Iker Tubia.
Pema Tseden. Zinemagile, itzultzaile eta idazlea

«Gure jende eta hizkuntzarekin, gure herria islatu nahi dut»

2014ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Han eta hemen. Txinan eta Tibeten. Tradizioaren eta modernotasunaren artean bizi da Pema Tseden (Amdo, Tibet, 1969). Han sortu eta hezitakoa bada ere, egun bi etxe ditu. Tibeten grabatzen du, eta filmak grabatu aurreko prozesua Pekinen egiten du.

Ikuspuntu jaialdian izan da Tseden, Iruñean, bere lan nagusiak erakusten: The Silent Holy Stones, The Search eta Old Dog. Fikziozko dokumentalen bidez, Tibeten usadioen eta modernotasunaren artean dagoen talkaz mintzo da zinemagilea.

Zuk egin duzu tibeterazko lehenbiziko filma. Harro egonen zara.

Egia da, harro nago, baina, era berean, triste xamar. The Silent Holy Stones filma 2005ean estreinatu genuen. Eta benetakoa da: nire herriko jendea erabili genuen, eta gure hizkuntzan mintzatu. Baina filma kaleratu genuen urtea baino ehun urte lehenago, justuki, hasia zen Txinako zinema. Horrek tristura handia sortzen du niregan, ehun urteren buruan azkenean lortu genuelako Tibeteko benetako film bat sortzea. Beraz, harrotasuna eta, era berean, tristura.

Zein da ikus-entzuneko sektorearen egoera Tibeten?

Pentsa, 2005. urtera arte, filmak egiteko materialik ere ez genuen. Egoera ez da Xinjiang bezalako beste herri eta gutxiengo batzuen parekoa; haiek ekoizle propioak dituzte. Tibeten, berriz, 2005. urtera arte, ez dugu deus izan. Beraz, ikus-entzunezko ekoizpena arrunt pobrea da.

Ordura arte inork ez bezala, filma tibeteraz egitea erabaki zenuen.

Aurretik, ez da tibetarrik izan Tibeti buruzko film bat sortzen. Ordura arte egindako filmetan, ez da benetako Tibet islatzen; are, akatsak daude. Irudi okerrak daude, eta gure Tibet ez dute ongi jasotzen. Beraz, filmatzeari ekin nion. Ni han jaio nintzen, eta han bizi naiz; beraz, oso ongi ezagutzen dut Tibet. Hori da nire helburua: nire jendearekin eta gure hizkuntzan, gure herria islatu nahi dut.

Filmak tibeteraz sortzea zaila izanen da, Txina bezalako estatu baten menpe.

Zailtasun handiak daude: adibidez, zentsura. Oro har, ez dituzte hain xehe aztertzen beste motatako filmak eta beste toki batzuetan sortutakoak. Baina, nire kasuan, luparekin begiratzen diete; denbora gehiago irauten du prozesuak, eta, gainera, gaiak mugatu egin dizkidate. Ezin dut edozein gai hautatu, lan guztia bukatu ondoren filma bertan behera utz diezadaketelako.

Bada beste zailtasun bat: aktoreak. Nire herriko jendea erabiltzen dut filmetan, hala nola artzainak, monjeak... Benetako jendea da; ez dira profesionalak. Orduan, lan hori oso interesgarria da, bai, baina filmak horrela egiteak zailtasun gehigarria du. Horretaz gainera, kostu ekonomikoan ere pentsatu beharra dago; filmak ekonomikoki babestuko dituen norbait bilatu beharra dugu.

Bada Tibeteko zinema sustatzeko erakunderik?

Beste filmetan bezala, edo enpresa handi bat edo zinema babesten duen fundazio bat bilatu behar duzu. Nire kasuan, badut lagun bat ekoiztetxe moduko bat sortu duena. Hark babes handia ematen dit, eta, gainera, bere lanaldiaren zati batean lagundu egiten nau filmaren ekoizpenarekin. Bestean, berriz, negozioari heltzen dio.

Zure filmetan, tradizioaren eta tibetar belaunaldi gazteen arteko talka islatzen duzu. Hori da Tibetek duen egoera?

Tradizioaren eta bizimodu modernoaren arteko egoera dugu. Izugarrizko talka dago, jendeak Tibeteko usadioei eutsi nahi dielako, baina aurrera egin nahi dugu, eta gure bizimodua hobetu. Normala da; mundu guztiak hori nahi du. Beraz, gazteek hobeki eta erosoago bizi nahi dute, baina, aldi berean, gure tradizioei eutsi nahi diegu. Talka handi hori ikus daiteke filmetan.

Baina tibetarren tradizioa kolokan egon liteke?

Mintegian ikusi ditugun filmetan, bizimodu tradizionala inbaditu duen bizitza modernoaren aro guztietan gertatutako talka ikusten da. Kasurako, The Silent Holy Stones filmean, monje gazte bat etxera itzultzen da urte berria ospatzeko, baina gauza bat aurkitu du bizimodu modernotik eraman duena. Old Dog filmean, berriz, are handiagoa da tradizioaren eta modernitatearen arteko talka. Gazte batek artzain txakurra —guretzat altxor baten modukoa— saldu egiten dio hiriko jendeari maskota bat balitz bezala. Hau da, txakurra gabetu egiten du bere xedeaz eta patuaz. Egia esan, bai, tradizio batzuk arriskuan daudela uste dut.

Tibeterazko zinema loratzen ari da zuri esker?

Hasi berri naizela uste dut; hazia hazten ari da. Zinema jaialdi anitzetan parte hartu dut, Espainian eta beste hainbat herrialdetan, eta, ikusi dudanez, jendeak geroz eta jakin-min handiagoa du nire filmen inguruan. Ikuspuntu jaialdian egoteak asko poztu nau, horrek esan nahi duelako nire filmek nire herria erakusten diotela munduari, gure kultura ezagutzeko aukera ematen dudala. Horrek gogobetetzen nau. Tibeterazko zinema loratzen ari bada, espero dut egunen batean ereindako haziaren fruitua jasotzeko parada izatea. Hasieran, lehenbiziko filma egin nuenean, ez nuen pentsatu mundu guztian interesa piztuko zuenik. Hasierako helburua nire jendearekin eta nire hizkuntzan egindako film bat sortzea zen; hori biltzea, alegia. Baina, gerora, ikusi dut beste publiko batzuek ere badutela interesik. Beraz, orain, film bat egitean beste ikuspuntu bat dut, eta filma interesa dakiokeen ikuslearengan pentsatzen dut.

Zineman aritu zara, baina, zerbait nabarmentzekotan, literaturan egindako lan emankorra aipatu beharko litzateke: 50 eleberri idatzi dituzu.

Nire obra literarioak filmen zeharo ezberdinak dira. Nire filmak ikusi ondoren eleberriak irakurtzean, jendeak ez du uste pertsona berarenak direnik. Eleberrien bidez, nire barnekoa islatzen dut, nire ni-a. Filmekin, berriz, Tibeteko herriaren bizitza islatzen dut. Dena den, zinemagile baino lehenago nintzen idazle eta baita itzultzailea ere. Txineratik tibeterara itzuli izan dut, eta liburu tibetarrak txinerara ere bai. Gainera, nire eleberriak japonieraz, frantsesez eta ingelesez ere irakur daitezke.

Beraz, tibetar kulturaren eta txinatarraren arteko zubi lana ere egiten duzu.

Itzulpengintzari dagokionez, bai, zubia eraiki dut. Tibeteraz idatzitako liburu edo eleberri anitz dago; oso obra onak dira batzuk, baina, hizkuntza gutxitua izanda, txineraz soilik mintzo direnek ezin dituzte irakurri. Beraz, zubia horretarako da: txinatarrek ere tibeteraz idatzitako liburu onez gozatzeko parada izan dezaten, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.