«Haren garapena prodijio batena izan zen; hiru hilabete baino gutxiago behar izan zituen harmoniaren ezagutza bikaina eskuratzeko; eta, bi urteren buruan, ez zen kontrapuntuaren edo fugaren zailtasunik berak gainditu ezin zezakeenik. Arriagari naturak eman zizkion artista bakar batean nekez aurkitzen diren bi ahalmen: asmatzeko dohaina eta trebeziarik osoena zientziaren zailtasunen aurrean». Hala kontatzen du François Joseph Fetis irakasle eta konpositoreak, bere entziklopedia musikal monumentalean, Juan Crisostomo Arriaga nor izan zen. 1869an, kasualitatez, Emiliano Arriaga eta Riberok, Juan Crisostomoren iloba txikia zenak, hitz horiek irakurri zituen Fetisen obran eta, hala, bere osaba zaharraren bizitza eta obra berreskuratzeko grina piztu zitzaion.
Garaiko testigantzak urriak eta nahasiak dira eta, oro har, zaila da Juan Crisostomo Arriagaren biografiari lotutako datu ziurrak eskuratzea, baina bere sorkuntza artistikoan badira hainbat mugarri. Hasierako musika heziketa familian jaso zuen, aitaren eta anaiaren gidaritzapean (Fetisek dio ez zuela inondik jaso); oso txikia zela, talentu eta gaitasun izugarriak azaleratu zituen. 11 urterekin idatzi zuen bere lehen obra, paradoxa adierazteko aitak Ezer ez eta asko deitua: ezer ez, berez, txikitasun bat delako, baina asko Arriagaren adina kontuan hartuz. Bi urteren ostean opera bat idatzia zuen, Esklabo zoriontsuak, baina soilik obertura eta hainbat pasarte gorde dira.
15 urterekin Parisera bidali zuten ikastera, Fetis eta beste batzuekin, eta bertan idatzi zituen bere errepertorioko obra garrantzitsuenak, hiru laukoteak eta Orkestra handirako sinfonia, esaterako, eta baita azken garaiko obra dramatiko guztia ere: Medea, Edipo Kolonon, Herminie, Nire izeba Aurora eta Agar basamortuan. Azken hau da, akaso, guztietan biribilena eta hunkigarriena. 18 urterekin irakasle izendatu zuten, baina handik gutxira hil zen, 1826an, 20 urte beteak ez zituela, arnas gaixotasun baten ondorioz. Hobi komun batean lurperatu zuten eta bere ondasunak kutxa batean bidali zituzten Bilbora, eta bere obrarekin batera ganbara batean ahaztuta geratu ziren Emilianok hautsa kendu zien arte.
Gurera iritsi diren piezak Arriagaren tasun berezien adibide garbia dira: forma bikain menderatzen du eta obrek eredu klasikoa jarraitzen dute, baina aldi berean kutsu pertsonala eta elementu berritzaileak txertatuz. Eta badago beti goxotasun puntu bat, dramak marrazteko pintzel doi eta samurra. Ezin ahaztu daiteke Agar eta Ismaelen arteko duoa, semea amaren besoetan egarriz hilik, basamortu erdian. Ez zuen denborarik galdu Arriagak, baina bere gaitasunek nora eraman zezaketen erakusteko denbora falta izan zitzaion.