Joxemari Iturralde.
IRITZIA

Idazle polemista bikaina

2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Idazlea

Guenter Grassen liburu asko Danzig/Gdansk hirian daude kokatuta. Garai batean hiri prusiarra, gero —Grass bera jaio zen garaian, 1927an— hiri librea, segidan hiri alemana naziek okupatu zutelako, eta egun hiri poloniarra. Sinboloa, ikurra da hiri hori Grassen nobeletan, erakusten baitigu pertsonen ekintzek edozein egoera alda dezaketela, gero eta okerrago bihurtuz kaoseraino eraman arte. Eta suntsiketa eginda dagoenean, nola berpiztu errautsetatik? Gizarte bat, herri bat zeharo txikituta eta erdibituta geratu denean, zer egin behar da normaltasunerako bidean abiatzeko? Herri baten berriz batzeak, baketzea iritsi ondoren, merezi al du? Nola egin, zer ondoriorekin, bi estatu alemanen berbatze hori? Horrelako gai garrantzitsuak daude, sakonean, Grassen hainbat nobelatan. Bere lehen obretan, trilogia ahaztezin horretan (Die Blechtrommel edo Latorrizko danborra; Katua eta sagua eta Hundejahre edo Zakur urteak) ederki asko daude landuta halako gai potoloak. Halaz ere, nobelak dira, ez historia liburuak, gustura eta aparteko interesez irakurtzen dira guztiak, ez baitzaizkio astun suertatzen irakurleari, irakurgarritasun handikoak direlako. Pertsonaien karakterizazioa bikainki lortua dago, argumentu sendoez daude harilkatuta, literatur meritu edo balio itzelekoak dira, Grass beti arriskatzen delako nobelen alde artistikoa pauso bat harantzago eramaten.

Ahaztezinak, bai, nobela horietan azaldutako pertsonaiak, esate baterako, Oskar Matzerath haurra, gehiago ez haztea erabaki zuen hura, oharturik zer nolako ankerkeriak eta desastreak gertatzen ziren pertsona helduen munduan. Ahaztezinak Ilsebill, Aya..., hiru bular zituzten emakume haiek guztiak Der Butt (Erreboiloa) eleberri bikain hartan, non maskulinitatearen kritika gogorra egiten duen eta baita feminismoaren goraipatze aski bitxia, ez emakume guztien gustukoa, ziur naiz.

Bere garai eta herriarekin konprometitua, Guenter Grass beti izan zen gizon polemiko eta polemista herriarentzat demokrazia eta justizia bilatze horretan, prest beti edozein gairi buruz hitz egiteko, eta edonorekin. Eztabaida sutsuak izan zituen Ein weites Feld (Zelai zabal bat) liburua argitaratu ondoren, zalantzan jartzen baitzuen alemaniar berbatzearen prozesu guztia. Maiz sesioa eta liskarra nahita bilatzen zuen. Halakoetan, Batzarra Telgten nobelan protagonistetako batek errepikatzen duen leloa etortzen zitzaidan gogora: «Bakea eskatzen ari diren ardi horiek guztiek lortuko dute, bai, bakea, baina harakinak emandakoa».

Grassen nortasuna nolakoa izan zen jakin nahi duen irakurleari Beim Häuten der Zwiebel (Tipula zuritzen) memoria-liburua irakur dezala aholkatuko nioke, bertan ikusiko baitu nola hamazazpi urteko Grass gazteak, lilura osoz, jantzi zuen SS izugarrien uniformea Hitlerren alde soldadu izateko. Amaitzeko esango dut, goi mailako idazle izateaz gain, artista eta marrazkilari bikaina ere izan zela Grass, gainera, eta liburu zoragarriak argitaratu zituela berak ilustratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.