Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Fedearen ezbideak

2026ko otsailaren 22a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenaldian hain bogan dagoen Oliver Laxe zinemagileaz idazteko tentazioari ezin izan diot eutsi. Autorea hain presente dagoenean —elkarrizketetan, jaialdietan, sareetan—, sarritan haren irudia zein diskurtsoa gailentzen zaizkio haren filmografiari. Niri, ordea, kontrakoa gertatzen zait: izenaren burrunbaren gainetik, haren lehenengo filmen irudiak datozkit maiz gogora. Eta penatuta ikusten dut nola autorearen figurak protagonismoa hartzen duen, bere obrarekin egiteko gai dena alboratuz neurri batean.

Sirat-en aurretik ere bazen Laxe, eta, nire ustez, bazen oso film sendoekin. Horregatik ekarri nahi izan dut gaur orriotara Mimosas, 2016an Canneseko Kritikaren Astean estreinatu eta saritua izan zena. Film horretan badago zerbait gerora etorri den guztia ulertzeko gakoa ematen duena. Izan ere, Laxeren filmografia ez dut ulertzen pieza solte gisa, baizik eta jarraitutasun moduko batean: paisaia batetik bestera mugitzen den ibilbide koherente bat, obsesio —eta neurosi— bera forma ezberdinetan berridatzita.

Mimosas filmari buruz garaiko kritikak esan zuen halako western mistiko bat zela, road movie espiritual bat, zergatik ez, parabola sufi bat. Ni, ordea, lehen aldiz ikusi nuenean, galdera nagusi batekin atera nintzen aretotik: zein modutan eusten zaio gaur egun fedeari?

Filmaren abiapuntua sinplea da: gizatalde batek hil hurren den xeke bat —gidari izpirituala—  Atlas mendietan barrena eraman behar du, bertan hiltzeko duen nahia asetzeko. Ordea, ikuslea laster ohartzen da bidaia hori ez dela inondik inora erraza izanen. Xekearen heriotzaren unea iristen denean, mendia eta bere arroztasuna oztopo bihurtuz doaz, eta aldi berean, baita haien dilemen ispilu ere: taldekideen beldurrak, nekeak eta euren fedearen ahultasuna geratzen dira agerian. Paisaia gogorra da, hotza, ia etsaia; eta, hala ere, ikusten duguna ez da naturaren kontrako bidaia bat, pertsonaien barne borroka bat baizik, zeinetan auzitan dagoen nola eutsi ezjakina den bidaia horri, zertan oinarritzen den haien fede itsua. Funtsean, bizitzaren ezjakintasunaren aurrean norberak egiten duen bideaz ari da Laxe.

Oliver Laxe zuzendariaren 'Mimosas' (2016) filmeko irudi bat. BERRIA
Oliver Laxe zuzendariaren Mimosas filmeko irudi bat. BERRIA

Pertsonaien artean bada figura nagusi bat, Shakib gaztearena, hain zuzen ere. Haren presentziak zerbait desegiten du ordura arteko narrazioan. Lazarillo moduko bat da; pertsonaia honek ez du ezer gidatzen, aitzitik, ikusten ez den zerbaitetan sinisten du, agian ezerezean edota presentzia indefinitu batean. Shakib fedearen operadore bat da film honetan, konfiantza hutsaren izenean mugitzen den figura anbiguo bat. Alta, hibridoa da: bi munduren artean dabil, garaikidetasunaren eta tradizioaren artean, asfaltoaren eta mendi-bidezidorren artean. Ez dirudi guztiz leku batekoa denik eta ezta bestekoa ere. Ez du diskurtso elokuenterik eskaintzen. Ez du teologiaz hitz egiten. Bere indarra entusiasmoan dago, eta berau besteei kutsatzeko gaitasunean.

Besteek atzera egin nahi dutenean, hark aurrera begiratzen du. Etsipenaren aurrean, berak beste zerbait ikusten du. Eta esango nuke bere temakeria horretan badagoela zeozer gaur egun falta zaiguna: bermerik gabeko konfiantza. Zentzu horretan, Mimosas filmak planteatzen duen galdera nagusietako bat, nire ustez, hau da: posible al da gurutzatu ezin den mendi bat gurutzatzea? Eta ez naiz, jakina, soilik mendiaz ari. Misio batez ari naiz, norberaren existentzia gainditzen duen zerbaitez. Gaur egungo logikan, dena neurtu eta kalkulatu behar den honetan, amore emateak dirudi zentzuzkoena: atzera egiteak, ziurgabetasuna abandonatzeak, desira anestesiatzeak. Alabaina, filmak bestelako oharpen bat iradokitzen du: zentzudunena izan daitekeela aurrera egitea, zerbaitetan konfiantza ustez hutsala izatea; helmugara iritsi bainoago, bidean tematzea.

«Dena neurtu eta kalkulatu behar den honetan, amore emateak dirudi zentzuzkoena [...]. Alabaina, filmak bestelako oharpen bat iradokitzen du: zentzudunena izan daitekeela aurrera egitea, zerbaitetan konfiantza ustez hutsala izatea; helmugara iritsi bainoago, bidean tematzea»

Horregatik iruditzen zait Mimosas zinismoaren aurkako antidoto bat. Izan ere, Shakib pertsonaiaren fedea ez da garaiezina —ez da heroikoa—, hauskorra da, eta horregatik, sinesgarria. Norbaitek eusten dion bitartean existitzen da aipaturiko fedea, eta agian hori da Laxek proposatzen duena: ez fede guztiz itsu bat, baizik eta aurrera egiteko irmotasuna froga nahikorik ez dagoenean ere.

Ibilaldiaren amaieran, ez dut uste garrantzitsuena denik frogatzea helburua bete den ala ez. Garrantzitsuena da norbaitek, noizbait, mendia gurutzatzea posible dela sinetsi izana. Keinu horretan, zaharra bezain garaikidea den zerbait dago, eta nik, ikusle gisa, eskertzen dut film batek oraindik ere horrelako galdera zuzen eta deserosoak egitea, modu batean edo bestean eta, batez ere, fede apur batekin.

'mimosas'

Zuzendaria: Oliver Laxe.

Urtea: 2016.

Ikusgai: Filmin plataforman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA