Ismael Manterola
BEGIZ

Fikzioa ala errealitatea?

2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Sophie Calle artista frantziarraren erakusketa batean Prenez soin de vous (Zain ezazu zeure burua) izeneko artelana ikusteko aukera izan dut. 2007ko Veneziako Biurtekoan, Frantziako pabiloian aurkeztu zuten fikzioari, biografiari eta autobiografiari buruzko lan handi hori.

Itxuraz, artistak jasotako mezu elektroniko batean maitale izandako gizonezkoak harremanaren bukaera iragarri zion. Callek, zer erantzun jakin gabe edo erantzuteko gogorik gabe, 107 emakumeri eskatu zien mezua interpretatzeko bakoitzaren esperientzia eta lanbideen ikuspegien arabera. Callek lanbide eta izaera ezberdineko emakumeak aukeratu zituen mezuari ahalik eta esanahi gehien ateratzeko. Proiektuan parte hartutako emakumeen argazkiekin, mezuen interpretazioekin eta grabatutako bideoekin Prenez soin de vous izeneko artelana osatu zuen. Bertan, Frantziako zerbitzu sekretuetan lan egiten duen emakume baten mezuaren interpretazioarekin batera, pailazoa den beste emakume baten antzezpen barregarria ikus dezakegu.

Horrekin guztiarekin, Callek mezuen aniztasunean eta identitateen eraikuntzan sartzen gaitu. Alde batetik, mezu bakar batek izan ditzakeen 107 ikuspuntu azaleratzen dizkigu. Irudiak mila aurpegi izan ditzakeen moduan, testuak ere hipertestualitate agortezina izan dezake; dena irakurlearen ikuspuntuaren araberakoa da. Hau da, ikus-entzunezkoaren interpretazioak artelana agortezin bihurtzen du. Bestalde, harremanen sareak izan ditzakeen mila aurpegi erakusten dizkigu. Bizitzak antzezpen kutsu izugarria du Calleren arabera. Harreman pertsonaletara mugatutako mezua ulertzeko ezintasunaren aurrean, 107 emakume bihurtzea erabaki zuen Sophie Callek, haiengandik zerbait hartzeko gogoz; denak baliagarriak, denak egia. Testuaren esanahi agortezinaren modukoa izan daiteke pertsonalitatea ere, batez ere besteekin eraikitzen ditugun harreman sareetan.

Azkenik, fikzioaren eta autobiografiaren arteko eztabaida puri-purian dagoen garaian, Callek hausnarketa interesgarria eskaintzen digu errealitatearen eta fikzioaren mugan egon daitezkeen gertakizunen inguruan. Fikzioa eraikuntza dela argi badugu, errealitateak berak ez dirudi oso ezberdina. Calleren lana ikusteko orduan beti daukagu zalantza bera; egia ote da autobiografiatzat aurkezten zaiguna? Non dago artistaren eta pertsonaiaren arteko bereizketa? Komeni zaigu gogoratzea 1981ean artistak aurkeztu zuen La Filature izeneko lanean Callek amari eskatu ziola detektibe pribatu bat kontrata zezan bera ikertzeko. Detektibeek Calle erreala hurretik jarraitu zuten, edo ikertzen ari zirela zekien Sophie Callek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.