begona del teso
Eppur si muove

Fiordoetan dago gure dekoratua

2026ko abuztuaren 28a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dolly Parton zendu zen egunean, Charli XCXen film bat ari nintzen ikusten ni. Estimu handitan ditut bi emakume horiek. Biei diet mira. Dolly ez zen bakarrik country musikaren erregina: bluegrass generoan ere aise eta airos ibili zen Tennesseeko neska hura, eta, behin baino gehiagotan, lur jota zegoen jendearen aldeko emakume onest, ondradu borrokalaria ere bazen.

Ez idazten ez leitzen ez zekien gizon letragabeko baten alaba; sortu zuen fundazioak liburuak erregalatzen zizkien haurrei. Jaio zirenetik 5 urte bete arte, hilabetero bidaltzen zizkien Dollyk ipuinak, bere Imagination Library delakoan pilatzen zirenak. Mila milioika letra oparitu dizkie Dollyk Estatu Batuetan beharrean dauden umeei. 2016an Tennesseen izan ziren suteen hondamendiaren ondorioei aurre egingo zien My People izeneko beste elkarte bat ere sortu zuen, eta ezer gabe geratu ziren ehunka laguni... lagundu zien.

Black Lives Matter ekimenaren bandera hartu zuen sutsu, LGTBIQA+ jendeak idolotzat zuen, eta Dollyk haien erreklamazio guztiak sostengatu zituen, beti. COVID-19a zabaldu berri zela, zer egin behar zen inor gutxik zekien hasierako momentuetan, Parton andreak pare bat milioi dolar eskaini zion Vanderbilt Unibertsitateko zentro medikoari, txerto bat aurkitu eta garatu zezaten. Moderna izenekoa sortu zen Dollyren laguntzaz...

Maite dut Steel Magnolias eta 9 to 5 filmetan agertzen den Nashvillen hildako musikaria. Ederki ulertzen dut 1999an The Simpsons marrazki bizidun txit gorenetan parte hartu izana. Omendu egin zuten han. Haren pertsonaiak, makillajea zabaltzeko belaki batez, ziega baten zerrapoa irekitzen zuen, ilea nahasi gabe, jakina...

Dolly Parton hil zen egunean, Charli XCXen Erupcja filma ari nintzen ikusten ni. Estimazioa diot aita eskoziarra eta ama, Ugandan hazi eta hezi bazen ere, Indiako Guajarat estatuan jaioa duen musikari horri ere; Gailur ekaiztsuak zinemara egokitzen zuen azken bertsiorako soinu banda sortu zuen emakumeari, alegia, hiperpop izeneko musika joera asmatu eta garatu duen horri; oinarri zaratatsuak, ahots alteratuak eta musika elektroniko bizkorra nahasiz, brat bataiaturiko aroan sartu gaituen horri.

Dolly zendu zen arratsean, gaur Euskal Herriko zinema areto bakar batean estreinatuko den Peter Ohsen 'Eurpcja' ari nintzen ikusten ni. Zergatik? Charli XCX dagoelako bertan, jakina

Dolly zendu zen arratsean, gaur Euskal Herriko zinema areto bakar batean estreinatuko den Peter Ohsen Eurpcja ari nintzen ikusten ni. Zergatik? Charli XCX dagoelako bertan, jakina. Banituen, ordea, beste arrazoi eta aitzakia handi batzuk ere. Esaterako, lana era informal batez dagoela filmatua, Varsovian. Antza, zuzendariak eta Charlik elkar ezagutu zuten Poloniako hiriburuko taberna batean, goizeko hiruretan. Biek nahi bide zuten pelikula bat egin. Amodio istorio batek erakarri berria zuen Peter Varsoviara, enamoratu zen gero hango apartamenduekin, hango gauekin, hango kale bankuekin. Intuizio kontuak dira maiz haren pelikulen abiapuntua. Klub batean kontatu omen zioten 2010eko Eyjafjallajokull Islandiako sumendiaren erupzioa suertatu zenean mutil batek Polonian geratu behar izan zuela, derrigor, aireko zirkulazio guztia bertan behera utzi baitzen, sumendiaren errautsek zeru bideak iluntzen zituztelako.

Horrekin guztiarekin, otu zitzaion Peter eta Charli gonbidatzea pelikulan parte hartzera. Gaur Euskal Herriko zinematoki bakan batean estreinatzen da: Bilboko Multicines7-n, alegia. Harrituko zaituztelakoan nago. Hasteko, gaurko musikaren panorama aldatu duen izarrak pertsonaia zaurgarria sortzen duelako. Balent, baina dudaz gainezka. Gero, hiru orduko pelikuletara usatuak garen garai hauetan 71 minutu baino ez duelako irauten film majo horrek, arrisku (ia) guztiak gainditzen dituenak. Eta, bukatzeko, J letra duelako izenburuan...

Bai, serio diotsuet, garrantzi handiko afera dahizkiarena. Izan ere, gurean dauden bi film interesgarrik, polemika eta ika-mika sorrarazi duten bi filmek J dute izenean. Bata Peter eta Charlirena da. Bestea, Canneseko Urrea eskuratu arren (edo agian eskuratu zuelako), jende makina batek arbuiatu duen Christian Mungiuren Fjord.

Zergatik astindu? Ba gure leialtasun demokratiko batzuk kolokan jartzen dituelako, borroketan zehar lortutako eskubide eta pribilegio horien pitzadura konponezinak argitara ekartzen dituelako. Garen animaliari jarri diogun kultura berniza arrailtzen ikusten dugulako pantailan. Eta, Los domingos-en gertatzen zen bezala, horri erreparatzeak min ematen digu. Min handia. Fjord Iparraldeko aretoetan dago. Estreinatuko da gero Donostiako Zinemaldian.

Bide batez, Iparraldean bertan, euskarazko bertsio miresgarrian ikusgai dago Albert Vazquezen Dekoratua. Horretan ere, pikutara kostata eraikitako gure barne eta kanpoko segurantza guztiak. Ez du J-rik Dekoratua-k, baina Charlik kantatzen duen bezala, «All this sympathy is just a knife/ Why I can't even grit my teeth and lie?/ I feel all these feelings I can't control (Urrikimendu hau guztia aiztoa baino ez da. Zergatik ezin dut ezta hotzak estutu ere eta gezurrik esan? Sentitzen ditudan sentimendu guztiak ezin ditut kontrolpean eduki)».

Fiordoetan ageri da gure dekoratu horren pitzadura. Goazemazu ba Varsovia aldera.

Dolly Parton, '9 to 5' filmeko (1980) irudi batean.
Dolly Parton, 9 to 5 filmeko irudi batean (1980).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA