Oraindik negua zen Easo abesbatzako kideok partitura jaso genuenean, entsegu gelatik atera eta gau beltza gainean dugun egunetako batean. Hasieran, pentagrametan aurrera egin ahala, aurpegiak zimurtu egiten ziren, ulertu ezinik; batetik, soilik abesbatzaren zatiei erreparatuz istorioak ez zuelako ez hasiera, ez korapilo, ez amaierarik; bestetik, kantatzen genituen hitzak, euskaraz idatzita bazeuden ere, arrotzak zitzaizkigulako. Izan ere, gure hizkuntza normalizatu aurretikoa da Jose Arrueren bertsioa, gehienbat bizkaieraz idatzia eta Arana Goiriren neologismoez josita. Euskaltzaindiaren hiztegietan ikerketa egin beharra zegoen bakaldun, Doipuru, azkespen, santzo, erdu, alatz eta halako terminoei zentzua eman ahal izateko: errege, Aita Santu, barkamen, irrintzi, etorri eta mirari. Azkar batean lexiko ikastaro aurreratua osatu genuen.
Hala, Jesus Guridiren Amaya bere horretan ulertzeko espazioa irekiz joan zen. 1910 eta 1920 artean idatzi zuen, euskal nazionalismoaren loraldian, proposamen kostunbristak gainditu eta euskal opera serioa suspertzekotan. Testuinguru historiko horretan, seriotasunak bi bide hartu zituen: batetik, Europako musika estiloarena; bestetik, erlijioa eta elezaharra batzen dituen narrazioarena. Guridik jada Frantzian eta Alemanian eginak zituen ikasketak, eta bertan mamitutako konposizio joerak euskal erroekin uztartuz, melodia herrikoi eta tradiziozko kondairei zama eta garapen harmoniko sakona eman zien. Leitmotiv-aren erabileran oso nabaria da hori: pertsonaia bakoitzak berariazko melodia txikia dauka, herrikoietan errotuak asko (Argizari ederra eta Adios, ene maitea entzun daitezke, esaterako), eta obran zehar harilkatuz entzuleari heldulekua ematen diote. Eta baditu, horrez gain, Ezpata-dantza edo Ilbetea bezalako pasarte ezagunak ere.
Istorioa, Navarro Villosladak bere eleberrirako erabilitako iturrien gainean eraikia, Errekonkista hasieran kokatzen da, euskal herritarrak ohitura paganoetatik aldendu eta kristautasuna bereganatzen hasten diren garaian. Amaya eta Todosiren (Teodosio, «jainkoaren dohaina») arteko harremanean islatzen da talka: Aitor patriarka mitikoaren oinordekoa da lehena; bigarrena, euskaldunek aukeratu duten bakaldun kristaua. Tartean Amagoya dago, tradizioak galdu ez daitezen bere iloba, Amaya, Asier gazte paganoarekin ezkondu nahi duena. Denera, maitasuna, fedea, parrizidioa, errua eta azkespena batzen ditu kondairak.
Ez da erraza hainbeste elementuz osatutako obra bat programatzea; dakidala, hiru aldiz eman da: Bilboko estreinaldian 1920an, Gasteizen 1986an, eta berriro Bilbon 1998an. Eta laugarren aldia Donostiako Musika hamabostaldian izan du, joan den larunbatean, Kursaal auditoriumean; Diego Martin-Etxeberriaren gidaritzapean aritu dira Euskadiko Orkestra, Easo abesbatza eta hainbat bakarlari —tartean, Arantza Ezenarro (Amaya), Gillen Mungia (Todosi) eta Marife Nogales (Amagoya)—. Entsegu ordu asko behar da dena bere tokian jartzeko. Lehenik, bakoitza bere kasa; ondoren, ahotsak antepiano eta zuzendariarekin; azkenik, bakarlariak, orkestra eta abesbatza elkartzen gara. Emanaldiaren egunean, goizean entsegu orokorra egiten da, aurretiazko lana aretoaren berezitasun akustikoei egokitu ahal izateko. Kontzertua amaituta, ozen entzuten dira txaloak bertan, eta, ahots masaren barrutik, bizkortu egiten dira taupadak.
