Andoni Imaz.
Donostiako 71. Zinemaldia. ILUNPEKO OHARRAK

Eskolako irakaspenak

2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Zer kontatzen dute beren istorioa kontatzen hasteko irrikan daudenek? Donostiako Zinemaldian Nest zinema ikasleen film laburren lehiaketan parte hartu duten hamahiru lanak ikusi ondoren, irudi bat zirriborratu liteke, murritza eta gutxi gorabeherakoa, datorren zinema ulertzen hasteko —edo, hobeto esanda, etorri berri dena—. Lehen ondorioa argia da: mundu garaikidea da gai nagusia, hura galdekatzen eta irudikatzen dute zuzendari gazteek. Hamaika herrialdetako egileek hitz egin dute nazioen konfigurazioaz, Mendebaldearen hipokrisia arrazistaz, kolonialismoaz, gerraren orbainez, genero zapalkuntzaz, giza harremanez, heriotzaz. Errealismotik, gehienetan, baina beste norabait ihes eginda ere bai, zinemak berezkoak dituen ezkutuko bideetan barrena.

Lan nekagarria da film laburren sorta bat ikustea, aldiro itzuli behar duzulako abiapuntura, hutsera, denekin justua izaten saiatzeko. Ikuslearen gogoa, ordea, apetatsua da, eta filmen izaera bera ere bai askotan; beraz, une honetan, lan horiek utzitako seinaleez fidatzea da aukera bakarra, nahasmenari argi egingo diotelakoan.

Mamu giroko Kai as buvau malalietka filmean (Gaztea nintzenean), Severina Vaiciunaitek filmatutako agur gau batean, lagunek elkarri objektu ikusezin bat pasatzen dioten unea. Kathy Mitraniren Sombras nada más (Itzalak besterik ez) laburraren atalkako narrazio misteriotsua, boleroek gidatutakoa. Carlos Pereirak Slimane-n periferiak eta disidentziak koadroan jartzeko asmatutako moduak, estilizazio zalantzagarri batez jantziak. Ainhoa Diaz Portoren eta Laura Valenzuela Monteroren Si pogués sostenir-me com ho fan els arbres (Zuhaitzek bezala eutsi baniezaioke) laburreko keinuak eta gorputz atalak, beren burua beste esanahirik behar ez dutenak. Natalia Garcia Clarken Las estatuas-en (Estatuak) konpromisoa, zinemagilea bera zuzenean esku hartzera bultzatzen duena.

Zer ederragorik ikasleen ekinetik ikastea baino.

Filmatzea jolastea da, Lila Aviles zinemagileak, Nest saileko epaimahaiburuak, Tótem pelikularen inguruan emandako eskola magistralean errepikatu zuenez—Horizontes Latinos sailean parte hartu du—. Aviles bera jolasti agertu zen erantzunetan, garden. Adibidez: hasieran, plano finkoak filmatu behar zituzten, baina, lanari ekin, eta ikusi zuten ezetz, beste «jario» bat izan behar zuela. Eta horixe da, hain zuzen, filmaren ahal nagusia, jario horri erantzuten dion eszenaratze moldakor eta bizi bat lortu izana, pertsonaien zerbitzura dagoen begirada alderrai bat, denboraren eta espazioaren gaineko kontzientzia duena. Zinemaren jolasean, dena dago jokoan: «Ematen du pelikula xumea eta soila dela, baina, sinetsidazue, filmatzean oso ahula zen; hori zen haren bertutea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.