Iban Zaldua.
Elefanteen Zimiterioa

Iraganean bizi: Jethro Tull, hiru diskotan

2026ko maiatzaren 3a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beautiful Girls filmean (Ted Demme, 1996) badago eszena bat zeinetan, antzinako institutuko ikaskideen arteko urtebetetze festa batean, pertsonaietako batek, Paulek (Michael Rapaport komikoak bikain interpretatzen duenak), bere burua eskaintzen baitu DJ lanak egiteko, adiskideetako baten (Ginaren, hots, Rosie O’Donnell-en) berehalako arrapostua jasotzeko: «NO Jethro Tull!»; hurrengo eszena, zer esanik ez, Locomotive Breath-en hard rock konpasekin hasten da (Estatu Batuetan harrera beroenetakoa izan zuen Aqualung LPko singleetako bat). Bada, ni Paul horren antzekoa naiz, jai batean Jethro Tullena bezain antiklimatikoa den zerbait jartzeko gai den morroi gogaikarri hori. Izan ere, zaila da ulertzen nola horren britainiarra zen talde batek arrakasta izan zezakeen AEBetan: XVIII. mendeko Nekazaritza Iraultza ingeleseko agronomo ilun baten izena zeramana, umore bereziki britainiarra erabiltzen zuena (sotilegia, oro har, bataz besteko gazte amerikarraren adimenerako), eta musika tradizionalaren (folk ingelesaren) eta (orduan) modernoaren (bluesetik eratorritako rock gogor/progresiboaren) nahasketa bitxia egiten zuena. Bandaren liderrak, Ian Anderson-ek jotzen zuen instrumentu (rockerako) bitxi batek gidatuta, gainera: zeharkako txirula. Zerrenda irakurrita, niri ere harrigarria iruditzen zait neuk gustukoak izatea, baina gure salako apalategira joan, eta ebidentzia apelaezina da: 1990eko hamarkadara arte (lehenengoz banatu ziren arte) argitaratu zituzten estudioko disko GUZTIAK dauzkat, gehi bilduma eta zuzeneko dezente. Gogoan dut gure institutuko euskara irakasleari, Mikel Arregi poetari, asko gustatzen zitzaizkiola (Benefit diskoa batez ere, oker oroitzen ez badut), eta ni, oso ikasle esanekoa nintzenez, hor hasi nintzela taldearekin zaletzen. Beraz, ze erremedio: hona hemen, ezinbestean, Jethro Tullen inguruko Elefanteen Zimiterioko monografikoa. Bejondeizuela! 

a

'Living in the past'

Jethro Tullen nukleoa, Ian Andersonek, Jeffrey Hammond baxu-joleak eta John Evan teklistak osatua, 1967 aldean Britainia Handiko blues-rock zuriko talde bat gehiago zen: aretoen zirkuituan aritzeko maiz aldatzen zuten izena, eta haien agenteak, halako batean, Jethro Tull bezala izendatu zituen... publikoaren eta promotoreen arreta irabazten hasi ziren unean bertan hain justu. Izan ere, lehenengo diskoa, This Was (1968), blues-rocka da, oinarrian: solbentea eta, ados, flautaduna, baina ez bereziki originala. Hurrengo diskoan, ordea (Stand Up, 1969), hasi ziren estilo propioa definitzen, eta izena, kasualitatez eta nahi gabe bada ere, egokia bihurtu zen, aire (nolabait) historizista eransten ziolako rock progresiborantz eman zuten jirari. Eta ondoren, segidan, bi bonbazo, Benefit (1970) eta Aqualung (1971), hard rockera pegatuagoak. Eta, zaila zaidanez hiru album horietatik bat aukeratzea, konpromisozko irtenbidea: taldearen lehen «bildumara» jotzea. Ez da, ordea, «arrakasta handien» metatze soila, baizik eta batez ere LPetatik kanpo geratutako singleen eta EPen bilketa... disko bikoitz bat osatzeko eman ziena! Ados, badauka betelanik ere: 3. aldea zuzenean grabatutako jam eiteko bi kanta luzeegiek osatzen dute. Baina, gainontzean, batere gantzik ez: obrari izenburu ezin egokiagoa ematen dion titularra, Sweet Dream eta Witch’s Promise (baroque popera hurbilarazten dituzten orkestra-konponketa horiekin), Blackpool-eko hiri turistikoaren erretratu ironikoa egiten duen Up the 'Pool', eta, batez ere, Life Is a Long Song superlatiboa, zeina, gainera, euskal literaturan rockak egin zuen lehenengo agerpenetako bat markatzen baitu, izenburu bereko Iñaki Uriaren ipuina dela medio (Xaguxarra aldizkariaren 1. zenbakian, 1980). Jethro Tullen disko bakarra edukitzekotan, nik zalantzarik ez: hauxe.

(ID_17772809916065) Thick as a brick JETHRO TULL

'THICK AS A BRICK'

Tulltarren lehen urteetako joritasun musikala eztabaidaezina da, eta, halako batean, obra «total» bat egitera eraman zituen. Thick as a Brick, dena den, disko erreaktibo gisa sortu bide zen: gogaituta zeuden entzuteaz aurrekoa, Aqualung, disko kontzeptual bat zela (kanten bilduma soila zen, ordea), eta, odolkiak ordainetan, disko kontzeptualez trufa egingo zuen disko kontzeptual bat egitea otu zitzaien (kristo guztiak disko kontzeptual seriotzat hartu zuena, noski). Berez, artefaktu metaliterario modura aurkezten zen albuma: abiapuntua Gerald Bostock izeneko zortzi urteko mutiko gaindotatu baten poema luze bat zen, garai posthippie haietako gai sozial ohikoak kritikoki aletzen zituena (hezkuntza, alienazioa, erlijioa, sexua...), udal sari bat irabazitakoa, baina, deskubritzean egilea adin txikikoa zela, deskalifikatua izan zena; taldeak, protesta egiteko, poema musikatu besterik ez zuen egin, biniloaren bi aldetan banatuta aurkezten zen kanta bakar batean. Istorio guztia asmatua zen, noski, hitzen egilea Anderson bera baitzen (nik, halere, luzaroan sinetsi nuen, nire gaztaroan...). Eta metafikzio hori oinarritzeko, albumaren artea erabat landuta zegoen: azala zabaldu eta erosleak hamabi orrialdeko egunkari bat leitu ahal zuen, The St. Cleve Chronicle & Linwell Advertiser, britainiar tokiko prentsa erdi-amateurraren parodia bat, zeinetan Bostocken deskalifikazioaren berri emateaz gain, (kantaren hitzekin batera) artikuluak ageri baitziren, tirak, denbora-pasak, eta are diskoaren beraren kritika (jakina) laudoriozko bat. Taldeak denbora gehiago eman zuen egunkari montypythondar hura ontzen, estudioan baino, hain zebiltzan (musikalki) asmotsu. Emaitza, neurri batean rock progresiboaren gehiegikeria guztien epitomea izan arren, bizarroa eta konplexua bezain aldarrikagarria da, oraindik ere.

(ID_17772813446845) Jethro Tull SONGS FROM THE WOOD

'SONGS FROM THE WOOD'

Handik aurrera, ordea, errendimendu beherakorren legea funtzionatzen hasi zen: hurrengo LPa ere kontzeptuala izan zen (A Passion Play, 1973), baina aurrekoaren mojoaren arrastorik gabe. Eta ondorengoak sinfonismoaren eta rock gogorraren arteko joan-etorri errepikakor samarrak bihurtu ziren: 1976koaren izenburuak iragartzen zuen bezala (Too Old to Rock’n’Roll, Too Young to Die), punkaren iraultza ate-joka zetorren. Irtenbidea, berriz ere, iraganera «bizitzera» joatea izan zen, hots, folk britainiarraren sustraiei begiratzea, Pentangle edo Steeleye Span bezalakoen ildotik. Emaitza betiere rockeroagoa bada ere, erabat folk baino, inspirazioa berreskuratu zuten, eta album alai eta juglaresko bat atera zitzaien, a capella hasten den abesti homonimotik argi uzten duten bezala. Triste nagoenetan egoerari buelta emateko gehien erabili izan dudan diskoetako bat izan da, eta funtzionatzen duten kanten zerrenda ia LP osoarena da: Jack-In-The-Green, Ring Out, Solstice Bells distiratsu eta gabondarra, Velvet Green pseudoernazentista, The Whistler (nola ez)... Diskoa ondo saldu zen, eta hurrengo biak ildo beretik eraman zituzten (cfr. 1979ko Stormwatch, Dun Ringill baladarekin, nire kutunenetako bat). Baina, ondoren, ups, gainbehera: taldekide ia guztien ordezkatzea, soinua «eguneratzeko» ahalegin antzua (sintetizadoreak zirela medio batik bat, 80etan prog rockaren izar zahar asko egiten saiatu ziren bezala) (spoiler: ez zitzaien ondo atera, 1984ko Under Wraps bezalako «gauzek» argi uzten duten bezala), behin-behineko berpizkundeak soinua birgogortu ahala… Nik garai horretan, gazte eta berde nintzela, ikusi nituen zuzenean, Broadsword biran, eta, zer esanik ez, espektakuluak, erabat teatralak (eszenatokia drakkar lako bat zen!), txundituta utzi ninduen. Baina hura ez zen jada, ains, Jethro Tulli zegokion denbora-lerro zehatza...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA