'Banda ezezaguna'
Hizketan egiten zein unetan hasten garen ikasten ez da ziurra. Izatez, ziurragoa da esatea amaitu, ez dugula hil arte amaitzen. Elkar ulertzeko baliabide harrigarria da hizkuntza, tresna huts bat baino gehiago, eta sorginduta gauzka. Hitzekin liluratzen gara, halako edo bestelako esaerak erabiltzen ditugu, eta guztiaren gainetik hotsak eta erritmoak. BoDeGatarren hots-lodia, PeTaKadunen kolpea, txistukarien irristatze haizetsua...
Nadia Budderen lau liburu argitaratu ditu Pamiela-Kalandraka bazkunak, laurak dabiltza hotsaren, erritmoaren eta irriaren bueltan.
Mekanika bera erabili du guztietan, eta azken Banda ezezaguna honetan ere antzemango dugu: Marrazkera pertsonala darabil, ezohikoa, sinplifikatutako formekin eta kolore masekin. Badute halako grazia berezi bat pertsonaiek. Bi hitzetan izendatzen dira pertsonaia hauek, talde errimadunetan (3+2), segida jostarian. Letra larriz idatzita dago testua.
Aurreko tituluak ezagutzen dituztenek jakin beharko lukete oraingoan, gainera, istorio bat kontatzen dela, eta sekuentzia guztiek logika orokor indartsuago bat osatzen dutela.