Artista batzuek, batez ere beren karreraren hastapenetan, beste batzuk ekartzen dizkigute gogora, aurrekoak zein garaikideak, hainbeste ezen, ez gutxitan, haiekin nahastu baititzakegu. Neurri batean, normala da: ezer ez da ezerezetik sortzen, eta bakarlari eta talde gehienak beren idoloen bertsioak egiten hasten dira. The Beatles-en eta, batez ere, The Rolling Stones-en lehenengo diskoak errepasatzea besterik ez dago ikusteko zein puntutaraino oinarrituta zeuden rock’n’roll klasikoaren edo blues tradizionalaren meategiaren arpilatze-lapurretan. Kontua da, aipatutakoek ez bezala (ez zituztenak beren iturburuak ezkutatzen, baina, aldi berean, asko zituztela adierazten zutenak), beste batzuek antzekotasun izugarria erakusten dutela artista konkretu baten obrarekiko, haren kasik kloniko bihurtzeko arriskuari men egin gabe alegia. Hori ere ez da horren arraroa: azken batean, talde batzuk tributu-banda gisa eman zituzten beren lehenengo pausoak: Charles Bradley, 2000ko hamarkadan arrakasta lortu zuena soul-funk klasikoeneko kantari gisa, James Brown-en imitatzaile huts bezala abiatu zen; Panic! At The Disco taldea, harrigarriki, blink-182 punk-poperoen cover-ak egiten hasi zen; are Nirvanako Kurt Cobain-ek eta Krist Novoselic-ek, laburki, The Sellouts taldea osatu zuten... Creedence Clearwater Revival-en bertsioak jotzeko! Nahiz eta, ziurrenik, kasurik muturrekoena Tim Ripper Owen-ena izan zen, kantaria izan baitzen British Steel izeneko Judas Priest-en tributu-bandan... Judas Priesten beraren kantaria bihurtu arte, britainiarrek Rob Halford jatorrizko abeslariarekin apurtu ostean. Baina ez da mimetismo horretara zertan iritsi: Kortatu ez al zen, hasiera batean batik bat, The Clash-en kopia (hits) bat? Edo Counting Crows, R.E.M. eztipotoenena? Eta Le Tigre, garai bateko The B-52’s-ena? Gaurkoan, edozein modutan ere, antzeko beste hiru kasu, album banatan haragituta.

AMERICA
'America'Â
Diskoetxea: Warner Bros., 1972.
Ni, garai batean, Internet oihartzun urrun bat zenean, eta (bizkor) informatzeko hainbeste baliabide ez genuenean, konbentzituta egon nintzen, luze, A Horse With No Name Crosby, Stills & Nash-en (eta are & Young-en) abesti bat zela. Eta egun, batzuetan, egia ondo dakidala, zalantza egiten dut, hain da super-talde hark 1960ko hamarraldiaren amaieran ezarri zuen kanon folk-rock posthippie eta postpsikodeliko haren erakusgarri. Baina, ez, errealitatea da beren buruei (apalki) America izena eman zioten Dewey Bunnell, Gerry Beckley eta Dan Peek gazteen obra zela: batxilergoan elkartu ziren musika egiten hasteko (CS&Nk beren lehen album arrakastatsua atera zutenean, alegia), eta apenas zuten hogei urte beren kanta horrekin zerrenden lehen postura iritsi zirenean, 1972an. Laurel Canyon estiloko beste disko bat zirudien arren, ez zen ezta Estatu Batuetan grabatu: hiru mutikoak AEBko armadako militarren semeak ziren (agian jatorrizko bekatu hori saiatzen ari ziren zuritzen, azalean, crow gerlari indigenen margo baten aurrean eserita...), eta Londresko eskola batean egin zuten topo; izan ere, bertan grabatu zuten, eta ez Kalifornian, ahots-armoniez eta hamabi haritako gitarra akustikoen, elektrikoen eta pedal steel-en arteko txirikordatze izarniatuez ondo lagunduta. Disko osoa da single nagusiaren ildo berekoa, eta ez dauka kanta txar bat ere. Hurrengo bi diskoetan, ordea, ez ziren horren inspiratuta ibili, eta George Martin produktorearen eskuetan jarri ziren (bai, The Beatlesena), soft rock bigunenaren ildora eraman zituena Holiday LPtik aurrera (1974), lehen postuetara itzultzeko; disko honetan badago horren zantzurik, pianoak gidatutako I Need You-n adibidez, horren CSN&Y ez dirudien bakarrenetakoa, akaso.

Marillion
'Script For A Jester’s Tear'Â
Diskoetxea: EMI, 1983.
1980ko hamarraldiaren hasieran, punkaren iraultzaren erresakaren erdian, rock neo-progresiboa deitu zen ildo bat hasi zen sortzen, Pendragon, IQ edo Pallas bezalako taldeekin. Haien guztien arteko onena, zalantzarik gabe, Marillion zen, izen beretik asmo epiko-progresiboak ezkutatzen ez zituena: hasiera batean Silmarillion ziren, J.R.R. Tolkien-i lapurtutako erreferentzia. Eta onenak ziren, besteak beste, garai bateko Genesis hobekien imitatzen zutelako, bere instrumentisten abileziari esker eta, batik bat, Fish kantari eskoziarraren ahotsari esker, Peter Gabriel-enaren inflexioak imitatzeko gaitasun ikaragarria zuena. Gainontzekoa berez zetorren: 7-8 minutuetatik jaisten ez ziren suite konplexuak (He knows you know singlean ezik), teklatuen eta gitarra elektrikoen arteko dueluak, handitasun aireak; edonola ere, mimetismo horren zero gradua ez zuten agian lehen album honetan iritsi, baizik eta justu horren aurretik argitaratu zuten Market Square Heroes singlearen 12 hazbeteko bertsioan, zeinaren B aldean 17 minutuko Grendel kanta baitzegoen, Genesisen Supper’s Ready (1972) handiaren antzekotasun susmagarrikoa. Hitzek, ordea, batzuetan Genesisenak gogorarazten bazuten ere (Garden Party-ren iruzkin sozial ironikoan, adb.), ez zuten sotiltasun maila bera, eta gehiago lerratzen ziren maitasun (hots, larrutan-egiteko-gogo) kontu arruntagoetara, gerra ipuinetara (Forgotten Sons) edo drogen izurritearen salaketara, horren garaikidea (aipatu singlean, eta The Web-en). Hurrengo diskoetan, pixkana, eredu horretatik urruntzen eta estilo propio bat garatzen joango ziren, batez ere Fishek ontzia utzi eta Steve Hogarth kantaria elkartu zitzaienetik. Baina hori, jakina, beste istorio bat da.

Tori Amos
'Little Earthquakes'Â
Diskoetxea: East West, 1992.
Marillionena, neurri batean, ulergarria da: Genesis, 80etan, urrunegi zegoen jada Gabrielen garai (artistikoki) loriatsuetatik, eta hutsune bat zegoen, (merkatuaren) naturak, beti bezala, bizkor betetzera jo zuena. Tori Amosen oldarraldia abiatu zenean, ordea, bere eredu argiena, Kate Bush, aktiboan zegoen, itxura batean... nahiz eta orduz geroztik isilaldi luze batean murgildu, Amosen karrerari espazio gehiago utziko ziona, apika. Edonola ere, Amosen bakarkako lehen disko honek oso argi uzten zuen zein zen bere jatorria: pianoaren erabilerak, kanta ia guztien oinarrian, eta Amosen mezzo-soprano ahotsaren irismen harrigarriak Kate Bushi egiten zieten erreferentzia, nahiz eta garaiko grunge-aren erraietako bizitasunarekin nahastuta ageri zela esan zitekeen. Baina, oso Zeitgeist-arekin bat, Bushek fantasiara eta fikziora jotzen zuen bitartean, Amos autobiografismora eta konfesionalismora hurbiltzen zen, Me and a Gun gordinean bezala, a capella abestutako bere bortxaketa salatu gabearen kontakizuna, hogeita bat urte zituela. Albuma oso indartsua da, kanta benetan biribilekin (entzun Crucify, Precious Things edo Tear In Your Hand), eta berehala izan zuen arrakasta britainiar merkatuan: disko-konpainiak, begi onarekin, han grabarazi zion (kantaren batean Peter Gabrielen ohiko kolaboratzaileak izan zituen lagun, ez kasualitatez), eta han zabaldu zuen lehenengo, Amosena (edo Bushena) bezalako eszentrikotasunak bertan harrera hobea izango zuelakoan. Bete-betean asmatu zuten, eta, behin irlak konkistatuta, AEBko zerrendetan gora egiten hasi zen, eta jadanik hamazazpi estudioko albumez osatutako karrera sendoari oinarria ipini zion. Aurten, 2026an, dena ondo bidean, hemezortzi bihurtuko direnak, bide batez esanda: egon adi, disko berriak oso itxura ona daukalako.