Xabier Kintana Urtiaga.
Azken agurra Jean Haritxelarri. Iritzia

Haritschelhar Euskaltzainburu ohiaren gomutaz

2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Aurtengo oporren amaierak berri iluna ekarri digu aldean, irailaren lehen egunean Jean Haritschelharrek, hamabost urtean Euskaltzaindiaren burua izandakoak, utzi gaitu, laurogeita hamar urte zituela, bera ezagutu genuen guztion bihotzetan dolu-samintasuna utzirik. Luze joko liguke hemen Haritschelharren jaiotza, ikasketak, kargu akademiko eta hiritarrak eta gure hizkuntzaren aldeegindako lanak banan-banan aipatzeak, eta, gainera, datu jakingarri horiek, guztiak ez baira, bai gehienak behintzat, jada argitara emanak ditu prentsak egunotan.

Beraz, hartaz zerbait berezi azpimarratzekotan, euskarari egindako zerbitzu desinteresatuak aipatuko nituzke, Euskaltzaindian zein Euskaltzainditik kanpo burutuak. Gogoan dut, adibidez, Arantzazuko 68ko batzarraren ondoan, Akademia luzaro zalantzan ibili zela, jada hasiriko batasunaren bidean aurrerago joaten ausartu gabe. Begien bistan zegoen lehen pauso hura arloz arloko erabakiekin osatu beharra zegoela, grafian, deklinabidean, sintaxian eta, batez ere, aditz sistema batua proposatuz. Eta orduko akademia hura ezin erabakiz zebilena euskaltzain batzuk aurrera ateratzen ari ziren, ezinbestekotzat jotzen zutelako.

Garai hartan J. Haritschelhar Baionako Euskal Museoaren burua zen eta berak zabaldu zituen haren ateak, aditzaren batasunerako bilera egiteko, eta gela bat eskaini,guztiak bertan elkartzeko. Han, L. Mitxelenaren burutzapean, P. Lafitte, J. Haritschelhar, G.Aresti, P. Altuna etaI. Berriatua bildu ziren, besteak beste, gure hizkuntzaren batasuna helburu. Geroxeago, L. Villasante euskaltzainburu berri izendatu zenetik, bilerok Euskaltzaindiaren babes eta agindupean segitu ziren egiten, horietan ere Jean Haritschelhar partaide.

Villasanteren aldamenean, Jeanek erabateko laguntza eman zion frantziskotarrari, ordura arte ez bezala, Akademiaren egitekoak sail eta arlotan banatu eta horietako bakoitzean lantalde bana esleituz. Horrek espezializazioa eta dinamika lasterragoa ekarri zion Euskaltzaindiari. Luis Villasantek kargua utzi eta gero, J. Haritschelhar 1989an euskaltzainburu izendatu zenetik, aurreko presidenteak markaturiko bideari jarraiki zitzaion, hark hasita utzi zituen proiektuak aurrera eraman eta burutzeko (Hizkuntza Atlasa, Orotariko Euskal Hiztegia, Literatura-hiztegia, gramatika liburuak...)

Hizkuntzak izaki biziak bezalakoak dira, eta, nolabaiteko darwinismoaz, etengabe birmoldatzen ari dira bizitza aldakorrari egokitzeko. Hortaz hizkuntzaren akademiek beti erne eta adi egon behar dute, sortzen diren premia berriei konponbide aproposa eskaintzeko,gizartearen beste eragileekin batera.

Batzuetan, zirt edo zart egiteko une erabakigarriak heltzen dira, eta horiexek izaten dira liburuek eta hurrengo belaunaldiek eskuarki gogoratzen dituztenak. Halere, distira bereziko une horiek ez dira egunero gertatzen. Izaki berriaren jaiotza pozgarria da, jai handiz ospatzekoa, baina jaioberri horri, hurrengo egunetan ere titia edo biberoia eman behar zaio, oihal zikinak aldatu, aldizka medikuarengana eraman, nolako osasuna duen jakiteko; haziz doan neurrian jantzi eta oinetako berriak erosi... eta eguneroko lan horiek monotono eta aspergarri irudi dakizkiguke. Baina guztiok dakigu beharrezkoak direla, haurra ongi eta osasuntsu haziko bada.

Jean Haritschelharrek ongi ulertu zuen Euskaltzaindian bere egitekoa zein zen, eta bete beharreko lan horretan zuhurtziaz, tentuz eta erakundearekiko zintzotasunaz jokatu zuen beti. Horixe da ondorengook eskertu behar diogun emaitza imitagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.