Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Gorputzek zer

2025eko irailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

'ArcoÍris 82' erakusketa

Ikusgai diren irudiek eduki esplizitua dutela eta, hortaz, ikuslearengan izan dezaketen eraginaz ohartarazten du txartel batek Donostiako Tabakaleran Arcoíris 82 erakusketaren sarreran. Eduki ageriko —eta ustez arriskutsu— horrek, besteak beste, gorputz masa batek egiten dituen ariketa katartikoak jasotzen ditu. Irudiak ez direla hutsalak eta gugan utzi dezaketen arrastoaz ari da ohartarazpen hori. 

Erakusketa Irati Gorostidi artista eta zinemagilearen Aro Berria (2025) film luzearen filmaketan zehar pilatutako material argitaragabekoekin osatzen da. Egunotan Donostiako Zinemaldian estreinatu den filma hau Gorostidik duela hamarkada bat hasi zuen ikerketa eta sorkuntza prozesu luze eta zorrotz baten emaitza da, oinarrian 1980ko hamarkadan Nafarroako Lizaso herrian finkatu zen Arcoiris komunitatearen esperientzia aintzat hartzen duena. Hain zuzen ere, Aro berria filmatzerako unean, Gorostidik zuzenduriko eszenaratzeetan parte hartu zuten aktoreen gorputz zein ahozko-testigantzak aintzat hartzen dituen erakusketa da aipaturikoa. 

Esan bezala, aktoreek gorpuzturiko eszena horiek filmean ageri den komunitatean bere garaian garaturiko dinamika liberagarriak dituzte oinarri. Askorentzako ezezagunak diren Marathon eta Samsara deituriko praktikak txandaka daude proiektaturik, eta, horiekin batera, artxibo material ezberdinak eta errodajeko irudi finkoak. Denetan nabarmentzen dira elkarrekin zein elkarrekintzan dauden gorputzak, hauen mugimenduek sortzen duten energia zinetikoaren intentsitatea eta irudien hondoan iraunkorki agertzen den gorritasun mingarri eta aztoragarria. 

«Trantsizio politikoaren garai hartan antolatzen ari zen ezker egituratu hartako talde gehienek —ez denek, ez modu berean— gorputzaren ahalmena alboratu zuten, arrazoizkoa zen ezagutza baten alde»

Pelikula batzuen —askoren— lan prozesuak hain dira luzeak eta hain oparoak, gainezka egiten diotela filmaren beraren hasierako asmoari eta bestelako forma posibleetan topatzen dute hedatzeko modua —liburuetan, marrazkietan, edota modu honetako instalazioetan—. Hala, Arcoíris 82 erakusketa ez da errodajeko irudi-hondarrekin egindako lan gehigarri bat; filmaren hasieratik zinemagileak zuen intuizioarekin egiten du lan: bere gurasoen irudi errealetan topatu zituen gorputz biluzi horiek eragin zioten sentimendu bortitzarekin, hain zuzen ere. 

80ko hamarkadan Euskal Herrian, Trantsizio politiko bete-betean, ordura arte mugimendu eraldatzaileetan parte hartu zuten hainbat kidek Arcoiris bezalako komunitateetan topatu zuten euren bizierari zentzu politikoa ematen jarraitzeko modua. Gorostidik aitortu bezala, esperientzia eraldatzailea izan zen askorentzako; batzuentzako, liberagarria; beste batzuentzako, ordea, traumatikoa. Dena esatera, esperientzia kolektibo gehienetan gertatu ohi den moduan. 

Gorostidik baina gaur egunera ekarri du bere gurasoen eta beraiekin batera langile borrokan zein komunitatean aritu ziren pertsonen bizipena: nola grabatu film bat mimetikoki garai hartako esperientzia birsortu gabe? Nola eguneratu pertsona horiek bizi izan zuten pultsio kolektibo hura errekreazio soil batetik haratago? Horretarako aktoreak komunitate horretan egiten zituzten aipaturiko praktika askagarriak errepikatzera gonbidatzen ditu, nolabait, gorputza jokoan jarriz baino ez duelako topatzen bizipen hura gaurkotzeko modurik. Erakusketan dauden monitoreetan entzuten dira aktoreen erreakzioak, eta horiek dira, nire ustetan, Gorostidiren lanaren mugarrietako bat: sentitu dute beldurra, beste gorputzekiko errezeloa, nazka eta beste hainbeste sentsazio ere bai.  

Spinozak esan bezala, ez dakigu gorputz batek egin lezakeenaz ia ezer; apenas uler dezakegu haren potentziak eragin dezakeena. Alabaina, Trantsizio politikoaren garai hartan antolatzen ari zen ezker egituratu hartako talde gehienek —ez denek, ez modu berean— gorputzaren ahalmena alboratu zuten, arrazoizkoa zen ezagutza baten alde. Gorputzak emititu zitzakeen seinaleek ez zuten lekurik topatu hamarkada gogor haietan bizi izan ziren aldarrikapen eta manifestazio publikoetan, are gehiago, gorputz-aktibatu batek adieraz zezakeenak mesfidantza eragiten zuen askotan. Busto-berbadunak nagusitu ziren orduan, burutik behera luzatzen den dimentsio korporala ahaztuz eta, hartara, politikoki hura desaktibatuz. 

Aldi berean, gorputzen liberazioa oinarri zuten komunitate askok —ez denek, ez modu berean— dilema antzekoekin egin zuten lan: gorputzaren bidez aldaketa indibidual eta kolektiboa egin zitekeen asmoak gidaturik antolatu ziren. Funtsean, erantzunik gabeko galderak aireratu zituzten —Gorostidik berraratzen dituenak lan honen bidez—: elkarrekin dauden gorputzek eragin dezakete eraldaketa errealik? Gorostidiren lanak, beste gauzen artean, frogatzen du ez dugula oraingoz jakinen gorputz bakoitzaren potentzia erreala zein den, eta, momentuz, misterio horri bueltaka jarraitzeko tartea luzea izanen dela behinik behin. 

(ID_15306786) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-09-11, Donostia Irati Gorostidiren erakusketa Tabakaleran: \'Arcoiris 82\'. 11-09-2025, Sa...
Irati Gorostidi, Donostiako Tabakalerako erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.