Aitortzen dut, Jauna, aitortzen dut, Andrea, bekatu egin dut. Heriozkoa. Bekatuan jausi nintzen. Bekatuan nago. Bekatuan bizi naiz. Bekatu hoben astunean. Baina aitortzen dut, Jauna, aitortzen dut, Andrea, ez naizela damu. Inolaz ere ez. Azken finean, Fray Alonso de Mellak bultzaturiko erlijio-disidentzia famatuaren lurrean nengoen infernura jausi nintzenean. Aldarrikatzen zuten heretiko horiek pobretasunaren balio ebanjelikoa... Horietako hamahiru elizaren aurrean erre zituzten Kurutziagan, 1444. urtearen bueltan.
Heretiko oldartsuen lurraldean egon naizenez, zergatik bekatu egiteagatik damu izan? Sekula ez. Baina badakit bekatu egin nuela...
Durangon izan nintzen abenduak 7 egun zituela. Baina ez nintzen Azokan sartu. Ez nituen ez Ahotsenea ez Saguganbara ez Szenatokia ez Plateruena zapaldu. Ez nuen inor ikusi ez Goienkalen ez Barrenkalen ez Musikaren plazan. Ez bainintzen handik pasatu, ni bekatari, bekatari hutsa.
Jakin banekien Uribarri kalean Irudienea aretoa zegoela. Banekien hantxe eztabaidatu egingo zutela euskarazko eduki digitalez, aurkeztuko zirela Sarrionandiaren zinema paperak, plazaratuko zirela Asisko Urmenetaren Ni ez naiz sorgina, Paul Urkijoren Gaua, Sara Fantovaren Jone, batzuetan eta beste hamaika film. Badakit ezinbestekoa zela Irudienean sartzea ikasi ahal izateko zeintzuk diren sarean eskura, begietara, belarrietara ditugun euskarazko ikus-entzunezko baliabideak. Baina, ni bekatari, ez nintzen Irudienera arrimatu.
Ni Zeharkalean gora eta behera mugitu nintzen. Hor baitzegoen Durangoko Azoka Alternatiboa. Biltzen dira bertan beste inon kabidarik ez duten pertsonaiak eta argitalpenak. Izkribu, izkirio antifaxistak eta tebeo punkarrak, Urko Ansak landu/sortu duen Su ta Garren gaineko fanzinea, esaterako, zeini tinta usain deliziosoa baitzerion.
Erosi nuen han Mariposas del caos (Kaosaren tximeletak) izena duen argitaletxeak 5 euroan ateratako Guy Deborden In girum imus nocte et consumimur igni. Bazen Debord filosofo marxista, idazlea eta zinemagilea. 19 urterekin osatu zuen bere lehen filma, Hurlements en faveur de Sade. Orduan bazuen Guyk zinema birrintzeko helburua. Deuseztatu seko. Izan ere, filmean ez da... irudi bat ere ikusten.
Erosi nuen liburuak 70eko hamarkadaren amaieran 35 mm-tan eginiko film baten berri iluna eta zinemaren gaineko hausnarketa garratza, basa, jartzen ditu agerian. Film hori egiteko Deborde autoreak libertate osoa exijitzen zuen kontratuan. Ez zuen inoren kontrolik onartuko eta inork ez zuen jakingo filmaren nondik norakorik. Ez zituen kontuan hartuko ikusleak. Deborderen esanetan, dena aguantatzen duten eta dena bere egin duten ikusleek ez dute errespeturik merezi...
1982an pantailaratu zen In girum imus nocte et consumimur igni. Ankerra, brutala. Kontsumismo basaren aurkako aldarria. Gu kulpante. Gu gara aro honetako esklabo zoriontsuak...
Mendekuaren zain ziren guztiak, bai kritikoak bai ikusleak. Eta ordurako, sosik gabe ekoizleak. 1982an pantailaratu zen In girum imus nocte et consumimur igni. Ankerra, brutala. Kontsumismo basaren aurkako aldarria. Gu kulpante. Gu gara aro honetako esklabo zoriontsuak...
Zapuztu zuten filma, jakina. Egun —gora heretiko berria!—, munduko lau izkinetan eskatzen diote Guyren familiakoei baimena proiektatzeko. Egun, Bilboko DDT Banaketak ausartek katalogoan dute Deborden zinemaren inguruko gogoeta zakar zoragarria den 5 euroko liburuxka.
Ni izan nintzen Durangon Guy Debordek mespretxatzen zituen ikusle doilor horietakoa. Aitortu behar dut Irudienetik pasatu nintzela, bai... ondoko beste atetik sartzeko. Zugaza zinematokiko emanaldi komertzialetan murgildu nintzen, ez dut barkamenik, ez. Baziren aretoan lagun talde ugari, krispetak eta freskagarriak eskuan zituztenak, firin-faran zirenak. Denok nahi genuen, ni bekatari, Five Nights at Freddy's 2 ikusi. Esan behar dut beraiek nik baino askoz gehiago zekitela filmaz eta iturri duen bideojokoaz. Esan behar dut kaskarra dela oso (hasierako tituluak eta sekuentzia mundialak badira ere). Esan behar dut beldurrezko (edo) narraskerian zehar akorduan izan nituela Deborden hitzak, zinemaren ingurukoak. Alta, primeran pasatu nuen (segundako tiketarekin, hori bai). Ederra izan zen oso Durangon bekatu egitea. Zinematik ateratzean, txurroak eta turroia erosi nituen.
