Garaiz esnatzen naiz, etxeko isiltasunaz gozatzeko. Sukaldeko aulki txikian eseri naiz kafea hartzera, leiho ondoan beti. Neguan, txorientzako janaria jarri ohi dugu leihoan, eta, han eserita, txorien joan-etorriak ikus ditzakezu. Aurten ez dugu jarri; hala ere, gaur amilotx polit bat etorri da. Asko hurbildu zait, ni kafesnea hartzen ari nintzen bitartean.
Ez dut uste kasualitatea izan denik. Sumatzen da udaberriaren deia, eta txoriak urduri dabiltza. Txori txiki horiek guztiak, amilotxak eta, batez ere, kaskabeltzak otsailean hasten dira kantuan, zuhaitzen adaburu artetik entzun daitezke, pasioz eta indarrez kantuan, sutsu. Udaberria laster etorriko den seinale garbia. Pentsatzen dut bikotekide bila dabiltzan garaian txorien jakin-minak ere gora egiten duela. Alegia, estalketa garaian jakin-mina eta ausardia handiagoak izaten dituzte, eta horregatik ausartu da amilotx hori hainbeste gerturatzera.

Udaberriaz pentsatzen dudanean, beti 16 urte nituela bizi izan nuen udaberri hura etortzen zait burura, niretzat erabakigarria izan zelako. Baziren urte batzuk institutuan hasia nintzena, eta, nerabe gehienak bezala, nire adinari zegozkion betebeharrak bete nituen, eta, sartu bezain laster, zeharo maitemindu nintzen niri hitz atsegin bat esan zidan lehen mutilaz. Espero zitekeen bezala, hitz atsegin haiek ez ziren askotan errepikatu, eta horretan geratu zen dena: lehen maitasun platoniko batean. Hala ere, Angela Davisek itxaropena «diziplina bat» dela dioen bezala, nik ere diziplinaz hartu nuen maitasun platonikoaren aldeko lana, edo, beste modu batera esanda, denbora asko eman nuen hari buruz pentsatzen. Azkenean, mutil hark institutua utzi zuen nik 16 urte nituenean, eta udaberri hartan jada ez neukan maitasun platonikoari eskaintzeko ezer. Hura izan zen nire udaberririk onena, neure buruarekin topo egin nuenekoa.
Bartzelonako nire etxea atiko txiki bat da, eta bista ikusgarriak ditu. Itsasotik gertu dago, baina mendira begira, eta gure aurrean hiri osoa zabaltzen da: etxe eta eraikin itsaso bat; terrazatxotik, Sagrada Familia ikusten da, apurka-apurka hazten; eta Tibidaboa euririk botatzen ez duten bere hodeiekin (eta, noizean behin, miraria ere gertatzen da, eta gure menditxoak elurra oparitzen digu).
Garai hartan amak oraindik ez zuen terraza berritu, eta aurreko jabeek utzi zuten moduan zegoen. Andaluziatik etorritako familia batena izana zen, eta terraza hango azuleju tipikoz apainduta zeukaten. Bazuen nolabaiteko xarma, nahiz eta, egia esan, dekorazio hark ez zuen guri buruz gauza handirik esaten.
Udaberri hura etorri arte, ez nuen terrazara ateratzeko ohiturarik. Baina eguraldi bereziki atsegina egin zuen, eta egun batean erabaki nuen etxerako lanak kanpoan egitea. Handik aurrera, ohiko leku bihurtu zitzaidan. Azuleju urdin eta zuri haiek distira egiten zuten, eta nire aurrean Bartzelonaren handitasunak ni ere handitu egiten ninduen.
Gainera, garai hartan gaztelania irakasleak aldizkari literario moduko bat egitea proposatu zigun. Ariketa literario batzuk eman zizkigun: alfabetoko hizki bati poema bat eskaintzea, testu bat hitz guztiak bokalez hasita idaztea… eta antzekoak. Izugarri ondo pasatu nuen. Literatura literaturagatik egitea! Hitzekin jolastea! Eta, orduan, literatura egiten hasten zarenean, gehiago egiteko gogoa pizten da. Horregatik, udaberri hartan poesia idatzi nuen. Ez dut inoiz gehiago poesiarik idatzi, baina udaberri hura poesiarako apropos-aproposa izan zen.
«Norbaiten aipamen batean hau irakurri nuen: 'Poesia da arte demokratikoena; paper bat eta idazteko zerbait baino ez duzu behar'. Nire kasuan, boligrafo bat, orri zuri bat, eguraldi ona, eta ni neu»
Garai hartako testuak ez zeudela gaizki esango nuke. Orain, beste gauza asko bezala, galduta daude, bueno, ez guztiak: nirekin daramat, bakarrik eta betiko, buruz ikasi nuen poematxo bat. Hala ere, irakasleen aldetik ez nuen aparteko goraipamenik jaso, ezta kritika berezirik ere. Agian ez ziren hain onak, noski. Eta, beharbada, hobe horrela, bakarrik eta esklusiboki nire pozerako idatzi bainuen. Norbaiten aipamen batean hau irakurri nuen: «Poesia da arte demokratikoena; paper bat eta idazteko zerbait baino ez duzu behar». Nire kasuan, boligrafo bat, orri zuri bat, eguraldi ona, eta ni neu. Hori zen guztia, Cira? Hau izango da zure formula magikoa hemendik aurrera? Hori bakarrik? Euforia puntu bat sentitu nuen hori deskubritu nuenean.
Egun haiek erabakigarriak izan ziren, agian zoriontasun mota berri bat deskubritu nuelako, edo barruan daramagun argia sumatu nuelako, edo heldutasunaren alde onak agertu zitzaizkidalako, edo, besterik gabe, hazi egin nintzelako.
Egun haiek baikor bihurtu ninduten.