Agus Perez.
Analisia

Heldutasun bila

2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Heldutasun bila dabil aspalditik Bilbo Antzerki Dantza jaialdia, baina bilaketa horretan normala denez, hainbat kontraste azaleratu dira ekimenak iraun duen hamar egunotan. Oraingo zuzendaritzaren estilo irekiari esker, aurtengo edizioaren jarraipen hurbila egin ahal izan dut, eta ondoko lerroetan saiatuko naiz kontraste haiek guztiak aletzen.

Bilbotar naizen aldetik, gogorra egin zait jakitea jaialdiak iaz baino aurrekontu txikiagoa eduki duela non eta futbola neurrigabe sustatzen duen hiri honetan. Seguruenik, murrizketa horrek ekarri du jaialdiaren atal batzuk kentzea, hala nola Pre-BAD, Itineris Apur BAD edota Show-gelak. Horrela izanik, aurten iaz baino gauza gutxiago programatu dira, baina horri esker konpondu da behingoz ordutegien gainjartze ulertezina, zaletuen haserrea pizten zuena eta lehen urteetatik konponezina ei zena. Egitaraua betetzearren, ordea, Dantzan Bilaka egitasmoko emanaldiak txertatu dira han-hemenka, nahiz eta, berez, pieza mota horiek profesionalen maila berekoak ez izan eta hango partaideek beste mundu batekoak balira bezala jokatu duten, jaialdiaren benetako emanaldi gehienetara ez baitira etorri.

Ikusleriaren zatikatze sektarioaren fenomeno hori muturrekoa izan da aurten eta kanpotik etorritako aditu guztien arreta piztu du. Izan ere, berezia izan da aurten jaialdiak hainbat aditurengan sortutako interesa, eta, besteak beste, hauen presentzia aipatuko dugu: Francesc Massip Kataluniako kritikari prestigioduna, Madrilgo Escena Contemporanea jaialdiaren arduraduna, Asturiasko (Espainia) La Laboral eszena-proiektuaren sortzailea, Vigoko (Galizia) Alt jaialdiaren antolatzailea... Emanaldien osteko solasaldietan, haiek eta hainbat lekutatik etorritako beste sortzaile esanguratsuak ere —Mariantonia Oliver, David Espinosa, Nuria Legarda...— harrituta geratu dira beren emanaldietara bertoko artistarik etorri ez izanaz.

Mingarria izan da beraientzat eta auzo lotsa sentitu dut nik, are gehiago euskararen inguruan izandako jarrerak ikusita. Zeren eta, Bea Setienen Beatriz kantuka piezarako, eskolak hartu ditu Ruben Bissoli kontra-tenor italiar-paristarrak euskarazko intonazio jasoa lortu arte, Segoviako (Espainia) El canto de la cabra-ko bikoteak ohoretzat hartu zuen bere hitz proiektatuak euskaraz ematearen ideia, eta Collado-Van Hoestenberghe taldeak (Katalunia/Herbehereak) euskaraz agurtu eta euskaraz proiektatu zituen kanta herrikoi baten hitzak La vida Lazaro zoragarrian. Bilboko taldeen aldetik, ordea, ez dugu euskarazko berba bat bera ere entzun, euskarari dioten begirunearen erakusgarri.

Hala ere, aurten ahalegin berezia egin du jaialdiak arlo horretan, eta lau pieza eman dira euskaraz, zein baino zein zoragarriagoak: arestian esandakoez gain, Metrokoadroka kolektiboak Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek? laneko zati batzuk aurkeztu zituen (sortze prozesuan dago), eta Maider Yabarrek Takoiak airean ekarri zuen, Jasone Albaren zuzendaritzapean. Haiekin batera, gainera, bikainak izan dira beste emanaldi hauek: Espainiako La tristura kolektiboaren Materia prima filmaren aurkezpena, Portugalgo Claudia Diasen Vontade de ter vontade performance poetiko/politikoa eta Herri Katalanetako Mariantonia Oliver dantzariak Mallorcako hainbat andrerekin egindako Las muchas lan sakon eta gizatiarra. Haien guztien aldean, hobe da bertoko taldeen makaltasunez ez mintzatzea, baina hurrengo baterako zehaztu beharko da beren proiektuak hautatzeko eta plazaratzeko jokalekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.