Miren Narbaiza.
BI AHOTSETARA

Hari musikala

2016ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Etxeko altzari guztiei hautsa kendu diet, bi labadora ipini, eskegi, eta, orain bai, ja ez daukat aitzakiarik artikuluarekin ez jartzeko. Dena atondu dut atmosfera lasai eta garbia izateko, mahaia libratu, kandelak isiotu ditut, eta portatila altzoan teklatuari emateko prest. Eta, orain, zalantza, musikarik ipiniko dut idazteko? Kontzentratzen laguntzen dit ala kontzentrazioa galtzen?

Jakina da musika horrek hitzak baditu eta ulertzen dugun hizkuntza batean ari bada kontzentrazioa zailtzen duela burmuina letra hori deszifratzen zentratzen delako. Ordea, musika klasikoa zein instrumentala dena lagungarria dela diote burua eginbeharretan zentratzeko. Areago, hainbat ikerketak lantegietako produktibitatea hazten duela frogatu dute, langileek lana musikarekin asoziatzen dutelako, elementu positibo batekin, alegia, alaitasunarekin.

Horregatik izango dira hainbeste lantegia hari musikala izaten dutenak, nahiz ez dakigun horregatik langileak alaiago egiten duten lan —ipintzen duten musikaren arabera ere izango da, diot nik—. Nire lagun batek, adibidez, EITB Musikako kantu guztiak kontrolpean ditu, egunero-egunero sintonia hori entzuten du tailerrean eta. Dio, halere, irrati okerragoa izan zitekeela, eta gaitz erdi! Beste batzuetan, ohikoa da irrati formula. Jendaurreko ofizioetan kasurako: taberna, ile-apaindegi edo arropa dendetan; esango nuke langileentzako baino, bezeroentzako musika izaten dela. Arropa dendetan bereziki, ez dakizu praka batzuk probatu ala kubata bat eskuan pasilloetan reggaetonari sutsuki eman. Eguna joan eguna etorri, super hit-ak entzunez nik ez nuke askorik iraungo burua lehertu gabe.

Entzun ala ez entzun eta zer entzun aukeratu badezakezu, uste dut ezer ez entzutea ere izan behar dela aukera bat. Isiltasuna aukeratzea. Noizean behin, ez da batere gaizki etortzen. Kaleko berbak, zakurren zaunkak, kotxe batzuen motor hotsak kenduta, isiltasunean idatzi dut gaurkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.