Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Familia bat hondoratzen

2025eko azaroaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pastore bihurtzen ari ote den kezka agertu du Lucrecia Martelek berriki egin duen agerraldi publiko batean. Pastore ala sermoigile. Zinemaren esparruan gabiltzan askorentzako aspalditik da erreferente, egiten dituen pelikulengatik batez ere, eta baita tarteka aireratzen dituen zinemaren inguruko hausnarketengatik ere. Badute erreferenteek artzain bihurtzeko arrisku hori, pertsonaiak pertsona irenstearena, eta gurtzen ditugunok badugu ardurarik hor. Halere, esango nuke Martelek baduela bere buruarekin ironiazko harreman benetako bat, eta eskertzekoa dela ikustea horretaz iseka egiten. Akaso umore hori izan liteke ikusgarritasun horretatik salbatzeko modu bakarra.

2001ean egin zuen La ciĂ©naga (Zingira) bere lehen film luzea lerrootara ekartzea ez da txantxa, existitzen da beti nolabaiteko tentsioa asko miresten diren filmekiko. Alabaina, lan onak berrikusterakoan gertatu ohi den bezala, badu pelikula honek norberaren sentiberatasunetik abiatuta, berria —edo oharkabean pasatakoa— erreskatatzeko modukoa den zerbait. Caja Negra editorial argentinarrak egunotan publikatu duen Martelen inguruko liburuak —Un destino comĂºn (Amankomuneko norako bat)— eraman nau hura enegarrenez ikustera, eta oraingo honetan antzeman dut, indar bereziz, familia baten gainbehera. Familia errari bat, familia burges bat, familia bat zingira batean hondoratzen.

«Lucrecia Martelek beti adierazi du fikzioa ez dela eraikigarria narrazioaren logika konbentzionalen bidez. Hori dela bizitza den auzi korapilatsuari ateak jartzea. Soroak nola, gure bizierak ez duela aurrez finkaturiko hesirik, ez bada ordena ekonomiko eta kulturalak ezartzen duena»

Martelek beti —indartsu, ozen, modu militantean— adierazi du fikzioa ez dela eraikigarria narrazioaren logika konbentzionalen bidez. Hori dela bizitza den auzi korapilatsuari ateak jartzea. Soroak nola, gure bizierak ez duela aurrez finkaturiko hesirik, ez bada ordena ekonomiko eta kulturalak ezartzen duena. Hala, bere lehen pelikula ez da narrazio linealeko kontakizun bat; kontrara, denboraren eta espazioaren usteltze motel bat garatzen deneko denbora zinematografiko bat da.

Argentinako Salta eskualdeko ingurune bero eta hezetsuan dago filmeko protagonista korala den familia honen etxaldea. Halere, premisa bezala agertzen da etxea ez dela babeslekua hauentzako. Haren paretek ez dituzte baretzen bertan bizi direnak; areago, espazioa bera bihurtzen da desintegrazio prozesu honen isla. Familiaren epizentroa den ama, Mecha izeneko pertsonaia, alkoholismoak eta ondoezak jota dago. Harengandik eraisten dira gainontzeko pertsonaia nagusiak: senar —eta aita— absente bat, etxeko pasabideetan dabilen espektroa balitz bezala; eta seme-alabak, egunerokotasun delirante horri nolabait eusteko gai diren bakarrak. Badira beste pertsonaia gogoangarri batzuk, etxean langile den emakume gaztea edota hirigunean bizi den lehengusina eskuzabala, esaterako. Baina familiaren nukleo gogorra etxe harresitu horretan preso bizi dena da.

Martelen munduan, familiaren zutabe emozionaletan ez dago ez maitasunik, ez segurtasunik. Alde horretatik, haren filmek familiaren idealizazio orotatik ihes egiten dute. Zerbait izatekotan, familia dekadentzia gradual horri eusteko tresna ahula baino ez da, zingira bera, metafora fisiko bihurtuta: gorputzak pixkanaka hondoratzen diren espazio geldoa.

'La ciénaga' filmeko irudi bat.
La ciénaga filmeko irudi bat.

Hala ere, Martelen ikuspegi soziala ez da inondik inora panfletarioa. Ez du erdi mailako klasearen gaitzespen moralik egiten; haren logika estetiko eta afektiboak jartzen ditu agerian. Horregatik, La ciénaga ez da familia baten irudi postkolonial edo argentinarra soilik, etxeko intimitatearen kritika zorrotza ere bada. Eta kritika hori espazioan bertan gauzatzen da: etxeak ez du antolaketa hierarkiko argirik, eta gela pribatuen eta eremu komunaren arteko mugak etengabe lausotzen dira etengabean.

Film honek gogorarazten du intimitatea ez dela neutroa: inperfektua eta biolentoa izan daitekeela eta, hala ere, dugun bakarra dela. Ustezko pribatutasun horretan garatzen dena —familia, sustraia, arrazoibide existentziala bera— bere baitan daramala desintegrazioaren hazia. Dagoenarekin egiten ikasi behar dugula: harreman asimetrikoekin, neurosi kolektiboekin eta gabezia orokortuekin.

Amaitzeko, zuzendari argentinarraren beste lan batzuetan gertatu bezala, hemen ere ez dago amaierako katarsirik. Ez dago moralejarik, ez purutasunik, ez garbizalekeriarik. Zingira kutsatuak bere horretan jarraitzen du beti. Hori da, agian, Martelen zinemaren indargune nagusia, desintegrazioa erakusteko duen modua, inolako epairik gabe baina konkrezio zinematografiko zorrotzarekin. La ciénaga-ko etxean, familia eta espazioa bat dira: biak gorputz beraren orbain likatsua, beroa eta zikina, eta, hala ere, familia bat.

'La Ciénaga' 

 

Zuzendaria: Lucrecia Martel.

Urtea: 2001.
Iraupena: 103 min.
Ikusgai: Filmin plataforman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.