'MO. BEHI EUSKALDUN BATEN MEMORIAK'
Mo etxera itzuli da. 1991n argia ikusi zuen behi euskalduna Pamiela argitaletxera bueltatu da, bere sorlekura, bizialdiko memoriak eleberri grafiko bihurtuta. Pello Varela gidoigilearen eta Juan Suarez marrazkilariaren elkarlanak azalberritu du oraingo honetan Bernardo Atxagaren eleberri ezaguna. Izan ere, azken hogeita hamahiru urteetan, asko dira jatorrizko lanak izan dituen berrargitalpen, adaptazio eta itzulpenak.
Varela eta Suarezen berrirakurketa honek Atxagaren istorioaren muinari eusten dio: Mo behiaren jaiotzatik hasi eta, etxetik kanpo zenbait urte egin ostean, atzera Balantzategira joaten den arteko oroitzapenak azaltzen ditu, tartean direlarik Espainiako Gerla Zibilaren ondorena, makien mugimenduak eta Zuberoako komentu batean egindako egonaldia. Muinean, iniziazio baten narrazioa da, erakusten baitu Mo txekorraren hasierako xalotasuna nola bilakatzen den bizi-eskarmentu, baita gaztetasunak berekin dakarren jakin-mina asetzeko eta eremu ezezagunak esploratzeko beharra ere.
Ikasbidea gertakari latzetatik datorkio Mori, baina baita laguntasunaren eskutik ere, Soeur Paulinek eta La Vachek erakusten dioten gisan. Xenda zuzena jarraitu nahi ez dutenen artean elkar babesteko beharra ageriko egiten da haien bidez, trama nagusiari trabeska sortzen zaizkion azpi-istorioetan. Horren harria, esan litekeĀ jatorrizko eleberrian jadanik garrantzia bazuten ere, formatu berriak nabarmendu egiten dituela Mo-ren keinu gizatiarrak: hala nola etxekoekin duen komunikazio hurbila, barne ahots setatsua, beste behiengandik bereizten duten beldur eta grinak.
Hiru atal nagusitan bana daiteke eleberri grafikoa: sarrera-korapiloa-amaiera. Eskema klasikoari jarraitzen dio, beraz, nahiz eta analepsiak eta denbora jauziak tartekatzen diren behiaren oroitzapenak eta amesgaiztoak azaltzeko. Hala, komikiak berezko dituen baliabide espresibo eta plastikoen bidez errazten da denbora-lerroaren etenaldiak jarraitzea, eta aldi berean, irakurleari eskatzen zaio istorioa bere irudimenaz eta erreferentziez osatzea.
Hala ere, komikiaren bereizgarri nagusia kolorea da. Suarezek kolore bizi eta distiratsuak baliatu ditu istorioari dinamismoa emateko. Errealitatearen irudikapen zuhurretik aldenduta, larre arrosak, behi urdinak zein zeru moreak aurkituko ditu irakurleak, aldiro tonuz aldatzen diren paisaiak eta egunaren eta gauaren arteko talka gogorrak, ilustratzaileak azaldu gisa, emozioen eta adierazkortasunaren mesedera erabili baititu koloreak.
Mori esker, honenbestez, gazte literaturaren klasiko bat itzuli da, guztiontzako literatura dela gogoraraztera.