begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Gotikoak hartu du zinemaren agintea

2026ko maiatzaren 22a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Penatan gara La Croisetten, Barbra Streisandek ez dela etorriko eman baitu aditzera. Ohorezko Palma zen jasotzekoa, eta hemen ginen adoratzaileok, bere zain. Ba omen du belauna lesionaturik, eta medikuek ez bidaiatzeko aholkua (agindua) eman diote.

Dolutan gaude hemen bere zerbitzari fidelok. Prest geunden Boulevard Carnot osoa belauniko jaisteko, bera alfonbra gorria zapaltzen ikusi ahal izateko. Eskailera famatuetan geratuko ginateke, Grand Auditorium Lumiereko aurrealdea janzten duen Thelma & Louise-ren zuri-beltzeko irudi ikonikopean aterpe harturik.

Bai, aurtengo Cannesen gutako anitzen amets sekulako bi elkartzen ziren. Nahi genuen Barbra gugandik hain hurbil sentitu, eta Susan Sarandonen eta Geena Davisen irudiaren parean begiak eta arima pausatu. Baten aurrean belauniko izango ginateke beti, eta beste bien erretratua islatzen duten afixak, katiluak, galtzerdiak edo giltzatakoak dozenaka, handizka erosiko genituzke, kreditu txartela erre arte.

Maite dugun Ford Thunderbird kotxe gainean eserita daude biak. Bakeroz eta kamisetaz jantzita. Edozertarako prest. Borrokarako. Libertaterako. Arroilatik behera jauzi egiteko. Thelma eta Louise hemen bertan ezagutu genituen. Hemen, bai. Cannesen. Duela 35 urte. Istant batean ikasi genuen hobe duela neska batek Texas estatutik ez pasatzea. Istant batean ulertu genuen hainbat matxok tiro bat merezi dutela. Hori ikasi genuen boteprontoan, XXI. mendeko ahizpak sororitate lelo txepeletan erori aurretik.

Maite dugun Ford Thunderbird kotxe gainean eserita daude biak. Bakeroz eta kamisetaz jantzita. Edozertarako prest. Borrokarako. Libertaterako. Arroilatik behera jauzi egiteko. Thelma eta Louise hemen bertan ezagutu genituen. Hemen, bai. Cannesen. Duela 35 urte

Thelmak eta Louisek hemen, Cannesen, liberatu gintuzten, 1991n. Horrexegatik aurten Grand Auditorium Lumiereko aurrealdea benetako puntu morea da. Egia esatearren, ez dugu horren beharrik, geure burua babesten ikasi baikenuen Susanekin, Geenarekin. Baita Barbrarekin ere. Baina Barbra, 84 urte bete berri dituen gure Funny Girl, ez dago hemen. Eta haren miresleek ezin negarrari eutsi jauregiko eskaileretan...

Aterperik non hartuko? Betiko, ohiko melodrametan. Melodrama gotikoetan, non bestela? Esaterako, Un Certain Regard sailean ikusgai eta umore makabroz gainezka den Victorian Psycho-n.

Ekoizpen britainiar honek inspirazio hartzen du bazterrak nahasi, haizeak harrotu eta kontzientziak ganberro-ganberro astindu dituen Virginia Feitoren nobela. Txarrera ere jo dezake asuntoak, ez pentsa. Izan ere, jende serioak ontzat hartzen ez duen A24 konpainiak planetan zehar banatuko du kontakizun aldrebes hori. Kamera aurrean, liburuan nola, maistra bat agertzen da aberatsen etxe batean. Ofizialki, etxeko haurrei eman behar dizkie eskolak. Soldata ona du. Eta etxetzarrean bizitzeko baldintza primerakoak. Bestelakoak dira, alta, Winnifred Notty andereño psikopataren apetak...

Henry James eta Jack Claytonen Koxka bat estuago haren institutriza etorri al zaizue burura? Izugarrizko pertsonaia bada ere, ezin konparatuzkoak dira biak. Henryrena bete gabeko pasioek itotako biktima bat baita. Winnifredek, ordea, Macbethen sorginak ditu ahizpak.

Ari natzaizue ba esaten Victorian Psycho baino handiagorik, baino hoberik ez dagoela 79 urte betetzen dituen Cannes olinpiko honetan? Bada, jakina baietz. Adibidez, Bertrand Mandico definiezinak aurkeztu duen Roma Elastica. Bertan, She Conan-en autoreak Cinecittaren harri-kartoizko dekoratuetan abandonatzen gaitu. Nostalgiaz blai? Baliteke, baina errazegia litzateke. Ez ahaztu, Bertrandek espero baino askoz gehiago, askoz aztoragarriagoa, askoz perilosoagoa den zerbait eman ohi digu. Beti. Pentsa urtebete luze eman duela postprodukzioan. Pentsa Nicolas Eveilleau izaki estrainioak darabilela kamera. Pentsa irudimenari freno jartzen ez dion Pauline Jacquardek hartu duela berriro jantzien ardura. Pentsa Asia Argento eta Ornella Muti bezalako zine piztiekin abandonatzen gaituela pantailan.

Hemen gaudela, Thelma eta Louiseren babespean, Barbraren absentziaren min handiz, eztabaida eta burutazio ezbai garaizkoetan jarduten dugu.

Cineum izeneko aretoetara eramaten gaituen autobusean, adibidez, pelikuletan estilo gotikoa ez ote den gailentzen ari galdetzen diogu elkarri. Zer dela eta gogoeta hori? Ba... XXI. mendeko manerekin, jantziekin eta dekoratuetan agertzen bada ere, ez al da izugarri gotikoa Euskal Herriko karteldegietan den How to Make a Killing? filma? Ez al da protagonista familiarekiko, egokitu (ez) zaion gizarte-mailarekiko, erreminez bizi den kreatura hori Gailur Ekaitsuak-eko Heathcliffen beraren haragi/arimatze gaur egungoa? Ez al dira arrakastatsu, arrakastatsu oso suertatu The Bride! eta, hain zuzen ere, Wuthering Heights-eko bertsio berria? Elisa McCausland eta Diego Salcedo ikerlariek planteatzen duten ildo beretik, kapitalismo berankorrak eta belaunaldien arteko arrakalak ez al dituzte berpiztu, berritu eta plazaratu, genero gotikoaren ohiko irrikak?

Horrelako ezbaietan ematen ditugu egunak Cannesen, Streisand Andrearen falta sumatzen, Susan eta Geenaren babesaz gozatzen.

(ID_16063784) FRANCIA FESTIVAL CANNES
Thelma & Louise filmaren afixa bat, Cannesen, 79. jaialdian. EDGAR SAPIÑA MACHADO / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA