Azken egunotan, balantzea egitea eskatu zaienean, urteroko gisan zenbatekoak xehatzeaz gain (ehunekoak, sarrera eta ikusle kopurua, ziklo bakoitzari dagozkion zenbakiak), hiru gauza nabarmendu dituzte bereziki: ahotsak jaialdiarentzat duen garrantzia, tokiko zein kanpoko artisten presentzia eta, oro har, hainbat orkestra eta errepertorioren lehen aldiak.
Ahotsari dagokionez, egia da gurean oraindik dagoen abesbatza tradizioak modua ematen duela, besteak beste, errepertorio sinfoniko-korala programatu ahal izateko kanpoko abesbatza handirik izan gabe eta, hala, horrek dakarren kostua saihesteko, bertako taldeei erronka artistikoak proposatzeko eta, horrekin batera, euren konpetentziak hobetzera animatzeko. Kataluniatik etorri zitzaigun Jordi Savallek sortutako Kapera Nazional bikaina, baina programazioan tokia hartu dute Donostiako Orfeoiak, Easo Abesbatzak eta herrietako zenbait abesbatzek ere. Ahots-errezitalak izan dira herri askotan, eta, era berean, Alos Quarteten inguruan bildu ziren, Arantzazuko santutegian, hainbat euskal belaunaldiren ahotsak.
Bestetik, oreka bilatu eta aurkitu du jaialdiak tokiko eta kanpoko artistak uztartuz. Aipatu abesbatzez gain, Xabier Anduagaren parte-hartzeak oso estimatuak izan dira, musikari-zerrenda guztiz euskaldunak osatu zuen Amaya opera (Arantza Ezenarro eta Guillen Mungia buru), eta West Side Story-n gertutasuna nabarmena izan zen Miren Urbieta-Vega, Nerea Berraondo eta inguruko abeslari gazteekin. Baina izan da aukerarik, aldi berean, Valentziako Palaueko Orkestraren jardun zirraragarriaz gozatzeko (Xostakovitxen 5. sinfoniak dar-dar egiten du oraindik) eta Espainiako Orkestra Nazionalaren maila altua baieztatzeko. Hala ere, azken astean izan dugu sinfonismoaren gorenean kokatzen diren bi instituzioren bisita: Parisko Operako Orkestra, Ravelen omenezko kontzertu magikoarekin, eta Leipzigeko Gewandhauseko orkestra, azken urteotan Kursaalean entzun den soinurik beteena eman diguna.
Programatzaileei: sartu ditzatela errepertorioan emakumezkoen obra klasikoak, badaude-eta, asko eta oso onak
Eta Hamabostaldia soilik Kursaala ez denez, ezin ahaztu Gipuzkoan barrena ditugun altxorrak deskubritzen dizkigun Organo Zikloa, aurten ere konbinazio erakargarriak eskaini dituena, ezta egitura murritzagoa eta tarteka goxoagoa duen ganbera-musika ere (Quiroga eta Casals laukote paregabeekin, besteak beste), antzinako doinuak dakartzan zikloa eta sorkuntza berriarekiko konpromisoa.
Zentzugabea litzateke izan ez denagatik jaialdia epaitzea eta, hortaz, emandakoa ospatu behar da, ona izan delako. Dena den, bi deiadar. Bata publikoari, batez ere antzoki handietakoari: ausardia pixka bat, guztiz ezaguna ez zaion errepertoriora hurbiltzeko gogoaz lagunduta. Obra entzutetsuak izaki, ez da ulertzen nola ez zegoen Kursaala lepo Wagner entzuteko, edo Valentziako eta Leipzigeko taldeen lehen kontzertuetan. Bestea, programatzaileei: sartu ditzatela errepertorioan emakumezkoen obra klasikoak, badaude-eta, asko eta oso onak. Bi horiek batuta, elkarrekin iraganeko zein orainaldiko musika deskubritu ahal izango dugu, eta, hala, ezagun berriak eraiki.
