Ekaiztsuak, nahasiak dira garai gure hauek. Atzoko agintari guratsuek marraztutako mugak gaurko diktadore apetatsuek dronez, misilez, lehergailuz ezabatzen dituzte. Iraganean beste aldera begiratu izan zuten horien ondorengoek ez dute dagoeneko nora begiratu ere. Denbora batean biktimak izan zirenak borreroarena egiten ari dira, eta kontzentrazio esparruetan ke bihurturik bukatu zutenen ondokoek kalbario berriak asmatzen dituzte, gurutzearen ordez urka eraikiz. Uste ustelduan historiaren alde onean daudela pentsatzen duten inozoek zin egiten dute ez direla ahazten mundua odolgabetzen duten gerrekin, baina hiru baino ez dakite aipatzen. Yemengoaz, kasurako, tutik ez dakigu. Sudangoa sekula ez zaigu burura etortzen, Sahelen gertatzen ari denaz inork ez du eztabaidatzen. Myanmarren dagoen krisialdi humanitarioak inor ez bide da kezkatzen. Ruanda parte hartzen ari da, bortitz, Kongoko gatazka amaigabean, 400.000 desplazatu eragin dituen horretan, baina nori axola? Talibanek nola, zokoratuko ditugu guk ere Afganistango emakumeak. Eta beti bezala, petrolioak odolak baino altuago kotizatzen du Wall Streeten, The Cityn eta Hong Kongeko Stock Exchangen...
Garaiak aldrebesten direnean, beti izan da zinema aterpe segurua. Gerrate guztietan, atzegoardian geratzen zirenek aretoetara jotzen zuten, pantailan ikusten zuten hori, sarraskiak baziren ere, benetakoak ez zirela uste zutelako. Kanpoaldean jarduten zuten munstroekin konparatuz, serieko hiltzaileak ere atseginagoak ziren...
«Gerrate guztietan, atzegoardian geratzen zirenek aretoetara jotzen zuten, pantailan ikusten zuten hori, sarraskiak baziren ere, benetakoak ez zirela uste zutelako. Kanpoaldean jarduten zuten munstroekin konparatuz, serieko hiltzaileak ere atseginagoak ziren...»
Garai goibel hauetan, ugari dira komediak, musikalak eta espaziora bidaltzen gaituzten zientzia fikziozko balentriak. Eta Hegoaldeko telebistetan Ben Hur ikusiko dugu Aste Santu honetan. Oraingoan ere bai. Ez tristatu, okerragoa da Iparraldeko biztanleei eskaintzen zaien aukera; ordaindu beharreko kateetan, eskuin muturreko ekoiztetxe ultra katolikoek aurrera eramandako The Chosen bezalako telesailak dituzte eskura, Trentoko Kontzilioa baino atzerakoiagoak.
Alta, samaldakoa izan nahi ez duenak beti aurkituko du bere parekorik aretoetan, plataformetan. Mundu hau ulertzen saiatzeko, planeta mendean duten horien sekretuak, jokabideak, trikimailuak eta ahulguneak detektatzeko balio duten hiru film ditugu gurean ikusgai, zer pentsatu franko ematen dutenak.
Batak puntako eta pisuzko hiru intelektual, pentsalari eta sortzaile biltzen ditu; Giuliano Da Empoliren liburuan oinarritua da Le mage du Kremlin. Da Empoliren lanak ezinbestekoak dira gure denboraz eztabaidan aritzeko. Frantsesez, gaztelaniaz eta katalanez ere irakurgai ditugu hauek: L'Heure des Prédateurs, Le mage du Kremlin, L'Empire de l'ombre, Les Ingéneurs du Chaos. Munduaren berri zehatza duen Emmanuel Carrerek (Koljos-en autorea, hots) egokitu zituen zinemarako Da Empoliren nobelako hitzak —egiazki, nobela hori ez da nobela bat—, eta Carlos, Demonlover eta Personal Shoppper filmatu zituen Olivier Assayasek jarri zituen iruditan. Azaleko begirada batean, Vladimir Putinen biografia dela pentsa genezake. Baina inolaz ere ez. Sakonagoko zerbait da. Beldurgarriagoa. Arriskutsuagoa. Beraz, aretoan sartu orduko, izan itzazue belarriak tente eta burua erne.

Sergei Loznitsaren Zwei Staatsanwälte zinematokietan daukagu Hegoaldean, eta plataformetan Iparraldean. Oraingo honetan, Stalinena da denak itotzen dituen itzala. Sobietar Batasunean gaude. 1937an. Eta bai, Kafka dago gurekin, torturatzaileak zein boterearen adiktuak burokrata hutsak ere badirelako. Hezur muina izoztuko dizu pelikulak.
Hirugarrena Sorrentinoren gogoeta dotorea da. Dotorea bezain aztoragarria, La Grazia. Hemen ere, gobernuko presidente bat, Italiakoa. Fikziozkoa, asmatua. Hala ere, norberak benetako izena eta izana jarriko dizkio erraz asko. Nahieran. Botereak dakarren bakardadeaz, ikaraz, damuaz, tristuraz, eta eromenaz zein plazeraz ere mintzo da estetikoki makula bat bera ere ez duen film honetan. Orbanak beste alde batean daude, eta ikuslea zikinkeria makiavelikoaz ohartzen da pixkanaka-pixkanaka.
Hiru pelikula horiek bukatzen direnean, 60 gerrak iraun egingo dute munduan. Baina ikusi ondoren askoz hobeto jakingo dugu gatazka horien atzealdean nortzuk dabiltzan. Zertan.
Sentitzen dut hau esatea, baina ez egin ametsik, ez dute amore emango...