begona del teso
Eppur si muove

Jone eta Greleko kontesa, beti

2025eko irailaren 19a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Posible litzateke jakina, gomendagarria ere bai, zilegia eta zuzena, Eddington barrabaskeria zorrotz eta ezerosoaz mintzatzea. Posible litzateke Donostiako Zinemaldiaren inguruko aholkuak luzatzea. Alferrikako erreferentziak lirateke baina, zuek ederki dakizue eta zer ikusi behar den bertan, Lucrecia Martelen Nuestra Tierra, Simon Mesa Sotoren Un poeta, Fernando Embriockeren Olmo, William Wylerren Little Foxes eta Another Part of The Forest, Lucile Hadzihalilovicen La Tour de Glace eta abar eta abar infinitu bat.

Posible litzateke zuei abisatzea: Paul Urkijoren Gaua hirugarren film luzeak Gau Beltzan hasiko den Donostiako Fantasia eta Beldurrezko Astea irekiko du eta bertan Mariana Enriquezen bi kontakizun kaldar egokitzen dituen La Virgen de la Tosquera eta Luc Bessonen Dracula (zeina horren ganberro eta leial, Coppolarena imitatzen duen) estreinatuko direla.

Dena da posible, hemen ezina gainditzen dugulako beti. Posibleak dira atrebentzia guztiak gauza jakina delako bai paperak bai zeluloideak dena jasan dezaketela.

Iparraldeko irakurleei pasatu beharko genieke abisua, Lapurdiko aretoetan Zinemaldian izango diren hainbat film galdu ezinezko baituzue edo izango baitituzue segituan zuenenean. Hala nola, Ozonen L´Étranger, Panahiren Un simple accident, Linklaterren Nouvelle Vague, Assayasen Le Magicien du Kremlin… Abisatu baita ere Le Royal, Le Select edo Varietes saloien inguruetan bizi zaretenoi, baduzuela programaturik Oliver Laxeren zeluloidezko, musikazko, hareazko mirari mundu amaierakoa, Sirat.

Hori guztiaz egin genezake hitz eta hizki ez balitz…. Sara Fantovaren Jone, batzuetan-ez eta Are Austnes, Yaprak Morali eta Rasmus A. Sivertsen Norvegiako zuzendari eta animatzaileek sinaturiko Sablehortz kapitaina eta Greleko kondesa-z gura eutsiezina dugula.

Sararen, Nuria Dunjoeren, Nuria Martin Estebanen eta bere ondoan bildu den lantalde apartaren filmak pareko gutxi du gaur egungo euskal zinemagintzan. Ez dut esan nahi besteak makalagoak direnik. Ez, esan nahi dut Bilboko 2013ko Aste Nagusian kokaturik dagoen film honek ez duela beste askorekin konparatzerik. Ezberdina delako. Zeharo. Arras. Erabat. Besterik ez, ez dugu ba zertan konparazioetan erori behar.

Eguneroko eta gaueroko bizipen eta bizi alegrantziak bezain erreala da Jone, batzuetan. Festetan suertatzen diren alkoholezko eta amodiozko aje eta biharamunak oso gutxitan adierazi ditu inork gure pantailetan horren era benetakoan. Oso gutxi dira Sara eta beste guztiak bezain gaztea diren zeluloide puskak gurean. Are eskasagoak dira, nire ustez, gaztetasunak eta heldutasunerako trantzeak dakartzaten miseria eta opari denak (Sofia Coppolaren eta Jeffrey Eugenidesen Birjina suizida horiek hain ederki ezagutzen zituztenak) gordin eta gozo azaltzeko noraezekoak diren dohain, behar eta desio bezain handiak dituzten pelikulak. Ez naiz, ez, beste filmen kontra ari, Fantovarenaren alde baizik.

Jone, batzuetan filma
'Jone, batzuetan' filmeko fotograma.

Beste ziento bat gauzaz mintza gintezke Zinemaldia hasi berritan, baina, sinetsi ala ez, Zinemaldiaz ere ari gara. Izan ere, astelehenean eta asteartean, euskara eta gaztelania hain egia handiz eta libre nahasten dituen filmak Zinemira sailean izango ditu emanaldi bi, Principal eta Antiguo Berri aretoetan…

Hamaika eta bat kontu aipa genezake hemen. Esaterako, zorretan gaudela Eloy de la Iglesia zinemagilearekin, berak sortu baitzuen bizitzaren iskin zikinenetan mugitzen zen zinema mota bat. Zor hori kitatzeko asmotan bazabiltzate, ikus ezazue, arren, otoi, Gaizka Urrestiren dokumental fina. Lehengo emanaldia Donostian, datorren asteazkenean…

Baina horren guztiaren notiziya aspalditik duzue zuek. Hobe Greleko kontesa aurkezten badizuet….

Bera da Sablehortz kapitainak aurki dezakeen bere mailako kasik arerio bakarra. Itsaslabar helezin batean dagoen gotorleku bateko anderea, armada oso baten buruzagia, hegan egiten duten herensuge baten jabea, ezpatari fina, ozeano guztiak nahi ditu menderatu. Oztopo bakarra? Hain dotore eta itsasoan zehar hain abilki dabilen kapitaina. Polita da pelikula. Baita beldurrezkoa ere kasik, baina ez izan kezkarik, oi, zuek, guraso zintzook, gaur egungo neskato eta mutikoek gustuko dute beldur pixka bat pasatzea. Bai, gogoko dituzte dark-ilun filmak. Ez ahaztu zeinen gustura ikusi zuten Aita zonbia naiz

Beste dozenaka zeluloide puska izenda genezake lerrootan, baina hobe Joneren eta Greleko kontesaren alde eta ondoan geratzen bagara. Zinemaldian ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.