Haizea Barcenilla
BEGIZ

Hilma af Klintek erakutsi diguna

2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Hilma af Klint artistaren erakusketan ateratako argazkia bidali zidan Zeelanda Berrian bizi den lagunak: haraino iritsi da Suediako artista izpiritistaren munduko bira. 1944an hil zen Hilma af Klint, eta 2013an berpiztu, Suediako hiriburuko museo nagusiak, Moderna Museet-ek, anbizioz beteriko erakusketa handia eskaini zionean. Ez zen nolanahikoa honen asmoa: artearen historia unibertsalean txertatu nahi zuten artista.

Izan ere, 1908rako abstrakzioa margotzen zuen af Klintek, historia horretan aitzindarien domina daramatenek baino lehenago. Hainbat arazo zeuden hari meritua aitortzeko: lehena, bere bizitzan zehar lan hori ez zela ezagutu, eta, hortaz, ez zuen jarraitzailerik izan; bigarrena, emakumea zela, eta, inork garbi esaten ez duen arren, aspaldi jakina izan dela emakumeak ezin direla ezertan lehenak izan, umeak izaten ez bada; eta azkenik, bere lana izpirituek gidatuta egin zuela, eta, esoterismoak puntuak eman beharrean, kendu egiten zizkiola, ikerketa artistikoaren autonomia eta seriotasuna ezbaian jarriz.

Erakusketa ikusi, eta maitemindu nintzen, beste jende asko bezala. Halere, onartzen dut zaila ikusi nuela Hilma af Klint sekula abstrakzioaren liburu ofizial bateko lehen orrialdeetan ikustea. Bizi nuen errealitatetik zetorkidan ezkortasuna: nire inguruko erakunde zein ikerlari gehienak artearen berrikuspen bat egitetik oso urrun zeuden. Nire etsipenerako, mugiezina ikusten nuen narrazio kanonikoa. Eta Hilma af Klinten lanak eskatzen zuena, hain zuzen, berridazketa bat zen.

Okertu nintzen, eta horrek izugarri pozten nau. Horregatik da hain esanguratsua gaur egun Hilma af Klint artistaren izena ezaguna izatea, jendeak haren lana ezagutzea: zentzu guztietan, aldaketa historiko bat markatzen duelako. Af Klinten arrakastaren atzean, urteetan bigarren maila batean esoterismoa eta generoa ikertu duten historialari askoren lana dago, behingoz behar bezala onartu dena. Egun, esoterismoa abstrakziora iristeko abangoardietako bide nagusietako baten moduan hartzen da. Ez da soilik Hilma: beste asko ere badira, eta hori garaipen kolektibo bat da.

Baina nola lortu dute? Gakoa erakundeen inbertsioa eta babesa dira. Berlin, New York, Sao Paolo, Londres eta Sidneyko erakusketa areto nagusietan egona da Hilma af Klint; aldizkari guztietan agertu da; mundu osoko adituak elkartu dituzten mintegiak eta kongresuak antolatu dira bere inguruan. Suediako Gobernuarentzat helburua arte historia unibertsalean suediar artista bat txertatzea zen, baina lortu duena askoz harago doa: erakutsi digu lehengai ona izanda, hau serioski sustatzea eta kontakizuna aldatzeko prest egotea dela giltzarria.

Espero dut historiaren halako biratze ederrak etxetik gertuago ikusiko ditugula hurrengo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.