Urte luzez izan zen Donostian surfari eta surflariei eskainitako zinemaldi nazioarteko eta mundiala. Olatuen gainean dabiltzan bertako, tokiko, askok eginean eginez ikasi zuten aparraren gaineko balentriak ondo filmatzen, eta hantxe ikasi genituen guk taula edo ur-motor baten gainean hartutako irudi ezinezkoak dastatzen.
Surfa beti izan da zinemarako delicatessen bat. Erronka. Gainditu beharreko ezina. Gozamenerako amua. Egitandirako tentazioa. Jarraitzen du izaten. Eta Donostiakoa desagertu bazen ere, hor dirau Bilbokoak, hor Kanarietan neguan izan ohi denak, hor planetan zehar ibiltari dabilen Save the Waves (salba ditzagun olatuak) izenekoak. Kaliforniako Salinas herrian bada bat ospe handikoa, eta Miarritzeko Le Royal areto txit gorenak beti probesten du Wheels & Waves (gurpilak eta olatuak) topaketak ekainean, ekainero, luzatzen dion aukera, surfaren inguruko pelikulak markaz fuerakoak programatuz.
Aspaldikoak eta hobeezinak dira surfaren eta zinemaren arteko hartu-emanak. Mugarri bat jartzeagatik aipa dezagun, belauniko, 1979ko The Big Wednesday filma, Jon Miliusena. Bertan, Vietnamgo Gerrara joan behar dutelako etsipenak jota dauden hiru lagunek agurra egin nahi diote elkarri. Baita euren bizitzetan horren garrantzi handia izan duen surfari ere. Izugarriak dira irudiak, maisu ugarirekin (Fosse, Siegel, Fuller, Eastwood…) lan egindakoa zen Bruce Surtees izan zen bertan argi zuzendaria. Berak eta The Wind and The Lion-en autorea zen Miliusek irakatsi zien gero etorriko ziren zinemagile paregabeei olatuak eta taulak filmatzen. Bezalakorik ez zuen, artean, inork ikusi. Malenkonia dario filmari. Malenkonia distiratsua, Basil Poledourisen soinu bandak areagotzen duena…
Urteak pasa ziren eta guk ez burutik ez bihotzetik ezin kendu The Big Wednesday. Alta, 1991n, Kathryn Bigelow andere ezin konparatuzkoak gure nostalgia ezabatu zuen kamera kolpe batez, Point Break eskainiz. Pantailan, polizia bat, lapur batzuen bila dabilela, infiltratu egiten da surflari batzuen artean. Nola ondo infiltratu? Surfean ikasten, jakina.
Aspaldikoak eta hobeezinak dira surfaren eta zinemaren arteko hartu-emanak. Mugarri bat jartzeagatik aipa dezagun, belauniko, 1979ko The Big Wednesday filma, Jon Miliusena
Guk eta gutarrek buruz (eta bihotzez) ikasiko genituen esaldiz betea da filma. Harrapa itzazu segidako hauek: «Berriro. Jarri posizioan. Makurtu zaitez edo eroriko zara. Belauna arrastaka eramanez gero, uretara zoaz. Oina arrastaka eramanez gero, arrainak dauden hondora zoaz. Bi oinek zapaldu behar dute aldi berean taula... Hori da. Hooori da! Surfean ari zara».
Neoprenozko larruazal ezkataduna eta hizkera propioa, bizimodu propioa, izaera propioa dituen tribu batean sartu gintuen Bigelow andere mirestuak. Ez genuen pentsatzen The Big Wednesday inork berdinduko zuenik. Ez gara konparazioetan hasiko baina beldurrik pe esan dezakegu Point Break zeluloidezko surfaren urrezko beste katebegirik dela.
Frogarik behar? Ba handiena emango dizuet: egun hauetako karteldegian den film zora/izu/ikara/garri batek aipatzen du umilki, bere maisutasuna aitortuz, darabilen bizi filosofia surfean aritzen den jende ugariarentzako biziraupen eskola primerakoa izan dela errekonozituz.
Nagusiarekin duen zorra xume eta leial onartzen duen pelikula horrek Dangerous Animals du izenburu, Australiakoa da, eta Spielbergen Jaws ere ispilu eta eredu du. Gehi serieko hiltzaileak agertzen diren beste hainbat zeluloide puska eder, odola darien horietakoak. Moby Dicken arrastoa ere dastatuko duzue bertan. Lan paregabea da. Atmosfera gero eta hertsiagoa da, gero eta ustelduago bilakatzen da. Bada bertan beldurrik ez duen neska surflaria, uda honetako pertsonaia finena bihurtzen dena.
Maite ditugu guk hemen surfa, zinema, marrazoak, serieko hiltzaileak eta bizirauten dakiten abenturazaleak. Maite dugu Australiako zinema. Askoz gehiago itsasertzean girotuta badago, are gehiago kostan animalia arriskutsuak badaude. Horrexegatik, amaiera jartzen diot hemen artikuluari, Beast of War ikusi nahi dut eta. Gaur estreinatzen da. Gaur nahi dut, biziki nahi, ikusi. Bizirik ateratzen banaiz, datorren astean komentatuko, zin degizuet.
