Cira Crespo.
Lauhazka

Gorrotoa

2025eko abenduaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela ez asko sareetan hurrengo galdera hau agertu zen: «Zenbatetan pentsatzen duzu Erromatar Inperioari buruz?». Orduan, emakume askok deskubritu genuen gizon harrigarriki askori gaia zinez interesatzen zitzaiela. Hegemonia bortitzaren idealizazio horretan, gizon hauen gogoetak honelakoak omen dira: «Zer egingo nuke, adibidez, erromatar soldadu banintz?» edo, askoz hobeto, «gladiatore banintz?». «Nire eskuekin zezen bat hiltzeko kapaz izango nintzateke?». Horrekin lotuta, egun batean ikusi nuen, erdi beldurtuta, erdi auzo lotsak jota, eskuin muturreko hainbat eduki sortzailek estadio bat alokatu eta erromatar jokoetan inspiraturiko jai erraldoi bat antolatu zutela. Han zebiltzan gizon horiek, gladiatorez mozorrotuta.

Ni ez naiz gizona, baina nik ere Erromatar Inperioari buruz maiz pentsatzen dut. Berez, historia ikasi nuenean, nire espezializazio arloa Antzinaroa izan zen, eta horri buruz egin nuen tesia. Niri, hala ere, erromatarren garaiaz gehien interesatzen zaidana, hain justu, beste aldea da. Asko laburbilduz, iruditzen zait oso interesgarria dela ikertzea eskala handiko faxismoaren aurrekari garrantzitsu eta arrakastatsuenetako bat. Bai: distantzia guztiak gaindituz, ez dut uste Erromatar Inperioaz hori esatea gehiegikeria denik.

Horren adibide sinboliko eta argi bat da, niretzat, mitraismoa. Mitraismoa? Bai, erlijio berezi bat izan zen, erromatar garaiko kultu misteriko bat; hau da, ez zen kultu publiko bat, baizik eta espazio itxietan iniziatu batzuen artean bakarrik ospatzen zena. Mitreo deitzen zitzaien kapera moduko horiei. Mitra deitzen zen erritual hauetan gurtutako jainkoa. Eta, berez, jainkoa jatorriz persiarra izan arren, erlijioa eta erritualak erromatarrak ziren goitik behera. Zehaztuz, esan dezagun erromatar soldaduen artean sortutako kultu sektario bat izan zela, fededunen hierarkizazio argia ezartzen zuena: piramidearen goiko aldean aita ageri zen, eguzkia; beheko estadioen artean, berriz, soldaduak. Mitrari —alegia, Aitari, Eguzkiari— izenlagun gotorra ematen zitzaion: garaiezina, eta erritualen artean ezagunenaren sakrifizio bat zen edo, hobeto esan, sarraski bat: zezenaren sarraskia. Irudi horrek hornitzen zuen mitreoa, hori zuen ikonografiarik ezagunena: Mitra, bere eskuz, zezen bat hiltzen.

(ID_17641538678445) Mitra jainkoa zezena hiltzen, margolan batean.
Mitra jainkoa zezena hiltzen, margolan batean.

Uda honetan Arnaldo Momigliano historialariaren La sabiduría de los bárbaros —Alien Wisdom: Limits of Hellenization izenburua du jatorrizko bertsioan liburua irakurri dut, eta kultu horri buruz honako hau dio: «Erromatar mitraismoa, bere eskola-sistemarekin, iniziatuen hierarkiarekin [...], borrokari eta garaipenari emandako enfasiarekin, eta bere zakartasun intelektualarekin [...], benetako kultua izan zen, eta soldaduek, funtzionarioek eta merkatariek Erromako Estatuarekiko zuten leialtasuna indartu zuen». 

«Mitraren parte interesgarrienetako bat zera da, emakumeekiko erakusten zuen berezko gorrotoa. Ez dago salbuespenik, ez da aurkitu inskripzio bakar bat ere Mitrarekiko fededuna den emakumeren batena; eta ez da batere harritzekoa, kultu hartan emakumeak ez baitziren ongi etorriak»

Nire aburuz, Mitraren parte interesgarrienetako bat zera da, emakumeekiko erakusten zuen berezko gorrotoa. Ez dago salbuespenik, ez da aurkitu inskripzio bakar bat ere Mitrarekiko fededuna den emakumeren batena; eta ez da batere harritzekoa, kultu hartan emakumeak ez baitziren ongi etorriak. Are gehiago, bada garai hartako testu bat zeinetan argi eta garbi uzten den Mitrak emakumeenganako zeukan gorrotoa: «Mitrak haur bat eduki nahi zuen, baina, emakumeak gorrotatzen zituenez, harri bat besarkatu zuen, eta harria hazteko behar adina berotu zuen, eta une hartan seme bat erditu zuen harriak (Pseudo. Plutc. De Flv.23)». XXI. mendean ere ez gaitu testu horrek harritzen, ezta? Gaur egun ere misoginia argi lotzen da eskuin muturrarekin. Sareetan, gero eta soldadu erromatargai gehiago ari gara ikusten, itxura guztien arabera seme-alabak emakume batekin baino gusturago izango lituzketenak harri kozkor batekin.

Badira gizonak, intimitatean, mundua bere menera edukitzearen ameskeriak darabiltzanak, biolentziaz betetako beldurrak jota. Estatu espainiarrean ideologiak bere trazu propioak ditu: zezenaren hilketaren sinbolismoa ere goraipatzen da, Errekonkista, Espainiaren unitate etenezina... eta abar. Bai, nik ere erromatar garaiari buruz pentsatzen dut, eta, batez ere, erromatar garaia idealizatzen duten gizonei buruz, kezkatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.