Ismael Manterola
Begiz

Ezjakintasuna

2026ko martxoaren 3a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eztabaida Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduko legebiltzarkideak sortzaileak prekaritatetik ateratzeko edo babesteko lege proposamenak eskatu ditu. Lanartea elkarteak eta Siadecok sektorean egindako ikerketaren arabera, «ezegonkortasuna» eta «diru sarrera apalak» dira nagusi.

Gobernuan dagoen koalizioaren erantzunak baztertu egin du berezko lege proposamenak aurkeztea; ez ditu beharrezkoak ikusten. Hala ere, harritu nau aipatutako bi txostenetan esaten dena kontuan ez izateak, eta EH Bilduk eta Sumarrek egindako eskaera hain hitz gogorrekin edo hainbesteko ziurtasunarekin baztertzeak. Erantzuna eman duen legebiltzarkide jeltzaleak, proposamena atzera botatzeko arrazoiak eman beharrean, eraso dialektiko batekin hasi du bere diskurtsoa, eta «populismoa, demagogia eta klientelismoa» hitzak erabili ditu ekimen legegilea baztertzeko. Populismoek eta demagogiek ez dute arrazoirik ematen beren argumentuetarako, emozioetan eta diskurtso hutsetan oinarrituta egoten  baitira, baina legebiltzarrean entzundakoa —proposamena aurkeztu duen taldearen ideologiarekin bat etorri edo ez— txosten tekniko batzuetan oinarrituta dago. Zaila egiten zait Lanartea izeneko elkarteak eta Siadecok idatziz jasotakoari demagogia deitzea. Bestalde, klientelismo hitza bera ulertzea ere zaila egiten zait testuinguru horretan. Kultur sisteman lan egiten dutenak zeinen klienteak dira? Edo EH Bildu eta Sumar dira kultur sektorearen klienteak? Ez dut ulertzen.

Baina gehien harritu nautenak jeltzaleen diskurtsoaren azken hitzak dira; atzerrian inbidiaz begiratzen digutela esaten duen pasartea auzo lotsa emateko modukoa iruditu zait. Zertan oinarritzen da horrelako baieztapena egiteko? Zeinek zeri begiratzen dio inbidiaz? Espainiako erreferentziak hartuta —eta horrela ibiltzen dira gure politikari gehienak—, itsuen herrian, begibakarra alkate. Zein ari da demagogia egiten?

Azkenik, «prekaritateak ez dakar lanak okerragoak izatea; askotan, artistek barruan duten bulkada bestelakoa da» esaldia ulertzea zaila egiten zait. Lehenbiziko zatiarekin ez nago ados, bigarrena norbaitek azaldu beharko dit; bien arteko elkarketak ezjakintasuna adierazten du, eta gaurko artikuluko bigarren esaera: ezjakintasuna ausarta da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!