begona del teso
Eppur si muove

'Giallo' tonu guztiak diamante hil baten islan

2026ko abuztuaren 7a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko aste osoa eman dut kantari. Abesbatza batean? Ez! Arrimatu naizen guztietatik bota egin naute. Beti. Kantu jiran? Ez! Sakon molestatzen nau errondan ateratzen diren horietako askok euskal musikari ezartzen dioten kutsu tristatuak. Ni, aldiz, beti izan naiz Donostiako hiru damatxoen zale amorratua, Bilintx kaskarin haren alde eta euren erriman lauzpabost hizkuntza random bezain elegante konbinatzen dituzten hemengo musikari urbano-kalekume horien adiskide porrokatua.

Ez, hezurrak haragi bizitan utzi nauen Mother Mary-rako Jack Antonofek, Charli XCXek eta FKA Twigsek sortutako abestiak ikasi ditut buruz nik eta Rosalia, Ariana Grande, Madonna, Lorde, Lady Gaga eta Anne Hathawayen beraren imitazio ziztrinean ibili naiz gau eta egun.

Ea, zuek goian idatzitako guztia egiaztatu ahal izateko Holy Spirit kantatuko ote nizuekeen paperean? Jakina, plazer handiz: «Are you there? Are you mine? Do you feel holy?» (Hor al zaude? Nirea al zaitut? Sakratua zarela uste al duzu?).

Froga zehatzagorik nahi duzuela? Kantatuko dizkizuete ba, beltza zuri gainean jarriz, Red Mother-ren hitzak: «I wish to go back to you
Darling, when will I go back to you?
» (Zurekin nahi dut berriro. Noiz bueltatuko naiz zugana, maitea?).

Oraindik ez didazuela sinisten? Azkena kantatuko dizute ba: «Everybody has an obsession. Everybody has a secret
Everybody has a true angel, Everybody has a cradle» (Mundu guztiak du obsesio bat, mundu guztiak du sekretu bat, mundu guztiak du benetako aingeru bat, mundu guztiak du sehaska bat).

Forzanik eta Cattetek 60ko eta 70eko hamarkadetan Italian egiten zen beldurrezko, fantasiazko, akziozko zinemarekin duten atxikimendua ez da, nik uste, batere sanoa

Horrela, erabat desafinatzen, eman ditut gauak eta egunak (deskantsu bat hartu nuen San Ignazioren ereserkia kantatzeko… Egiatan diotsuet zorabio hutsean erortzen naizela «nahiz betor Luzifer Deabrua utzirik infernua» entzuten dudanero…).

Kostata nire onera etorri nintzenean, agudo ohartu nintzen askoz gusturago nengoela eromenaren altzoan. Bertan kulunkatzen segitzeko pelikularik estrainioena behar nuela pentsatu nuen, eta… Definizio balekorik ez duen Helene Cattet eta Bruno Forzani zinemagileek osaturiko bikotearekin akordatu, eta, gogoratu bezain pronto, peskizetan hasi nintzen. Non ote legoke iazko Berlinalen ikusitako beren Reflet dans un diamant mort (Diamante hil baten isla) hura, extravaganza guztietan estrabaganteena; nabarmenena?

Eureka! Bidasoak zatitzen/lotzen dituen Euskal Herriko zazpietan eskura ditugun bi plataformek euren bildumetan dute: Iparraldeko Premiere Max-en eta Hegoaldeko Movistar-en aurkituko duzue. Ausartu ahal/nahi izatera, jakina...

Helene eta Bruno frantziarrak dira. Rubber, Fumer fait touser, Mandibules, Incroyable mais vrai eta Daaaa! bezalako zeluloidezko pieza eszentrikoen egilea den Quentin Dupieux bezain Frantziako kume peto aldrebestuak. Michel Houellebecqek berak ezingo lieke aurpegira bota ordezkapen handiaren front man & woman direnik. Frantziarrak dira, bai jauna, bai anderea; Helene eta Bruno. Atzekoz aurrera hasiz, irakur ezazue, otoi, ohar garrantzitsu hau, nik erabilitako eszentriko hori exkentros grekotik dator; zentrotik joana, abiatua, at, kanpo esan nahi duen horretatik. Nahita eta nahieran aukeratu eta gobernatu dudan hitza da, horretaz gero jakitun zarete, irakatsitako bidetik ospa egiten duenak beti aurkituko du abegia berripaper honetako orrialde honetan.

(ID_17859408309225) Reflet dans un diamant mort
'Reflet dans un diamant mort' filmaren irudi bat. BERRIA

Non geunden? A bai, Reflet dans un diamant mort-ez ari ginen. Zuen baimenaz, Cattet eta Forzaniren beste balentriak azalduko dizkizuet. Belgikan bizitzen jarri ziren aspaldian. Seguru kokaleku horrek eragin ikaragarri eta saihetsezina izan duela euren garunetan. Ez ahaztu Belgika Magritteren, Hergeren, Chantal Ackermanen, Dardenne anaien eta Jaco Van Dormaelen jaioterria dela, eta horietako batzuek (Peter Brosens eta Jessica Woodworthek, etsenplu) buruan zer duten jakitea ezinezko zaio Hamar Mandamentuak eta gehiago betetzen dituen jendeari.

Helenek eta Brunok izugarrizko abilezia dute euren pelikulak izendatzeko. Nork ez luke ikusiko Laissez bronzer les cadavres (Utz ditzagun gorpuak beltzarantzen) titulua duen espageti-polar bat, nork?

Forzanik eta Cattetek 60ko eta 70eko hamarkadetan Italian egiten zen beldurrezko, fantasiazko, akziozko zinemarekin duten atxikimendua ez da, nik uste, batere sanoa; baina gaixo apasionatuek sortutakoez ez al gara ba gu beti elikatu izan? Maite dugu Italiako giallo. Bai, giallo-k horia esan nahi du italieraz. Zine mota oso bati eman zion kolore horrek izana, horiak baitziren merke-merke saltzen ziren oesteko eta espioien nobelatxo herrikoi haien azalak, zeinak zinegileek inspirazio hartzen zituzten.

Giallo erabiltzen dute Helenek eta Brunok lehengai, abiapuntu, mami, katu, erregai, pozoi euren Reflet dans un diamant mort-en. Sinetsi ala ez, zin degizuet (Libération egunkariak gauza bera pentsatzen du…) pelikula hori Viscontiren Morte a Venezia, Piero Vivarelliren Satanik eta Mario Bavaren Danger Diabolik-en arteko sasi turbo-pop-mix bat da, Henri Verneilen Peur sur la ville-ri egindako erreferentzia ahaztu barik. Alta, Heleneren eta Farzoniren burutazioa ez da nostalgia erdipurdiko aprobetxategiz tindaturiko kopia gaurkotua. Ez! Nortasuna berezkoa du. Oso fuertea. Horrexegatik izan zen lehian iazko Berlinalen. Horrexegatik Bilbon omendu berri izan den Fabio Testik onartu zuen aktore izatea bertan, protagonista malenkoniatsu eta perilosa. Horrexegatik dastatu beharko zenukete zuek, Mother Mary-k probokaturiko ezinegon delizios horretatik beste, ez-konfort deliziosago baten bitartez sendatu ahal izateko. Nahi izatera…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA