Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Etenak

2026ko maiatzaren 17a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira gauaren ilunean garbitzen diren eraikinak. Eguneko argipean distiratsu ageri diren bulegoak, unibertsitateak edo administrazio eraikinak. Gauez, ordea, beste gorputz batzuek okupatzen dituzte: loaren erritmotik kanpo lan egiten duten horiek, nekearen denborazkotasunean preso, gehienetan bakardadean.

Nightcleaners filmak (Berwick Street Collective, 1972) gorputz horiei begiratzen die. 1970eko hamarkadan sortua, Erresuma Batuko emakume garbitzaileen lan baldintzak dokumentatzen dituen lana da. Gauez lan egiten dute, soldata prekarioen truke; Shell bezalako enpresa handien bulego hutsak garbitzen zituzten emakumeen erretratu saiakera bat da. Saiakera bat, tentatiba moduko bat. Izan ere, filmaren zuzendariek ondoren aitortuko zutenez, garbitzaile horien bizitza eta lana desagerpen-logika batean erretratatu behar izan zuten halabeharrez, irudietara eramateko zailtasunak presente, eta filmaketa lanak utzitako arrasto oro ezabatuz.

Eta, halere, pentsa litekeenaren kontra, Nightcleaners ez da langile borroka baten aldarri zuzen edo ohiko bat. Ez dago ahots narratzaile orojakilerik, ezta dokumental militantearen pedagogia irmo eta errepikakorrik ere. Aitzitik, filmak etenaren inguruan antolatzen du bere egitura: beltzera urtzeak —gazteleraz ezagunagoa den fundido a negro delakoa—, irudiaren hausturak, denbora kronologikoaren desintegrazioa. Hori dela eta, narrazioak ez du sekula aurrera egiten; ostera, etengabe desegiten eta berrantolatzen den azalera filmiko bat da.

'Nightcleaners' (1975) filmeko irudi bat.
Nightcleaners (1972) filmeko irudi bat.

Eten horiek azkenaldian bueltaka darabilkidan poema batera eramaten naute: Maria do Cebreiro poeta galiziarraren A suspensiĂ³n olerkira, hain zuzen ere. Poemaren hasierak honela dio: «Sempre hai un corte na vida». Beti dago mozketa bat bizitzan —edo bat baino gehiago—, jaiotzaren eta heriotzaren arteko bakardadera bideratzen gaituen haustura lazgarri bat.

Filmean agertzen diren etenak, ordea, ez dira errekurtso estetiko soilak. Esango nuke bizitzaren materialtasunean bertan gertatzen diren hausturak direla, gorputzak bere erritmoa galtzen dueneko sentsazio horiek, jarraitutasun soziala eteten deneko momentu horiek. Poemak aurrera egiten du: «...a sensaciĂ³n de que non somos/ mĂ¡is que un corpo suspendido/ no espazo». Eta, halaxe, pentsatzen dut espazioan esekita dagoen gorputzaren kontzientzia dela eten horiek iradokitzen dutena. 

«Os cortes devolven o corpo Ă¡ sĂºa soidade». Eten horiek gorputza haren bakardadera itzultzen dute, eta ideia hori zeharo presente dago film osoan. Garbitzaile hauek espazio hutsen barruan ageri dira sarri, nolabait denbora sozialetik kanpo egongo balira bezala. Ez daude erabat bakarrik, baina ez dira iristen langile komunitatearen iruditeria klasiko eta kohesionatura ere. Dokumental militante askok gorputz kolektibo trinkoa irudikatu zuten bitartean, Nightcleaners-ek bakardade hori azpimarratzen du; horregatik inskribatzen dira lana, errepikapena eta nekea gorputzaren beraren materialtasunean. Eta horregatik dira hain funtsezkoak iluntasuna eta beltzera urtzeak, nolabait, irudia bera agortuko balitz bezala. Nekatzen den irudi bat iradokitzen du filmak etengabean. Eta galdera hau irekitzen da orduan: zer litzateke nekatzen den irudi bat?

Nightcleaners-ek ez du errealitate sozial bat modu pedagogiko edo aurrez finkatuan azaltzen; aitzitik, ikuslea deserosotasun-eremu batean kokatzen du, garbitzaileen kolektiboa modu kontraesankor, ireki eta ezohikoan irudikatuz

Zinema militantearen balizko genealogia batean, mugarri bat da film hau. Eta genealogia horren bideak ezinbestean eramaten nau Andrea Soto Calderonen pentsamendura. Hark proposatzen duen moduan, irudiak ez dira soilik errepresentazioak; harreman modu ezohikoak ere badira. Nightcleaners-ek ez du errealitate sozial bat modu pedagogiko edo aurrez finkatuan azaltzen; aitzitik, ikuslea deserosotasun eremu batean kokatzen du, garbitzaileen kolektiboa modu kontraesankor, ireki eta ezohikoan irudikatuz. Esango nuke ikuslea eten moduko batean geratzen dela: nekearen eta agorpenaren ertzean, baina aldi berean emakume horien potentzialtasunaren intuizioarekin, betiere gauzatu ez den aukera baten itzalpean.

Friedrich Nietzschek zioen genealogia grisa dela, hautsaren kolorekoa: ez du kontakizun historiko lineal bat osatzen, baizik eta bazterrean geratutakoa, opakutasunean edo ahanzturan geratu dena ekartzen du lehen lerrora. Nightcleaners pilatutako hauts horren genealogia bat izan liteke. Izan ere, filmak —eta hor datza bere indar politiko eta estetikoa— bazterketaren arrastoak azalarazten ditu: etenetan, hausturetan eta irudiaren agortze uneetan. Ez du kontzientzia politiko itxi bat eskaintzen, ezta ondorio garbi edo itxirik ere; aitzitik, beste zerbait aktibatzen du: lan zamatsu horren denbora gorputzean bertan esperimentatzeko balizko aukera bat. Izan ere, behin gorputz horiek ikusita, zaila izanen baita espazio horiek berriro haiek gabe irudikatzea.

'Nightcleaners'

Zuzendaria: Berwick Street Collective. 

Urtea: 1972. 

 

Ikusgai: sarean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA