Goizean goiz esnatu naiz etxean, eta proba egin dut. Bi lerro agertzen dira, haurdun nago.
Bihotza geratu egin zait, gorputz guztia geldi geratu, zerbaitek benetan asaldatzen nauen bakoitzean bezala.
Larunbata da, Murtzian jotzekoa naiz, ordu pare bat dauzkat aireportura abiatzeko. Etxe azpian, azokako mahaiak, burdinazko hankadunak, nola muntatzen dituzten entzuten dut. Ez dakit zenbat denbora pasa den hor, eserita, sofan nagoela, paretara begira.
Mutila esnatu da, «Egun on! Zer?» esan dit. Kontatu diot, eta, urduri, barre egin dugu. Pozik dago, oso ondo egingo dugula esaten dit… polita da. Esan dit ea ez naizen pozten, baina ez da hori. Oraindik izoztuta nago, joango zait geruza hori urtzen, espero dut.
Kafe bat edan dugu kalean eta kotxea hartu dut, aireporturantz. Bidean, musika daukat jarrita, eta abesti alai bat —ez dut oroitzen zein— entzuten da momentu batean, ez dakit flamenkoa zen, edo soul argitsuren bat, eta hor bai, irribarrea atera zait, eta poz handi batek zeharkatu dizkit hezurrak.
Malko batzuk bota, eta alai abesten dut, autobiatik, milaka autoren artean, beste pertsona bat naizelarik; pertsona txunditu bat, ikaratu bat, maitasunez betetako bat.
Drogatuta bezala jarraitu dut egun guztia, gauzak Interneten galdetzen, eta nire txute emozionala disimulatzen, teknikariaren aurrean, antolatzailearen aurrean —instrumentuak gordetzen dituzten maletak hotelean ahaztu ditut eta berriro bueltatu behar gara—, kontzertuan —ahotsa ezberdin sentitzen dut, paranoiak jota egongo al naiz?—, kontzertuaren ondoren —jendeari mareatuta nagoela ezkutatuz…—.
Nahi gabe, desastre mundial eta pertsonal guztietan pentsatu dut. Abesten ari naiz, eta izarrak ikusten ditut. Zer da hau? Zer izarretatik sortutako hautsean erreproduzitu naiz, hauts bera eta ezberdina astinduz, birsortuz, ze eskulturatxo ari da nire gorputza dagoeneko eraikitzen? Ze estruktura-mota eratzen, hamaika engranajez lotutako makina sentikor hau erditzeko?
Barnean daukagun maitasun eta desira hau, sortzeko erabiltzen dudan bultzada bera, ez al da beste forma bat izango garen hauts distiratsu hori ospatzeko eta mugitzeko? Hau da, ez al da bizitzeko grina hutsa?
Ez dakit, baina izarrak begiratzen ditut, parean dauzkadan pertsonak, abesten dut eta poesia-zorabio batean nagoela sumatzen dut.
Batzuetan gauzak ederrak dira, eta batzuetan gauzak ondo ateratzen dira, besterik gabe.