Duela 40 urteko San Fermin egunean bafle baten barruan egin zuen ihes kartzelatik ikur bilakatuko zen idazle batek, pasadizoa kontatzen duen abestia bada aski ikur, eta antzera kantuari ahotsa jartzen diona ere.
Datorren larunbatean amaituko du bira Fermin Muguruzak, Navarra Arena txiki utziz. Azken urteotan sold out kultura dela, makrojaialdiak direla eta ez dakit zer gehiago ahotan aritu den honek ohiko matraka idaztea esperoko duzue agian, baina ez nator horretara. Ikuskizuna, esperientzia, badakizue dagoeneko horrenbeste. «Ez noski, Ferminena bestelakoa da atsegin duzulako, ezta?», pentsatuko du irakurle zorrotzak. Ez da hori: uste dut grisez aritzeko abagunea ere ematen digula aferak, zuriez eta beltzez harago begiratzekoa. Muguruzak Anoeta bete du, bai, baina prezioez arduratuta eta esklusibotasunik saltzeko asmorik gabe; lagunez inguratuta jo du bere auzoko festetan, nahiz eta horrek hamaika buruhauste logistiko eman; bere-berea duen EHZ jaialdian aritu da, eta Gasteizko txosnetan; Kafe Antzokian eta Jimmy Jazzen ere bai, nahiz eta bistakoa izan txiki geratzen zaizkiola; Mexikon izan da bi bider, hautsak harrotu zituen lehen bisitan nahi gabe, helburu horrekin joan zen bigarrenean. Garaiaren itzalak nabarmentzen tematzen gara batzuk, beste zenbait epailea kontra eta joko zelaia aldapa gora dituztela ateratzen dira partida jokatzera, baikortasun kutsakorrez. Alde ederreko meritua dute horiek, zuriaren eta beltzaren artean lubaki batentzat tartea ikusten dutenek. Ferminen diskoek eta filmek badituzte gorabeherak, ez dut uste ibilbide artistiko orbangabea duenik. Alta, inork ez dizkio ukatuko zintzotasuna, irmotasuna, lanerako gaitasuna eta grina. Gauzak bestela egin nahian tematu eta horretarako jendea ekarri du albora, behin eta berriz. Merezi du aitortzarik.
Inoiz inork idatzi beharko luke Fermin Muguruzari buruzko zerbait. Taxuzko zerbait esan nahi dut, ganorazkoa. Cien Horas Con Fidel idatzi zuen Ignacio Ramonetek, beste horrenbeste mereziko du ba Muguruza komandanteak! Ez mito gehiago sortzeko, grisak nola koloreztatzen diren ikasteko baizik.