Badakit alde askotatik hel dakiokeela Joxe Azurmendiren ekarpenari; izan ere, gizon poliedrikoa zen Joxe: frantziskotarra, jakinlaria, filosofoa, unibertsitateko katedraduna, pentsalaria, kultura gizona, euskaltzain ohorezkoa… Nik bi eremu partekatu ditut, bereziki, Joxerekin: EHU eta Euskaltzaindia. Urtetan izan gara lankide oraintsu arte Filosofia, Antropologia eta Hezkuntza Fakultate deitzen zen ikastetxean eta, gaur, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia deritzanean. Hain zuzen ere, mundu akademikoan egindako lana aintzat hartuz eta lan hori behar bezala ikertu, ondorengoetaratu eta zabalkundea emateko, sortu zuen EHUk, Gipuzkoako Foru Diputazioaren babesarekin eta Jakin Fundazioa ere partaide dela, Pentsamendu Garaikiderako Joxe Azurmendi Katedra. 2019ko abenduan bere omenez antolatu zuten kongresuan —Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia (Jakin 237-238)— irakurritako lana hartu dut oinarri lerro hauek idazteko.
«1956ko belaunaldi» izenaz ezagutzen den taldeko kide izanik, ez da harritzekoa Arantzazuko 1968ko Kongresurako euskaltzain urgazle izatea: 1965ean izendatu zuen Euskaltzaindiak urgazle eta 2010ean ohorezko euskaltzain. Zergatik? Euskara batuaren bilbe eta irazki izan delako Joxe. Ehuna osatzeko bi motatako hariak behar diren bezala, irazkikoak edo goitik beherakoak, eta bilbekoak edo zeharkakoak, hizkuntza gutxiagotu baten estandarizazioan ere bi motatako lanak behar dira: corpusgintzari dagozkionak eta estatusaren alderdikoak. Beste hitz batzuetan esanda, hizkuntza bera lantzea eta landutako horri erabilera eremuak ematea. Inor gutxik jarriko du zalantzan bietako lanak egin zituela Azurmendi euskaltzainak.
Euskarari erabilera eremu berriak zabaltzeari dagokionez, bi hitz baino ez, batetik Jakin aldizkarian gai berriak lantzeko ahalegina nabarmentzeko; eta, bestetik, EHUko irakasle lanetan Filosofiaren eremua lantzean nahiz hamaika artikulu eta saio-liburutan eginiko ekarpena gogorarazteko. Gaur, ordea, corpusgintzako ekarpena nabarmendu nahi dut. Eta corpusgintzan ere, ez bereziki estandarizazioko azken fasetzat hartzen den horretan, etengabeko eguneratzean, terminologia lantzen, esaterako, eginikoa. Ez, 1956ko belaunaldiko kide zen aldetik, bai berak eta bai bere lagunek urte haietan, 1968 aurretik eta 1970eko hamarkadan zer esan zuten, zer idatzi zuten eta zer egin zuten azpimarratu nahi dut. Aurrera egin aurretik, baina, lerro hauek irakurriko dituztenei esan nahi diet hemen aipatuko ditudanak eta beste artikulu asko ere erraz kontsulta ditzaketela, Jakin Taldeak eskura jarri baitizkigu, digitalizaturik, Azurmendiren lan guztiak.
Hizkuntza gutxiagotu baten estandarizaziorako lehen urratsa eredua hautatzea izan ohi da. Gipuzkera bai, lapurtera ere bai (1972) izeneko artikuluan adierazi zuen zein zen bere iritzia: gipuzkerak ematen zuen batasunerako oinarri sendoena (Mitxelenak adierazi zuen bezala hor zuen euskarak indargunea), baina gainerako euskalkiak ere ezin ziren guztiz alde batera utzi. Esango nuke horretan gaudela gaur ere: hiztegian, sintaxi egituretan, ahoskeran eta morfologian ere bai, hain handi batean, 1968tik euskalkiekin aberasten, euskalkiei leku egiten sortutako eredu estandarrean. Bestalde, argi utzi zuen artikulu berean kontuan hartu behar zela irakurleen eta idazleen iritzia ere; euskara batua ez zela teknikoen arazo hutsa. Horixe da, hain zuzen ere, estandarizazioan beti aipatzen dena: ezinbestekoa dela aukeratzen den ereduak onarpen zabala izatea.
Jakin aldizkarirako beharrezko zitzaien ortografiaren batasunaz ere idatzi zuen Azurmendik (ikus Jakin 158), osorik eta arretaz irakurtzea merezi duen artikuluan. Izan ere, Jakin taldeak (jakinlariek) tratatu behar zituzten gaietarako nolako hizkuntza eredua behar zuten ukitzen du lan horretan. Besteak beste, argi geratzen da zergatik ez zien balio hasieran aholkularitzat hartu zuten Orixeren ereduak, ez terminologia ereduak, ez prosa ereduak ere. Eta une egokia da Zer dugu Orixeren alde eta Zer dugu Orixeren kontra lanak gogora ekartzeko. Egiaren orduan euskara ez da problema artikuluan (Argia 891), berriz, nabarmendu zuen gizarte osoaren erantzukizuna zela euskara eremu guztietara eramatea.
Amaitu aurretik, Euskaltzaleen batzarrea Arantzazun (Egan 4, 1963), Enekok erdaraz irakurtzen du (Argia 933, 1982) eta Kultura nazioartean. Nobela sinpleak eta euskara (Anaitasuna 313, 1976) artikuluak gomendatuko nizkizueke. Hor deskubrituko duzue Domenico Modugnoren Volare euskarara moldatu eta irratietan zabaltzea defendatzen zuen Joxe Azurmendi; edo kontsumorako irakurgai erraz, arina izango diren nobelak defendatzen zituena.
Ez dago azpimarratu beharrik euskararen gaineko gogoeta horiek guztiek eta beste hamaika artikulutan jasotakoek ez dutela gaurkotasunik eta indarrik galdu.