren Museoak Vieira da Silvaren margolan bat eta zortzi grabatu ditu bilduman, eta Baselitzen bi grabatu soilik. Guggenheimek ez du Vieira da Silvaren lanik, baina bai ikusgai egon diren Baselitzen 300x250 zentimetroko hamasei koadrok osatutako sorta erraldoia. Baselitzen lanak ezagutzen ditugu, Vieira de Silvarenak askoz gutxiago. Harremanen historiala ikusita, beraz, zergatik ez ditu Arte Ederren Museoak ekarri?
Badu eragina nigan Vieira da Silva emakumea izateak; eta badu Arte Ederren Museoarengan eragina Baselitz gizona izateak. Azken 25 urteotan banakako zero erakusketa esanguratsu eskaini dizkie bigarrenak nazioarteko artista emakumeei (esanguratsu: kanpoko artelanen mailegua, katalogoa, publizitatea, aktibitate osagarriak). Museokoek esango didate Vieira da Silvaren erakusketa bat egin zutela 2021ean, eta egia da: bildumako lanak eta beste hiru grabatu gela batean erakutsi zituzten, FIG grabatu azokarekin kolaborazioan. Ez zen katalogorik argitaratu, ezta liburuxkarik ere. Orain, Baselitzen formatu handiko 50 margolan inguru daude pisu oso batean erakusgai. Katalogo mardul bat ondu da, lau adituren testuekin. Ikus: esanguratsu.Â
Vieira da Silva adibide jarri dut Arte Ederren Museoak nazioarteko figura batekin ireki nahi omen zuelako, baina nik etxeko hautagai baten alde egingo nuke: Mari Puri Herrero. Artista emankor eta bikaina da, bilbotar askok maite du, eta denontzat opari ederra izan zitekeen museoaren irekierarekin hura omentzea. Adinaren jakinduria gogoko du museoak, gizonezkoena bada: eraikin berriaren egileak, Fosterrek, 90 urte ditu, Baselitzek 87, eta erakusketaren komisarioak, Normal Rosenthalek, 79. Aldiz, 83 urteko emakumeei itxarotea tokatzen zaiela dirudi. Izan ere, azken 25 urteetan erakusketa esanguratsu baten ohorea izan duen artista emakume bakarra, Isabel Bakedano, 2019ko mostra ireki baino urtebete lehenago hil zen.
Orain urte batzuk ez nuke pentsatuko Vieira da Silva, Tarsila do Amaral, Annie Albers eta Hilma af Klint Bilbon ikusiko nituela... Guggenheim museoan. Erakusketa horiek guztiek Arte Ederren Museoan zentzua izango lukete, artisten garaiengatik eta zerabiltzaten formatuengatik. Baina arazo bat dute denek: emakumeak dira, eta niretzat gai hau inportantea bada, museoarentzat are gehiago. Inguruko arte zentro guztiek —Azkuna zentroa, Artium, Tabakalera, Kutxa, Guggenheim bera ere— erakutsi dute banakako erakusketa handi bat merezi duten artista emakume bikain ugari dagoela. Ebidentziaren aurrean, oso tematuta egon behar da emakumeak hain sistematikoki baztertzeko.